Europako Gutun Sozialaren gizarte- eta lan-eskubideak kontrolatzeko mekanismoak abiada hartu du

Gaur indarrean sartu da Espainian  Europako Gutun Sozialaren Protokolo Gehigarria (berrikusita), eta Europako Kontseiluko Gizarte Eskubideen Europako Batzordean erreklamazio kolektiboak aurkezteko sistema bat ezarriko du. Horrekin bukatutzat ematen da Espainiak 2021eko uztailaren 1etik egin izan duen protokolo horren behin-behineko erabilera. Behin-behinekotasun horrek ez du eragotzi joan den martxoan Espainiaren aurkako lehenengo erreklamazio kolektiboa aurkeztu izana. Erreklamazio hori aurkeztu zen Madrilgo La Cañada Real Galiana auzoan bizi diren pertsona askori eragiten zien elektrizitate-hornidura faltagatik.

Aurretik aipatu dugun moduan, Berrikusitako Europako Gutun Soziala lan- eta gizarte-esparruetako giza-eskubideei buruzko nazioarteko hitzarmenik osoena da. Gutun Sozialak 31 eskubide aldarrikatzen ditu, hala nola lanerako eskubidea, bidezko lan-baldintzak izatekoa, negoziazio kolektiborako eskubidea, osasunerako, gizarte-segurantzarako eta gizarte-laguntzarako eskubideak, pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako babeserako eskubidea eta etxebizitza izateko eskubidea. Artikulu zehatzak ere baditu haurrak eta desgaitasunen bat duten pertsonak babesteari buruz. Berrikusitako Europako Gutun Soziala 2021ean estatu osoan indarrean sartu zenetik, jasotzen dituen eskubideen aplikagarritasuna Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioei zabaldu da, zeinek dokumentuaren edukiak betetzeko betebeharra baitute.

Indarrean sartu den erreklamazio kolektiboen sistemak Berrikusitako Europako Gutun Sozialak bermatutako eskubideak modu eraginkorrean aplikatzeko behin betiko bultzada dakar. Sindikatuek, enpresek eta GKE-ek (nazionalak  zein nazioartekoak) aukera dute Gizarte Eskubideen Europako Batzordean Espainiaren aurkako erreklamazio kolektiboak aurkezteko eskubide horiek betetzen ez badira.

Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak aurretik hizpide izan dugun Madrilgo La Cañada Real Galiana auzoko kasuan hartu berri duen erabakiak frogatzen du erreklamazio kolektiboak eraginkorrak izan daitezkeela. Izan ere, prozedura horren ondorioz, Espainian elektrizitate-hornidura berehala berrezartzera behartu dute konpondu ezinezko kalte larriak saihesteko Madrilgo auzo horretan bizi diren pertsonen segurtasunarengan. Batzordeak argudiatu du «berehalako neurriak» hartu behar direla elektrizitatea eta berokuntza eskuratzea bermatzeko, kolektibo zaurgarrien beharrizanak bereziki aintzat hartuta, eta hori posible ez balitz, beste ostatu bat eman beharko litzaiekeela. Batzordeak aurreko horren jarraipena egingo duela ziurtatu du, eta abenduaren 15a baino lehen, Espainian neurri horiek nola ezarriko diren jakinarazteko eskatu du,   

Erabaki hori Batzordeak bost erakunde salatzaileek Espainiaren aurka jarritako lehen erreklamazio kolektiboa izapidetzea onartu izanaren esparruan dago. Erreklamazioaren arabera, Espainian ez dira bete Berrikusitako Europako Gutun Sozialak babestutako hamar eskubide, guztira. Besteak beste, honako hauek: etxebizitza izateko eskubidea, osasunerako eskubidea, haurren eta gazteen babes sozial, juridiko eta ekonomikorako eskubidea, adineko pertsonen babes sozialerako eskubidea, eta desgaitasunen bat duten pertsonen independentzia, gizarteratzea eta komunitatearen bizitzan parte hartzeko eskubidea, bai eta eskubideak diskriminaziorik gabe baliatzea bermatzen duen hornidura ere. 

Horrela, erreklamazio kolektiboen sistemak behin betiko indartzen du estatuak Berrikusitako Europako Gutun Sozialean jasotako eskubideak betetzen dituela kontrolatzeko sistema. Aurretik baztertuta zegoen Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak estatuaren legeria eta politikak Berrikusitako Europako Gutun Sozialak babestutako eskubideekin bateragarriak diren ebaluatzeko ematen dituen aldizkako txostenetara. Kontrolatzeko sistemarekin batera, gai kritikoei eta sortu berriei heltzeko ad hoc txostenen bidezko prozesu berri bat ezarri da, baita beste aldaketaren bat ere.