Etxebizitza-premia larriari buruzko kexa batean egindako jarduera amaitu da, ohiko bizilekua nahitaez utzarazi ondoren
Arartekoak azpimarratu du segurtasun juridiko handiagoa eta ziurtasuna eman behar zaizkiola errentamendu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzak zuzenean esleitzeko administrazio-prozedurari
Herritar batek Arartekora jo zuen, etxebizitza izateko premia larria zeukala azaltzeko, 2025eko urtarrilean Laudion bere ohiko bizilekua nahitaez utzi behar izan ondoren. Bere bizikidetza-unitatea hiru lagunek osatzen zuten eta haietako bat adingabea zen. Adierazi zuenez, etxebizitzatik aterarazi ondoren, Laudioko Udaleko gizarte-zerbitzuetara joan zen, bere familiaren kalteberatasun-egoera balora zezaten eta ordezko bizitoki duin eta egokia proposa ziezaioten.
Testuinguru horretan, Arartekoak zenbait gestio egin zituen Udaleko Gizarte Kohesioko Arloarekin, familia zer egoeratan zegoen eta kale-egoera ekiditeko zer jarduera burutzeko asmoa zuen jakiteko. Izan ere, kexagileak ohartarazi zuen merkatu libreko etxebizitza bat eskuratu ezin zutenez gero, ibilgailu batean bizi behar zutela.
Kexagileak azaldutako etxebizitza-premia larriari erantzuteko, Laudioko Udalak Arartekoari jakinarazi zion hauxe eskatu ziola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzari: salbuespenezko prozeduraren bitartez, errentamendu-erregimeneko babes publikoko etxebizitza bat esleitu zezala.
Edonola ere, kexagileak berriro adierazi zuen premiazkoa zela etxebizitza eskuratzea, eta atzerapena egon zitekeelako kezkatuta agertu zen, izan ere, udalarekin nahiz Etxebizitza Sailarekin telefonoz zenbait gestio egin ondoren, jakinarazi zioten etxebizitza-eskaeraren tramitazioa eta azken ebazpena urtebetez ere luza zitekeela. Izatez, udalak urtarrilean bidali zuen eskaera, eta irailera arte ez da ebatzi.
Arartekoak badaki zer-nolako mugak dituen egungo etxebizitza-parke publikoak, eta guztiz salbuespenezkoa dela etxebizitza zuzenean esleitzeko prozedura. Hala ere, baldin eta, adierazten den moduan, parke horren izateko arrazoia hain zuzen ere etxebizitzarik gabeko egoera larriei erantzun azkarra ematea bada, gehiegizkoa da kasu honetan erabilitako zortzi hilabeteko epea.
Etxebizitza Sailak, azkenean, kexagileari eta bere bizikidetza-unitateari etxebizitza babestu bat esleitzea proposatu duela egiaztatu ostean, Arartekoak itxi egingo du espediente hau. Hala ere, erakunde honek berriz adierazten du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak hausnartu egin behar dituela irailaren 18ko 4/2024 Gomendio Orokorrean helarazitako gogoetak, eta beharrezko neurriak hartu behar dituela errentamendu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzak zuzenean esleitzeko administrazio-prozedurari segurtasun juridiko handiagoa eta ziurtasuna emateko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 27a