Europako Kontseiluaren Reykjavikeko Adierazpena, goi-bilera sinboliko baten emaitza

Itxaropen handiak eragin zituen Europako Kontseiluaren historiako estatuburuen eta gobernuburuen laugarren goi-bilera maiatzaren 16an eta 17an egin zen, Reykjaviken (Islandia). Aurreratu genuenez Europako Kontseiluak goi mailako bilera hau bultzatu zuen Errusiak Ukrainaren aurka eragin zuen eraso bortitzaren ondoren eta horren ondorioz Errusia Europako Kontseilutik atera (kanporatu) ondoren norabide berri bat adosteko. Ildo horretatik Goi-bilerak batez ere helburu sinbolikoa bete du, garrantzi handikoa izan den arren: estatu kideen arteko batasuna irudikatzea.

Goi-bileraren emaitza “Gure balioen inguruan elkartuta” izenburu izan duen Reykjavikeko Adierazpena onartu izana da. Izan ere agiriak Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren aurrean Europako Kontseiluko estatu kideen batasuna adierazten du eta Kontseiluak Giza Eskubideen Europako Hitzarmenarekin (GEEH) eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiarekin (GEEA) duen konpromiso sakon eta hautsiezina berresten du; adierazpenaren azken xedea Kontseiluaren funtsezko hiru balioak indartzea da: giza eskubideak, zuzenbide-estatua eta demokrazia. Adierazpenak bost gehigarri ditu, eta ardatz moduan lau lehentasun ezartzen ditu:

  1. Lehena, zalantzarik gabe, Ukrainako errusiar gerraren aurkako batasuna erakustea da. Horren eszenifikazioaren une gorena “Errusiar Federazioak Ukrainaren aurka egindako erasoak eragindako kalteen Erregistroa” sortzen dela iragartzea izan zen; hori Erabaki Partzial Zabaldu baten bidez (Adierazpenaren I eranskina eta CM/Res(2023)3 Ebazpena) gauzatu zen eta bileran lortutako emaitza zehatz eta ukigarri gutxietako bat izan da. Erregistroak Ukrainako gerran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei erreparazioa emateko nazioarteko mekanismo integrala sortzeko lehen urratsa izan nahi du eta, horretarako, Europako Kontseiluko[1] 46 estatu kideetatik 40k, Europar Batasunak, Kanadak, Japoniak eta Estatu Batuek sinatu dute (azken horiek kide elkartu gisa). Ukrainako gerrari dagokionez, “Ukrainako haurren egoera” gaiari buruzko eranskin bat sartzen da (II. eranskina).
  2. Bigarren lehentasuna giza eskubideei dagokie. Estatu kideek Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren sistematik eratorritako betebeharrak euren gain hartzeko ahaleginak “areagotzea” adosten dute, eta horrek eragin berezia du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakien betearazpenean. Adierazpenean “Berriro Europako Kontseiluaren giza eskubideak babesteko oinarri gisa Konbentzioaren Sistemarekiko konpromisoa hartzea” gehigarria jasotzen da (IV. eranskina), Auzitegiaren azken erabakiak osorik eta modu eraginkor eta azkarrean gauzatzearen garrantzia azpimarratzeko eta, aldi berean, Auzitegiaren funtzionamendua hobetzeko baliabide nahikoak esleitzen direla ziurtatzeko.  Gainera, botere guztiei (judiziala, legegilea eta betearazlea –nazionalak zein tokikoak–) gogorarazten zaie Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakiak onartzeko erantzukizuna dutela. Azpimarratzekoa da estatuek Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioari zein giza eskubideen erakunde nazionalei esleitzen dietela betetze hori ikuskatzeko eginkizuna.
  3. Hirugarren zutabea Zuzenbide-Estatuan oinarritzen da, eta, horretarako, profila igotzea eta Veneziako Batzordea[2] indartzea bermatzen da, Zuzenbide-Estatuari buruzko Zerrendari ikusgarritasun eta garrantzi handiagoa emanez eta haren gomendioen aplikazioa hobetuz.
  4. Azkenik, atzerapauso demokratiko eztabaidaezinari dagokionez, Adierazpenak  Reykjavikeko Demokraziarako Printzipio” berriak jasotzen ditu eranskin gisa (III. eranskina), Europako Kontseiluaren zutabe horri benetan balioa eta bultzada emateko, beti baliabide gutxiago eskaini baitzaizkio. Printzipio horiek demokrazia hauteskunde doiak egitetik haratago ulertzen dute, era zabalean parte-hartze politikoa eta bizitza publikoa (batez ere emakume eta neskatoena), independentzia judiziala, prentsa-askatasuna, ustelkeriaren aurkako borroka eta gizarte zibil indartsua barne hartuz.

Lau lehentasun horiez gain, beste gai batzuk ere nabarmentzen dira egungo eta etorkizuneko erronkei dagokienez, bai eta Europako Kontseiluaren funtsezko balioei dagokienez ere. Badirudi Adierazpenak eskubide sozialak jartzen dituela erakundearen ikuspegi berriaren buruan justizia soziala egonkortasun demokratikorako eta segurtasunerako funtsezkoa dela azpimarratzen duenean. Ildo horretatik estatu kideek berretsi egiten dute eskubide sozialak babesteko eta aplikatzeko duten konpromiso osoa, Europako Gutun Sozialaren sisteman oinarrituta, eta Europako Gutun Sozialari buruzko Goi Mailako Konferentzia bat antolatzeko aukera planteatzen dute.

Beste alde batetik, ingurumena protagonista gisa agertzen da “Europako Kontseilua eta ingurumena” (V. eranskina) gehigarrian ondorioztatzen den bezala. Bertan ingurumenari buruzko lana giza eskubideen ikuspegitik indartzeko konpromisoa adierazten da, betiere abiaburua ingurumen garbi, osasuntsu eta iraunkorra izateko eskubidea giza eskubide gisa onartzea dela (Giza eskubideei eta ingurumenaren babesari buruzko CM/Rec (2022) 20 gomendioa); halaber, prozesu berri bat hasteko konpromisoa agertzen da – “Reykjavikeko Prozesua” – ingurumena erakundearen ageriko lehentasuna izan dadin. Dokumentuak Giza Eskubideen Europako Auzitegiak eta Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak ingurumenaren eta giza eskubideen arloan garatzen ari diren doktrina azpimarratzen du eta giza eskubideen erakunde nazionalen zeregina nabarmentzen du, baita hiriek, eskualdeek eta ingurumena babesteko bestelako agintari azpinazionalek ingurumena babesteari dagokionez duten garrantzia ere.

Azkenik Adierazpenak tarte laburra eskaintzen die teknologia berriei, alde batetik sortzen dituzten aukerak aipatzeko eta, bestetik, horiek erabiltzeak giza eskubideetarako, demokraziarako eta Zuzenbide-Estaturako dituen arriskuak arintzeko beharra baieztatzeko. Horri dagokionez teknologia berriak sortzen eta zabaltzen dituzten emakumeen eta pertsona kalteberen aurkako indarkeria-mota berriak azpimarratu dira. Europako Kontseiluak, halaber, aro digitalean giza eskubideen babesa bermatuko duten estandarren garapenaren buru izateko hautagaitza berretsi du eta baieztatzen bere lehentasuna Adimen Artifizialari buruzko Europako Kontseiluaren Esparru Hitzarmena amaitzea dela.

 


[1] Armenia, Azerbaijan, Bosnia-Herzegovina, Hungaria, Serbia eta Turkia akordioaren aurka agertu ziren, baina ez zuten blokeatu.

[2] Europako Kontseiluaren Zuzenbidearen bidezko Demokraziarako Batzordea - Veneziako Batzordea Europako Kontseiluaren aholkularitza-erakundea da konstituzio-gaietan. Veneziako Batzordeak lege-aholkularitza eskaintzen die estatu kideei demokraziaren, giza eskubideen eta zuzenbide-estatuaren arloko Europako estandarrei eta nazioarteko esperientziei buruz. Gainera konstituzio-jarauntsi komuna zabaltzen eta finkatzen du.