Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena
2025eko martxoaren 8a
Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio erakunde publikoek neurriak har ditzaten gazteen artean ideia hau zabaltzeko: berdintasuna funtsezko tresna dela ongizatea sortzeko eta ekonomian eta gizartean aurrera egiteko
Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Arartekoak gogora ekarri nahi du emakume anitzek historian barrena egin duten borroka luzea, berdintasun arloan gaur egun dauzkagun aurrerapenak lortzeko eta emakumeek gizonen aldean duintasun eta eskubide berberak izango dituzten gizartea sustatzeko. Emakume haiek sistema patriarkala eztabaidatzen zuen pentsamenduaren oinarri teorikoak sortu zituzten, eta beren borrokaren kemena eskaini zuten munduaren ikuspegi berri bidezkoagoa hedatzeko gizarte osoan. Horrela, gaur “feminismo”tzat hartzen dugun hori eraikitzen eta defendatzen ari ziren, batzuetan beren bizitzak arriskuan jarriz.
Ararteko erakundeak merezitako aitortza egin nahi die gaur pentsamendu horri eta emakumeak askatzeko borroka pairakor eta jarraitu horri, borroka feministaren garrantzia bereziki gazteen artean zabalduz, oraindik ere indarrean baitago eta beharrezkoa baita. Borroka hori gabe, ezingo da aurrera egin emakumeen eta gizonen erabateko berdintasunerantz eta estereotipo eta aurreiritzi matxistak desagerrarazteko bidean, izan ere, berorren adierazpenik izugarriena indarkeria matxista da.
Erakunde honek argitaratutako "Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean" azterlanean, aurrerapenak antzeman ditu gure gazteak emakumeentzako eta gizonentzako mundu berdinaren ideiari atxikitzeari dagokionez, baina, era berean, ikusi du jarrera matxista batzuk oraindik bizirik daudela Euskadiko gazteen artean. Horregatik, Arartekoak txiki-txikitatik berdintasunaren garrantziaz sentsibilizatzeko neurriak har daitezen aldezten du, modu berritzailean eta parte-hartzailean eraikitako pedagogia bat abiapuntu hartuta, berdintasunezko erreferente estereotipatu gabeetan oinarrituz.
Ildo horretan, Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio, gainera, feminismoaren ekarpenen balioa nabarmenduz, erakunde publikoek neurriak har ditzaten gazteen artean ideia hau zabaltzeko: berdintasuna funtsezko tresna dela ongizatea sortzeko eta ekonomian eta gizartean aurrera egiteko, halako moduan non sexuen arteko berdintasuna sustatzea gizarte osoaren onerako baita, mutil nahiz neskentzako, adin guztietako gizon eta emakumeentzako.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 7a