Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Komisarioak Espainiari exijitu dio eskubide sozialen desparekotasun iraunkorrei heltzeko

2023ko maiatzaren 10ean, Europako Kontseiluko Giza Eskubideen komisarioak, Dunja Mijatović andreak, 2022ko azaroan Espainiara egindako bisitaren txostena argitaratu zuen. Txostenean eskubide sozialen gaiari buruzko gomendioak jaso dira, batez ere etxebizitzarako eta osasunerako eskubideei lotutakoak, bai eta adierazteko eta biltzeko askatasunari buruzko gomendioak eta errefuxiatuen, asilo-eskatzaileen eta migratzaileen giza eskubideei buruzkoak ere.

Esan beharra dago komisarioa Madrilen eta Melillan baino ez zela izan. Arartekoaren iritziz, mesedegarria litzateke etorkizunean txosten horien azterketa-esparrua zabaltzea eta lurraldeka dibertsifikatzea, lurraldeen alborapenak saihesteko eta estatuko giza eskubideen benetako egoeraren osoko ikuspegia jasotzeko. Horretarako, beharrezkoa izango da autonomia erkidegoetako gizarteen eta arauen askotariko testuinguruei zein politika publikoei erreparatzea.

Komisarioak eskubide sozialei buruz egindako gogoetei dagokienez, honako hau ohartarazi du: “nahiz eta azken urteotan eskubide sozialen babesean aurreratzeko esfortzu handiak egin diren, pertsonek jarraitzen dute beren bizitokiaren araberako desparekotasunak izaten eskubide sozialak egikaritzeko”. Hori dela eta, eskatu du baliabideak modu gardenean eta jasangarrian esleitzeko eta estandar komun batzuk ezartzeko, estatuan eta tokian-tokian eskudunak diren agintariekin lankidetzan, eta gizarte zibilari kontsultatuz, bermatzeko pertsona zaurgarrienen beharrizan espezifikoak artatzen direla.

Txostenak azpimarratzen du premiazkoa dela berehala heltzea etxebizitza egoki bat eskuratzea zailtzen duten egiturazko arazoei, hala nola gizarte-etxebizitzen parke eskasa, alokairuaren zein etxebizitza bat erostearen kostu handia, nahitaezko etxegabetzeak eta etxerik gabeko pertsonen kopuruaren hazkundea. Horren ildotik, komisarioak dio etxebizitza egoki bat eskuratzea oinarrizko giza eskubidea dela gainerako eskubide gehienez gozatu ahal izateko. Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela etxebizitzaren legea onestea (txostena egin denean etxebizitzarako eskubidearen lege-proiektua oraindik izapidetu behar da Senatuan), proposamenak soluzioak planteatzen baititu egiturazko arazo horietarako.

Komisarioak ere azpimarratu du desparekotasunak daudela autonomia erkidegoko mailan lehen mailako osasun-arretan eta osasun-arreta espezializatuan, eta erkidego batzuetan klinika pribatuak direla nagusi. Hori horrela, adierazi du premiazkoa dela Estatu osoan kalitatezko osasun-zerbitzu publikoetarako sarbide unibertsala sendotzea. Txostenean jaso da ez dela nahikoa inbertsiorik egin lehen mailako arretan, eta adierazi da kezka dagoela osasun-arloko langileen laneko baldintzak direla eta. Kargu hartu du COVID-19aren krisiak adinekoentzako egoitza-zentroetan izan dituen heriotza-tasa altuengatik, eta gomendatu du adinekoen zaintza-sistema erreformatzeko etorkizuneko ekimenak gizarte- eta osasun-laguntzako prestazio integratu batean oinarritu behar direla, adinekoen duintasuna, autonomia eta independentzia erabat errespetatzen direla bermatzeko.

Gainera, komisarioak azpimarratu du Herritarren Segurtasuna Babesteko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoaren eta Zigor Kodearen zenbait xedapenek eragin negatibo larria izaten jarraitzen dutela adierazteko eta biltzeko askatasunaz gozatzeko orduan, bereziki eskubideak defendatzen dituztenentzako eta kazetarientzako. Era berean, adierazi du kezkatuta dagoela segurtasun-indarrek indarra neurriz kanpo erabili dutelako, istiluen aurkako armak modu desegokian erabili dituztelako eta identifikazio-zenbaki argi eta ikusgarririk ez dutelako jarritako salaketengatik batez ere manifestazioetan. Horren aurrean, komisarioak eskatu du kontu-ematea zein ordena-indarren ikuskapen orokorra indartzeko.

Azkenik, komisarioak pozik hartu ditu Ukrainako gerratik ihes egiten duten pertsonen babesa eta harrera bermatzeko eta bakarrik dauden haur migratzaileen harrera-baldintzak hobetzeko hartutako neurriak. Hala ere, adierazi du babesa eskuratzeak oso zaila izaten jarraitzen duela errefuxiatu eta asilo-eskatzaile askorentzako, itxarote-denbora luzea egoten delako asilo-prozedura eskuratzeko, atzerapenak daudelako zaurgarritasun bereziak identifikatzeko eta oztopoak dituztelako eskubide sozialak egikaritzeko, etxebizitzarako eta osasunerako eskubideak barne. Gainera, azpimarratu du Nador (Maroko) eta Melilla arteko mugan ez dagoela benetako asiloa eskuratzerik. Komisarioak agintariei eskatu die berma dezatela babesa behar duten pertsonek aukera dutela lurraldera bide legaletatik eta seguruetatik iristeko, eta azpimarratu du migrazioaren inguruko kooperazioak ez duela zertan berekin ekarri, zuzenean zein zeharka, pertsonen giza eskubideak urratzea.


Lotutako dokumentazioa

Espainiari txostena_EK Giza eskubideen komisarioa 2022.pdf