Europako Kontseiluko Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Adituen Batzordeak nabarmendu du hizkuntzak babesteko Espainiako sistemak oraindik gabeziak dituela
2024ko irailaren 24an, Europako Kontseiluko Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren Adituen Batzordeak, seigarren ebaluazio-txostena argitaratu zuen. Txosten hori Espainiak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna aplikatzeari buruzkoa da (ikus egikaritze-laburpena gaztelaniaz).
Txostenean azaltzen denez, Estatu Espainolak eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntzak babesteko eta sustatzeko legezko sistema aurreratua izan arren, estatuaren eskumenekoak diren hainbat gabezia larri ditu, honako esparru hauetan: justizian, estatuko administrazioan, zerbitzu publikoen prestazioan eta mugaz bestaldeko harremanetan. Esparru horietan, gehienetan, ez dira erabat aplikatzen Gutunaren xedapenak, bereziki herritarrek beren eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak erabiltzeko duten eskubidea bermatzeari dagokionez, prozedura judizialetan, osasun-arretako zerbitzuetan eta Estatuko erakundeekiko komunikazioan, hain zuzen.
Euskarak Euskadin duen egoerari dagokionez (euskarak Nafarroan duen egoerak espazio propioa du ebaluazioan), txostenean nabarmentzen da bizitza publikoan nahiz pribatuan euskararen erabilera sustatzeko eta errazteko hobekuntzak egon direla. Hala eta guztiz ere, batzordeak berriro ere azpimarratu du sistema judizialean dagoen euskararen erabilerari buruzko problematika Horregatik, Estatu Espainolari gomendatzen dio arduratu dadila, alde batetik, auzitegiek prozedura penal, zibil eta administratiboak euskaraz egiten dituztela bermatzeaz (alderdietako batek hala eskatzen badu) eta, bestetik, praktikan hori betetzen dela bermatzeko neurriak hartzeaz. Hain zuzen ere, legediari buruzko gogoetez gain, txostenean nabarmentzen da justizia-administrazioko langileen artean euskararen ezagutzak duen problematika; izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) kontratatutako langileen % 45ek euskara ondo dakiten arren, epaileen % 7k eta fiskaltzako langileen % 2,5ek baino ez dute beharrezko maila. Gauza bera gertatzen da Estatuko funtzionarioekin Euskadin. Horregatik, batzordeak Estatu Espainolari gomendatzen dio neurriak har ditzala, euskaraz hitz egiten duten pertsonek Estatuko Administrazioaren tokiko bulegoetan euskaraz egin ahal izateko.
Gainera, batzordea euskal agintariei zuzentzen da eta zentro soziosanitarioetan euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzea gomendatzen dio (Gutunaren 10.2.a artikulua), zenbait zerbitzu publiko oraindik euskaraz zailtasunez ematen direla identifikatu baitu, bereziki polizia eta euskal osasun zerbitzua.
Arartekoak parte hartu du ebaluazio-prozesu horretan, Adituen Batzordeak gonbidatuta, 2024ko urtarrilean Iruñean egin zen bilerara joan baitzen. Bertan, Nafarroako Arartekoarekin batera, euskararen babesaren arloko azken nobedadeak eztabaidatu zituen, bi defentsa-erakundeek egiten duten lanaren harira. Ildo horretan, Europako Kontseiluaren txostena bat dator Arartekoarekin, Arartekoak Adituen Batzordeari helarazi zizkion euskararen babesgabetasun-eremuak nabarmendu baititu, hala nola justizia edo EAEko Estatuko Administrazioa. Arartekoak kezka hori helarazi ahal izan die aurten Estatuko Administrazioko eta justiziako arduradunei.