Skip to main content
  • Barne-antolaketa dela eta, 2025eko maiatzaren 7an, asteazkena, Gasteizko bulegoa itxita egongo da 10:00etatik aurrera, eta Bilbo eta Donostiako bulegoak itxita egongo dira egun osoan. Barkatu eragozpenak
  • Getxoko eraikin bateko jabeen komunitateak Arartekoari kexa egin zion eta honako hau salatu zuen: lizentziarik gabe etxebizitza gisa gaitutako lokal batean hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko hasi zen espediente batek ez zuela aurrera egiten.

    Kasua aztertu ondoren, Arartekoak Getxoko Udalari gomendatu zion administrazio-prozedura horren tramitazioa bizkortu zezala.

    Gomendio horri erantzunez, Getxoko alkateak txosten bat bidali dio Arartekoari, Hirigintza, Azpiegitura, Udal Eraikin eta Obra Arloko Administrazio Orokorreko teknikariak egina. Txosten horretan adierazten denez, Arartekoaren gomendioari jarraikiz, ofizioz eta justifikaziorik gabeko atzerapenik gabe bultzatzen ari da espediente horri dagokion administrazio-prozedura, lokal horren hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko.

    Getxoko Udalaren baiezko erantzuna ikusita eta hirigintzako legezkotasuna berrezartzeko prozedura ofizioz bultzatzen ari dela baieztatuta, Arartekoak onartutzat jo du bere gomendioa eta, beraz, amaitu du kasu honetan izan duen esku-hartzea.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 11

  • Arartekoaren iritziz, pazienteak Arrasateko Aita Menni ospitaleko hartutako kalte zerebraleko unitate itundura bideratzeko asmoz Osasuneko lurralde ordezkaritzek onartu zituzten protokoloak diskriminatzaileak izan zitezkeen, adinagatik edo “adinkeriagatik”
  • Apirilaren 8a Etxebizitza funtsezko zutabea da ijito herriaren eskubideak gauzatzea eta berorrek gizartean, lanean eta ekonomian erabat parte hartzea bermatzeko
  •  2024. urtean 14.608 jarduketa egin dira guztia (aurreko urtean baino pixka bat gehiago); horietatik, 4.310 kexak eta kontsultak izan dira eta 28 ofiziozko espedienteak.

    Arreta zuzeneko bulegoetan guztira 10.150 jarduketa erregistratu dira. Horietatik, 4.134 hiru bulegoetako batean aurrez aurre kudeatutako kexak eta kontsultak izan dira, eta 6.016 zerbitzu telefoniko bidezko aholkularitza eta informazioari buruzkoak izan dira.

    2024an, bilera ugari egin ditugu gizarte-erakundeekin eta administrazioekin: Eusko Jaurlaritzako sailak eta zuzendaritzak, foru aldundiak, udalak eta beste erakunde batzuk. Gainera, Arartekoak aktiboki hartu du parte funtsean administrazioek, gizarte-erakundeek eta defentsa-erakundeek sustaturiko ekimenekin loturiko hainbat ekintza, jardunaldi eta ekitalditan; autonomia-erkidego eta estatu mailan zein nazioartean. Mota horretako 120 jarduera izan dira guztira.

    2024. urtean 2.905 kexa-espediente ebatzi dira. Espediente gehien izapidetu diren arloa gizarte-inklusioa izan da: espediente guztien %15,82 izan dira. Arlo horrek aurreko urteetako gorako joera areagotu du, aurreko urtearekin alderatuta %10 egin baitu gora. Horrez gain, Lanbidek DSBE eta BGDS bezalako prestazio ekonomikoei lotuta egiten duen kudeaketa izan da gai nagusia (403 espediente). Aipatu behar da osasunaren arloak izan duela gorakada handiena (%69,6) aurreko urtearekin konparatu ezkero, 2024an izapidetu diren espedienteetan bigarren arlo nagusia izanik (espediente guztien %13,34).

    Arreta publiko berezia behar duten kolektiboei berariaz lotuta dauden espedienteen kopuruak gora egiten jarraitzen du; izan ere, espediente horietan eta familia, haur eta nerabe eta emakumeen berdintasun eta osotasun gaiak jorratzen dituzten espedienteetan izan da erreklamazio gehien (espediente guztien %9,11).

    Administrazioei eragiten dieten izapidetutako espedienteen artean Eusko Jaurlaritza izan da erreklamazio gehien jaso dituen administrazioa (%53), nahiz eta aurreko urtearekin alderatuta erreklamazio gutxiago izan. Zehaztu behar da, alabaina, legegintzaldi berria datorrenean eta, ondorioz, Eusko Jaurlaritzako sailak berrantolatzen direnean hein batean zailagoa izaten dela interpretatzea Eusko Jaurlaritzako administrazioaren lan-arloen arabera espediente bakoitza nora bideratu behar den, kontuan izan behar baita espediente horietako asko kexari lotutako prozedura hastean beste izen batzuk zituzten sailen aurka aurkeztu zirela.

    Foru-administrazioei dagokienez, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien jarduketei lotuta egon diren espedienteen kopurua nabarmen igo da aurreko urtearekin alderatuta: %31 eta %43 igo dira, hurrenez hurren.

    Tokiko administrazioen jarduketa aztertzean ikusten dugu Bizkaiko udalek eta toki-erakundeek izan dutela orain ere espedienteen kopuru handiena, gainera aurreko urtean baino gehiago izan dituzte (%44 gehiago). Azpimarratzekoa da, era berean, Gipuzkoako toki-administrazioei lotuta izan den gorakada; Arabakoei lotutako espedienteen, aldiz, kopuruak behera egin du.

    Haur eta nerabeen eskubideak babestea etengabeko helburua da erakunde honen lanean. 2024an, haurren eta nerabeen presentzia edo tartean egotea argi eta garbi aipatu duten herritarrek jarritako kexei dagokienez, guztira 623 espediente izan ziren, hau da, Arartekoan aurkeztutako kasu guztien %14,45. Jasotako kexa guztien artean, bakarra izan zen adingabe batek aurkeztua.

    Edonola ere, garrantzitsua da Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseiluaren jarduera, izan ere, haur eta nerabeek entzunak izateko duten eskubidea gauzatzen du eta beraien hitza erakundearen jardueran sartzea ahalbidetzen du. Oraingo honetan, defentsa-erakundeen koordinaziorako jardunaldietan, txosten propioetan eta nazioarteko zenbait instantziak eskatuta egindakoetan.

    Arartekoak egiaztatu du etxebizitza eta ingurumena, oraindik ere, kezka-iturri direla herritarrentzat. Ingurumen arloan, aipagarria da Arartekoaren 1/2024 Gomendio Orokorra, otsailaren 21ekoa, non Euskadin emisio txikiko eremuak arautzeko proposamen batzuk egiten baitira.

    2024an, azkenean argitaratu da erakundea erreformatzeko proposamenen agiria, izenburu honekin: “Ararteko erakundea erreformatzeari buruzko gogoetak eta proposamenak”. Ararteko erakundea sendotzea eta finkatzea du helburu, funtsezko eginkizuna betetzen baitu demokrazia, zuzenbide estatua eta administrazio ona indartzen, eta, azken batean, giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesten eta sustatzen.

    Gainera, Arartekoak Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako Jardunaldiak antolatu zituen. Edizio honetako gai nagusia administrazio ona sustatzea izan zen, administrazioen jarduera guztiei zeharka eska dakiekeen estandar gisa, eragina baitu herritarrek administrazioekin dituzten harremanetan.

    Bi azterlan ere aurkeztu dira, emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen egoera hobetzeko asmoz gizartea sentsibilizatzeko: “Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean” eta “Euskadiko LGTBI pertsonen aurkako diskurtsoei eta gorroto-jarrerei buruzko azterlana”. Gainera, izenburu hau zuen uda-ikastaroa antolatu zen: “Hezkuntza-ekitatearen eta eskolatzearen erronkak Euskadin”.

    2024an sendotu egin dira Arartekoak giza eskubideak defendatzeko beste erakunde eta organismo batzuekin dituen nazioarteko harremanak, Ombudsmanen Nazioarteko Institutuaren konferentzian eta batzar nagusian parte hartuz eta Arartekoak Europako Kontseiluko agintariekin egindako bileren bidez.

    Arartekoaren web orriaren bidez sar daiteke urteko txostenean: www.ararteko.eus

    EUSKO LEGEBILTZARRARENTZAKO URTEKO TXOSTENA 2024

    HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOAREN TXOSTENA 2024

    Arartekoaren interbentzioa


    Vitoria-Gasteiz, 2025eko apirilaren 1a

  • Manuel Lezertua arartekoak parte hartu du, Estrasburgon, Herriaren defentsa-erakundeen eta giza eskubideen erakunde nazionalen (GEEN) goi mailako konferentzian. Topaketa hori Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeko Luxenburgoko Lehendakaritzak antolatu du.

    Bi egunetan barrena, Europako defentsa-erakundeen eta GEENen zenbait titularrek beren ikuspegia partekatu dute Zuzenbide Estatuak gaur egun aurre egin beharreko erronkez eta erakunde horiek berori defendatzeko orduan duten eginkizunaz, baita aro digitalean erabaki publikoak hartzearekin lotutako arriskuez eta aukerez ere. Ekitaldi horretan lantegi batzuk ere egin dira, hainbat ideia trukatzeko defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren arteko lankidetza-aukerei buruz eta Europako Kontseiluaren tresna erabakigarri batzuk aplikatzeari buruz, esaterako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Veneziako Printzipioak eta Adimen Artifizialari buruzko Esparru-hitzarmen berria.

    Arartekoak hizlari gisa esku hartu du honako mahai-inguru honetan: “GEENen eta herriaren defentsa-erakundeen eginkizuna Zuzenbide Estatua defendatzen”. Berarekin batera aritu dira Poloniako Justizia ministroa, Herbehereetako herriaren defendatzaile eta Europako Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuko lehendakaria, Giza Eskubideen Erakunde Nazionalen Europako Sareko zuzendaria eta Finlandiako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria. 

    Lezertuak bere mintzaldian nabarmendu du defentsa-erakundeak, erakunde independente gisa, funtsezko elementuak direla Zuzenbide Estatuaren, giza eskubideen eta demokraziaren Europako arkitekturan. Herritarren kexak kudeatuz eta administrazioekin etengabe hitz eginez, defentsa-erakundeek administrazioaren legezkotasuna hobeto errespetatzen laguntzeaz gain, indartu ere egiten dute herritarrek erakunde demokratikoetan duten konfiantza. 

    Gainera, arartekoak gogorarazi du defentsa-erakundeak Europako Kontseiluaren funtsezko aliatuak direla giza eskubideetan oinarritutako kultura sustatzeko: alde batetik, Europako Kontseilutik eratorritako estandarrak sartzeagatik beren agintea betetzean, eta bestetik, herritarren arazoetatik hain gertu egoteak informazio baliotsua lortzeko aukera ematen dietelako, giza eskubideen arloan arauak eta estrategiak garatzeko. Horrela, agerian jarri du nazioartean gero eta tentsio handiagoko egoeran gaudela, eta azpimarratu du aukera paregabea eskaintzen zaigula Europako defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren artean lankidetza-gune bat ezartzeko.

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 28a

ertzaintza.png
Ertzaintzaren Iurretako basea

Ertzaintzaren Trafiko Unitatea lehenengo aldiz irten zeneko 40. urteurrena ospatzeko ekitaldia

Ertzaintzaren Trafiko Unitatea lehenengo aldiz irten zeneko 40. urteurrena ospatzeko ekitaldian izango da Manuel Lezertua arartekoa, Inés Ibáñez de Maeztu arartekoaren ondokoarekin batera. Ekitaldi hori otsailaren 15ean burutuko da, Ertzaintzaren Iurretako basean.

Kokalekua:
Ertzaintzaren Iurretako basea