Espainiak Europako Gutun Soziala betetzea: Eskubide Sozialen Europako Batzordeak azken ondorioak argitaratu ditu

Eskubide Sozialen Europako Batzordeak  argitaratu egin ditu Espainiak Europako Gutun Sozialean ezarri diren eskubideak betetzeari buruzko aldizkako ebaluazioaren emaitzak. Aurten, Batzordearen ebaluazioak honako eskubide hauetan jarri zuen arreta:

  • Laneko segurtasunerako eta higienerako eskubidea
  • Osasuna babesteko eskubidea
  • Gizarte-segurantzarako eskubidea
  • Laguntza sozial eta medikoa jasotzeko eskubidea
  • Gizarte-zerbitzuez baliatzeko eskubidea
  • Adinekoek gizarte-babeserako duten eskubidea

Ebaluazioa 2016tik 2019ra bitarteko urteei buruzkoa da. Espainiaren kasuan, estatuak behar bezala betetzen dituen Gutunaren bost artikulu antzeman ditu Batzordeak. Horrez gain, betetzen ez dituen beste bost hauteman ditu, eta betetzen diren edo ez zehaztu gabe dauden beste lau, informazio nahikorik ez egoteagatik. Batzordeak gogorarazi du informazio falta horrekin estatuak ez dituela betetzen aldizkako txostenak berrikusteko prozedurari dagokionez dituen betebeharrak.

Ez-betetze kasuak

Batzordeak Gutunaren honako artikulu hauek ez direla bete antzeman du:

  • 3.2. artikulua: Laneko segurtasunari eta higieneari buruzko araudia benetan aplikatzeko betebeharra: Batzordearen aburuz, gaixotasun profesionalen segimendua ez da nahikoa, ezta lan-istripuen kopurua murrizteko hartutako neurriak ere, Batzordeak dituen zifren arabera areagotu baitira.
  • 12.1. artikulua: Gizarte-segurantzako erregimen bat ezartzeko edo mantentzeko betebeharra: Horri dagokionez, Batzordeak dio OAEAPn oinarritutako prestazio guztien zenbatekoa ez dela nahikoa, hala nola iraupen luzeko langabezia-prestazioarena, gizarteratzeko errenta aktiboarena, prestakuntzaz eguneratze programarena edo enplegua aktibatzeko programarena. OAEAP batez besteko diru-sarrera baliokidearen % 50 baino txikiagoa da eta, hortaz, OAEAPen % 100era iristen ez diren prestazioak ere Eurostatek ezarritako pobrezia-atalasearen azpitik geratzen dira.
  • 12.4. artikulua: Europako Gutun Sozialaren parte diren beste estatu batzuetako herritarrekiko tratu-berdintasuna gizarte-segurantzako sisteman: Batzordeak uste du kotizazio gabeko pentsioa jasotzeko aukera izateko Espainian 10 urtez bizitzeko exijentzia gehiegizkoa dela.
  • 13.1. artikulua: Errekurtso nahikorik ez duen edo horiek lortzeko moduan ez dagoen pertsona orok gizarte-laguntza egokia izan dezakeela zaintzeko betebeharra: Ez da aztertu bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren artikulu horren adostasuna, hori martxan jartzea erreferentzia-denboratik kanpo geratu baita. Autonomia-errentari dagokionez, Batzordeak, Osasun Ministerioak emandako informazioan oinarrituz, ondorioztatu du zenbatekoa ez dela nahikoa, batez besteko diru-sarrera baliokidearen (626 euro) % 50 baino nabarmen txikiagoa delako. Ez-betetze horren salbuespenak Euskadiko, Madrilgo Erkidegoko, Aragoiko edo Valentziako Erkidegoko errentak dira. Gainerakoan, errenta autonomikoei dagokienez, aurreko zikloak ez-betetzeari buruzko ondorioak berretsi ditu, honako arrazoi hauengatik: 1) Autonomia-erkidegoan gutxieneko aldi zehatz bat bizi izana exijitu dute 2) Onuradun izateko gutxieneko adina ezarri dute 3) Ordainketa ez da bermatzen premia-egoera irauten duen denbora guztirako.
  • Protokolo gehigarriaren 4. artikulua: Adinekoek gizarte-babeserako duten eskubidea: Batzordeak ez-betetzea deklaratu du kotizazio gabeko pentsioaren zenbatekoa dela eta, argi eta garbi, batez besteko diru-sarrera baliokidearen % 50etik behera geratzen delako. Horrez gain, adinekoen desinstituzionalizazioari buruz, adinkeriari aurre egiteko neurriei buruz edo osasun-baliabide urriak esleitzeko irizpideei buruz (triajea) hainbat kontu planteatu ditu.

Aitzitik, Batzordearen aburuz, honako betebehar hauek zuzen bete dira:

  • 3.3. artikulua: Enplegatzaileen eta langileen erakundeei laneko segurtasuna eta higienea hobetzera bideratutako neurriei buruz galdetzeko betebeharra.
  • 11.2. artikulua: Osasuna hobetzera eta osasunarekiko norbanakoaren erantzukizun zentzua suspertzera zuzendutako hezkuntza- eta kontsulta-zerbitzuak ezartzeko betebeharra.
  • 12.2. artikulua: Gizarte-segurantzako erregimenaren maila egokia mantentzeko betebeharra, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 102. hitzarmenari dagokionez.
  • 12.4. artikulua: Europako Gutun Sozialaren parte diren beste estatu batzuetako herritarrekiko tratu-berdintasuna: Seme-alabengatiko prestazioei dagokienez, Batzordeak ondorioztatu du tratu-berdintasun hori existitzen dela Espainian bizi diren haur guztiei dagokionez ordaintzen direlako.
  • 14. artikulua: Gizarte-zerbitzuez baliatzeko eskubidea

Informazio nahikorik ez izateari dagokionez, Batzordeak honako alderdi hauek kritikatu ditu, besteak beste:

  • Osasunari buruzko datuen banaketa falta (adibidez, bizi-itxaropena edo GIBa bezalako gaixotasunen prebalentzia) talde zehatzetan edo bereziki ahulak diren gutxiengo sozialetan.
  • Ez dago informazio nahikorik osasun mentaleko komunitate-zerbitzuen eskuragarritasunari eta hedapenari buruz, ezta kolektibo kalteberaren eta osasun mentaleko tratamenduen beharra duten biztanleen artean zerbitzu horien neurri proaktiboei eta hedapenekoei buruz ere. Batzordeak dio giza-eskubideetan oinarrituta dagoen osasun mentalaren ikuspegiak, gutxienez, honako elementu hauek izan behar dituela:
    • Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioarekin koherenteak diren legedia eta plangintza izatea.
    • Osasun mentaleko zerbitzuak gune komunitarioetan ematea, ospitale psikiatrikoetan eman beharrean. Zentzu horretan, Batzordeak estatuari eskatu dio desgaitasuna duten pertsonen desinstituzionalizazioari buruzko prozesuaren datu zehatzak emateko.
    • Osasun mentala prebenitzeko eta sustatzeko estrategiak, estigmatizazioaren eta diskriminazioaren aurkako kanpainak barne.
  • Informazio falta kutsaduraren eraginpean egotearen aurka hartutako neurriei buruz, kaltetutako herritarren osasuna babesteko eta ingurumen-arazoei buruz informatzeko neurriei buruz.
  • Informazio falta adinekoentzako sendagaien dirulaguntzari buruz, eta adinekoentzako, dementzia duten pertsonentzako edo zainketa aringarrien osasun-programei buruz. Batzordeak ondorioztatu du ez dela adinekoen osasunaren babeserako maila egokia ziurtatu.

Eskubide Sozialen Europako Batzordea aditu independenteen nazioarteko batzordea da, eta Europako Kontseiluaren mende dago. Europako Gutun Soziala berretsi duten estatuek betetzen dutela gainbegiratzeaz arduratzen da. Horretarako, estatuek, sindikatuek, patronalek eta GKEek emandako informazioan oinarritutako ebaluazioak egiten ditu. Estatuek Batzordeak adierazten dituen ez-betetzeak zuzendu behar dituzte.

Europako Gutun Sozialari eta Batzordeari buruzko informazio gehiago hemen.


Irudiak