Europako Herriaren Defendatzaileak ahalegin handiagoak egiteko eskatu du Europako finantzazioaren bidez desgaitasuna duten pertsonen bizitza independentea behar bezala sustatzen dela bermatzeko

Europako Herriaren Defendatzaileak hamar gomendio egin dizkio Europako Batzordeari, desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, Estatu kideek Europako finantzaketa nola bideratzen eta jarraitzen duten hobetze aldera. Gomendioen bidez, Defendatzaileak desgaitasuna duten pertsonek bizitza independentea izateko eskubidea bultzatzen duen Europako finantzazioa sustatu nahi du. Europako Defendatzaileak hala eskatuta, Arartekoak ikerketa horretan parte hartu zuen, eta Euskadiko egoerari buruzko informazioa eman zuen.

Europar Batasunak eta Estatu kideek Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Hitzarmena bete behar dute. Hitzarmenaren helburuetako bat da desgaitasuna duten pertsonen bizitza independentea bultzatzea. Pertsona horiek eskubidea dute beren erkidegoan bizitzeko eta beren bizitzeko moduaren inguruan erabakiak hartzeko. Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Nazio Batuen Batzordeak adierazi duenez, horrek esan nahi du egoitza erakundeetan oinarritutako arreta eredu batetik erkidegoaren arretan oinarritutako eredu batera igarotzea, eta azken eredu horrek desgaitasuna duten pertsonei aukera emango die zaintza jasotzeko beren gizarte ingurunean. Horrekin bat eginda, Egitura Funtsak arautzen dituen Europar Batasuneko araudiak aurreikusi du aipatutako funtsak erabili behar direla zaintza egoitzetatik erkidegora igarotzea sustatzeko. Gainera, pandemian zehar bizitakoa ere norabide horretan doa.

Hori dela eta, Europako Herriaren Defendatzaileak ofiziozko ikerketa bat abiarazi zuen jakiteko ea Europako Batzordeak Estatu kideek emandako finantzazioa behar bezala erabiltzea sustatzen ari bazen eta erabilera behar bezala gainbegiratzen ari bazen, desgaitasuna duten pertsonen bizitza independentearen alde. Amaitzeko, Defendatzaileak adierazi du Europako Batzordeak hori ahalbidetzeko erabakitasun handiagoz jardun dezakeela, eta hurrengo gomendioak egin ditu:

  • Batzordeak Estatu kideei 2023an emango dizkien jarraibideek argiak eta zalantzarik gabekoak izan behar dute, zaintzaren egoitza eredua alde batera uzteko beharrari dagokionez, eta Estatuei adierazi beharko die hori nola gauzatu, neurri posibleen adibideak emanda. Jarraibide horietan, Estatuei eskatu beharko zaie beren estatu planetan zaintza egoitzetatik ateratzeko estrategiei buruzko informazioa emateko eta baita Europako funtsekin finantzatutako proiektuak diseinatzeko, hautatzeko, gauzatzeko, gainbegiratzeko eta ebaluatzeko desgaitasuna duten pertsonen erakunde ordezkariak aintzat hartzeko ere.
  • Batzordeak langileei buruzko jarraibide argiak ere eman beharko ditu, estatu programak eta estrategiak Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat datozen ikusi ahal izateko.
  • Estatu planak eta estrategiak ebaluatzen direnean, Batzordeko langileek giza eskubideen estatu erakundeekin eta sozietate zibilarekin jardun beharko dute, herriaren defendatzaileen txostenak eta azterlanak kontuan izan beharko dituzte eta NBEren Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen Batzordearen iritziei lehentasuna eman beharko diete.
  • Jarraibideek adierazleak ezarri beharko dituzte zaintza egoitzetatik kanpo uzteko prozesua zehazteko eta argi uzteko egoitzetako zaintzaren baliabide berrien finantzazioa debekatzeko edozein salbuespen murriztailea dela ulertuko da.
  • Batzordeak sustatu behar du Estatu kideek desgaitasuna duten pertsonak ordezkatzen dituzten erakundeek Europako funtsen erabilera gainbegiratzeaz arduratzen diren batzorde nazionaletan parte-hartzea ahalbidetu dezaten. Ahal dela, herriaren defendatzaileak ere barne hartu behar dituzte.
  • Ikuskapen batzordeen ebazpenak eta gomendioak eskuragarri egon daitezen argitaratu behar dira.