ENYA FORUMA 2022: Justizia klimatikoa

Arartekoak antolatuta, nazioarteko topaketa honek Europako 17 eskualdetako ordezkariak bildu ditu Euskadin

ENYA (European Network of Young Advisors) 13 eta 17 urte bitarteko haur eta nerabeek Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarean (ENOC) parte hartzeko organoa da. Parte hartzea eskubide bat da, eta Haurren Eskubideen Hitzarmeneko printzipioetako bat. Arartekoko Nerabeen Kontseiluak aktiboki parte hartzen du programa horretan eta sare horretan 2017. urteaz geroztik.

Urtero, lantzeko eta administrazio eskudunei gomendioak egiteko gai bat aukeratzen da. Aurten Justizia klimatikoa da aukeratutako gaia, eta parte hartzaile guztiek elkarrekin gomendio komunak bukatzeko egin da ENYA FORUMA deritzana. 

Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoak antolatuta, ENYA FORUMA 2022 Euskadin egin da, ekainaren 28, 29 eta 30ean. Europako 17 eskualdetako 34 nerabe elkartu dira, horietako bi Arartekoko Kontseiluaren ordezkari gisa, lantalde bakoitza jorratzen aritu den gaiez egin dituzten hausnarketak elkarri adierazteko, haurren eskubideak defendatzearen eta giza eskubideen ikuspegitik begiratuta:

•    Ekintza klimatikoa eta ingurumen arloko erabakietan parte hartzeko eskubidea
•    Iparraldea-Hegoaldea: klima-aldaketak areagotu egiten ditu desberdintasunak
•    Kontsumoa eta karbono-aztarna: hazkuntzaren  paradigma zalantzan jartzen
•    Mugikortasun jasangarria eta lurraldearen antolamendua
•    Energia-iturriak: horien erabilera eta kliman eta gure bizitzetan duten eragina


Aurten lurralde hauek esku hartu dute: Andaluzia, Albania, Flandria, Bulgaria, Katalunia, Kroazia, Euskadi, Estonia, Frantzia, Grezia, Italia, Malta, Polonia, Eslovakia, Ipar Irlanda, Gales, Eskozia eta Jersey. Ukrainak programan parte hartzen du, baina, zoritxarrez, ez du parte hartzerik izan.

Lan-saioez gain (batez ere jolasaren eta adierazpen artistikoen bitartez), lantaldeak isuriak konpentsatzeko ingurumen-jarduera bat egin du Urdaibaien, Lurgaia Fundazioaren gidaritzapean.

Orobat, “Ekintza klimatiko” bat diseinatu dute, Europa mailan koordinatua, parte hartzeko eta entzunak izateko eskubidea gauzatzeko. 

Arartekoak arreta berezia jarri nahi du nerabeen partaidetza-prozesuan, horiek giza eskubideak defendatzearen aldeko kulturaren agente biderkatzaileak baitira. ENYAn jarduten duten neska-mutilek era askotako jatorriak eta profilak dituzte; beraz, trukeak eta ikuspuntu desberdinek aberastu egiten dute eztabaida, eta indar handia ematen diete azkenean egiten diren gomendioei.

Nazioarteko topaketa hau baliatuta, Ararteko erakundeak Europako hainbat eskualdetako Haurren Defentsa-erakundeen bisita hartuko du.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 30a