Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

Genero-berdintasuna gaur, etorkizun jasangarria izateko

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoak aurten ohartarazi nahi du oso garrantzitsua dela genero-estereotipoak gainditzea, izan ere, irizpide sexisten arabera aurrez zehaztutako eginkizun batzuen menpe jartzen dituzte emakumeak, eta horiek diskriminatzea ahalbidetzen dute.

Genero baten aldeko joerak eta estereotipo sexistak gure bizitzako eremu guztietan adierazten dira (harremanak, kirolak, jaiak, kultura, ekonomia, lana, aisia, politika, zientzia) eta bereziki eragiten dute emakumeen eta neskatoen gorputzetan, gorputz horiek gizarte-presio izugarria jasaten baitute gauza bihurtzen dituzten arau artifizial batzuetara egokitzeko. Estereotipo sexista horiek, dudarik gabe, batik bat emakumeei eta neskatoei egiten diete kalte, bada gizarte-eskakizun ikaragarri eta bidegabe baten menpe jartzen ditu, aurrez ezarri diren arau batzuk bete ditzaten, eta, gainera, menderatuen eginkizunak edo gizartean balio gutxiago dutenak ematen zaizkie nahitaez. Baina, horrez gain, estereotipo horiek mugatu egiten dute mutikoek eta gizonek, pertsonak direnez, lasai garatzeko duten askatasuna, gizaki izateak eskaintzen digun aberastasun osoan. Emakume-gizonentzat, neska-mutikoentzat kaltegarriak diren estereotipo horiek gainditzea, beraz, egin beharreko urratsa da berdintasunerako bidean, mundu barneratzailea lortzeko, sexismorik eta diskriminaziorik gabea.

Arartekoa ziur dago emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko orain geure gain har ditzakegun konpromisoak erabakigarriak izango direla gure etorkizuna gizartean jasangarria izan dadin. Hortaz, bat egin du Nazio Batuek datorren martxoaren 8rako helarazi duten mezuarekin, zeinak gaurko berdintasuna aldarrikatzen baitu, biharko jasangarritasuna lortzeko. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zaio Eusko Legebiltzarrak onartzear daukan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako euskal Legearen bigarren aldaketa egiten denean, Euskadirentzat gauzatuko den konpromiso sozial eta politikoa, Legebiltzarreko tramitazioa azken fasean baitago. Lege horrek oinarri batzuk jarriko ditu tresna hobeak izan ditzagun emakumeen oraingo eskaerei eta genero-berdintasunak gure euskal gizarteari oro har jartzen dizkion erronkei erantzun ahal izateko. Hori benetan ezartzen denean, aurrera egin ahal izango da, denon artean denontzako gizarte zuzen eta berdinzalea eraikitzeko.


Vitoria-Gasteiz, 2022ko martxoaren 7a


Irudiak