Skip to main content
  • Arartekoak Gasteizko Udalari bidali dion ebazpen batean, eskatu dio ken dezala Udaltzaingoan salaketak jartzeko nahitaez aurretik hitzordua eskatzeko baldintza, eta herritarrei aurrez aurre salaketak jartzen utz diezaiela, beharrezkoak ez diren trabak jarri gabe. Izan ere, herritar batek zailtasunak eta atzerapenak aurkitu zituen delitu bat salatzen ahalegindu zenean, baldintza hori zegoelako.

    Kasua aztertu ondoren, Arartekoak egiaztatu du aurretiko hitzordua ezartzeak babesgabetasuna sor dezakeela eta oinarrizko eskubideak urra ditzakeela, hala nola babes judizial eragingarria izatekoa eta biktimak babestekoa. Gainera, kezka adierazi du egoera bereziki larrietan neurri horrek berehala kasu egitea galaraz dezakeelako, adibidez, genero-indarkeriazko kasuetan edo premiaz jardutea beharrezko egiten duten delituetan.

    Bere ebazpenean, Arartekoak gomendatu du aurretiko hitzordua borondatezko aukera gisa soilik mantendu dadila eta udalak argi adieraz dezala, bai aurrez aurre, bai bide elektronikoz, nola funtzionatzen duen eta zer kasutan izan daitekeen baliagarria. Neurri horren bitartez, Arartekoak bere konpromisoa indartzen du administrazio eskuragarriarekin eta herritarrek beren eskubideak justifikatu gabeko administrazio-trabarik gabe baliatu ahal izango dituztela bermatzearekin.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 11

     

  • 2025eko martxoaren 8a Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio erakunde publikoek neurriak har ditzaten gazteen artean ideia hau zabaltzeko: berdintasuna funtsezko tresna dela ongizatea sortzeko eta ekonomian eta gizartean aurrera egiteko
  • Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak bere erabakia ezagutarazi du Madrilgo Cañada Real Galianan bizi direnen egoerari buruz. Bere erabakian, Batzordeak adierazi du Espainiako agintariek egoera hori onartzearen ondorioz, denbora luzez, pertsonek energia aldizka eskuratu ahal izan dutela, edo inolaz ere ez dutela eskuratu; eta, horrela, pertsona horiei pobrezia energetikoa eragin dietela eta Europako Gutun Sozialaren hainbat xedapen urratu dituztela.

    Gertaera berritzailea da Batzordeak giza eskubideen eta energia eskuratzearen arteko lotuta arretaz aztertu izana. Erabakian ezartzen denez, «energia egokia modu egonkorrean, etengabe eta seguru eskuratzea» aurretiko baldintza eta funtsezko elementua da zenbait eskubide baliatzeko, besteak beste, etxebizitzarako eskubidea (31.1 eta 16. artikuluak), osasunerakoa (11.1 eta 11.3 artikuluak), hezkuntzarakoa (17.2 artikulua) eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontra babesteko eskubidea (30., 23. eta 15.3 artikuluak), Europako Gutun Sozialaren arabera. Gutunaren ondorioetarako «egokia» izan dadin, energiak eskuragarria, garbia eta jasangarria izan behar du. Prozesuaren ikuspegitik, aipatzekoa da, halaber, Espainiako Defensor del Pueblo erakundeak parte hartu duela Batzordean izapidetu den prozeduran, gatazkako hirugarren alderdi gisa bere oharrak eginez. 

    2022an Espainiako nahiz Europako bost gizarte-erakundek egindako eskaera kolektiboan du jatorria erabaki horrek. Eskaeran alegatu zen Europako Gutun Sozialaren hainbat xedapen urratzen zituela argindar horniduraren mozketek Cañada Realeko gutxienez 4.500 biztanleren bizitzan (horien artean, 1.800 inguru haur) sortutako egoerak. 

    Nolanahi ere, honako hau ez da Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak gai horretaz iritzia ematen duen lehen aldia, izan ere, eskaera harexek lortu zuen, 2022ko urrian, Batzordeak ”berehalako neurriak” adieraztea eta  Espainiari argindar hornidura berehala berrezar zezan eskatzea, Madrilgo auzo horretan bizi direnen osotasunari kalte larri eta konponezina ez eragiteko (ikusi gai horretaz Arartekoak argitaratutako oharra). 

  • 2025eko otsailaren 7an, UNESCOk "Bizikleta denontzat" txostena argitaratu du. Bertan, garraiobide horren garrantzia azpimarratu du, bizimodu osasungarria eta jasangarria sustatzeko. Agiri horretan nabarmentzen da bizikletak eragin onuragarria duela hiri-mugikortasunean, emisio kutsatzaileak murriztean eta osasun publikoa hobetzean, eta funtsezko tresnatzat jotzen du klima-aldaketaren kontra borrokatzeko eta garapen jasangarrirako helburuak lortzeko.

    Txostenean nabarmentzen da gobernuek eta erakundeek mugikortasun aktiboko politikak bultzatu behar dituztela, txirrindularientzat azpiegitura seguruak garatu behar dituztela eta garraiobide horretarako sarbide ekitatiboa bermatu behar dutela. Gainera, UNESCOk balioetsi egin du bizikletak hezkuntzan, genero-ekitatean eta gizarteratzean duen zeregina.

  • Arartekoak bat egiten du ENOCen adierazpen horrekin, zeinak beharrezkotzat jotzen baitu berme eraginkorrak ezartzea adingabe horien eskubideak benetan babesteko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

    Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareak (ENOC) bere baitan hartzen ditu Europako 34 herrialdetako haur eta nerabeen eskubideak babesteko 44 erakunde. Sare horrek behin eta berriz eta etengabe adierazi du kezkatuta dagoela haur eta nerabe migratzaileen egoeragatik, eta hainbat gomendio egin ditu haien gainean eta haien eskubideak hobeto babesteko premiaz, nazioarteko eta eskualdeetako araudiaren arabera.

    2015. urteaz geroztik, milioika haur eta nerabe iritsi dira Europara segurtasun eta babes bila. 2020tik, Europar Batasuneko (EB) herrialdeetan, adingabeen 800.000 asilo-eskaera berri baino gehiago erregistratu dira, eta horietatik 113.000 baino gehiago bakarrik edo beren familiengandik bananduta dauden adingabeenak dira. 

    Orain, EBko estatu kideak 2024ko apirilaren 10ean onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna aplikatzeko prestatzen ari direneanENOCek uste du berme eraginkorrak ezarri behar direla haur eta nerabe horien eskubideak benetan babestuko direla ziurtatzeko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

    Baldin eta Itunean erantzukizunak banatzeko eta elkartasunerako aurreikusi diren tresnak egiaz eraginkorrak ez badira, itun horrek ez du konponduko lehen sarrerako estatuen gaineko "presioa". Mugetan giza eskubideak urratzeko eta asiloa eskatzeko eskubidea are gehiago higatzeko arriskua arindu nahi bada, giza eskubideak bermatzeko tresna nahikoak ezarri behar dira, besteak beste, ikuskatzeko mekanismo eraginkor eta independenteak, zaurgarritasunaren kontuzko ebaluazioak eta bideratze bizkorrak egokituta dauden zerbitzuetara (adibidez, haurrak babesteko zerbitzuak eta osasun-laguntza), informazio kritikoa eta laguntza juridikoa ematea, nazioetan ustezko tratu txarrak azkar eta eraginkortasunez ikertzeko sistemak. 

    EBk eta bere estatu kideek inbertsio ekonomiko eta operatiboak lehenetsi behar dituzte, asilo eta harrerarako sistema nazionalak baliabideez behar bezala hornitzeko. Jendeari, kosta ahala kosta, Europara heltzeko asmoa kentzen ahalegindu beharrean, estatuek oinarrizko eskubideak eta pertsonen duintasuna defendatzen jarri beharko lukete arreta.

    Arartekoak, ENOC sareko kide denez, bat egiten du horien eskubideak babesteko propio egin den erakunde-adierazpen horrekin. 

    ENOCen ERAKUNDE-ADIERAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 12a

  • Arartekoak harreman estua izaten jarraitzen du Europako beste defentsa-erakunde batzuekin. Oraingo honetan, mintegi batean parte hartu du, herritarrentzako arreta hobetzeko gogoetak eta jarduera egokiak elkarrekin partekatzeko asmoz. 

    2025eko urtarrilaren 29an, Herbehereetako Defentsa-erakundeak mintegi hori antolatu zuen, Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuaren (IOI, ingelesez) Ombuds Academy (Ombuds erakundeen akademia) deritzan ekimenaren barruan. Mintegian Europako 18 Ombuds erakundeetako 22 ordezkarik hartu zuten parte, eta topaketa hori baliagarria izan zen erakundeek herritarrentzako arreta hobetzeko estrategiak ezagutzeko. 

    IOIk ere (defentsa-erakunde horiek barne hartzen ditu) ekimen horren arrakasta jaso du. 

  • Manuel Lezertua arartekoak -Andaluziako, Nafarroako, Kanarietako eta Kataluniako herriaren defendatzaileekin batera- justizia errestauratiboaren, elkarrizketaren, adiskidetzearen, akordioaren eta erreparazioaren kulturari buruzko akordioa sinatzen parte hartu du. Ekitaldia Kataluniako Síndica de Greugesek antolatu du, Bartzelonan. Akordio hori lorpen garrantzitsua da bitartekotzaren eta justizia errestauratiboa sustatzearen arloetan, eta Arartekoak arlo horiek bultzatu ditu Euskadin, bere ildo estrategikoen barnean.

    Arartekoak gatazkak konpontzeko funtsezko tresna gisa barneratu ditu justizia errestauratiboa eta bitartekotza, hala kexetan esku hartzean nola herritarrei arreta ematean ere. Jardunbide errestauratiboen bitartez (esaterako, entzute aktiboa eta barkamen-eskaerak), zerbitzu publikoaren kalitatea hobetu nahi du, eta elkarrizketako eta erreparazioko ingurunea sustatu. Jardunbide horiek sektore publikoa humanizatzen laguntzen dute, baita administrazioaren eta herritarren arteko harremana sendotzen ere. Orobat, erakunde honek bizikidetzarekin lotutako zenbait prozesu errestauratibo ahalbidetzen ditu, batez ere eremu komunitarioan.

    Akordio hau sinatzeak berretsi egiten du Arartekoak bitartekotzarekin eta kultura errestauratiboarekin duen konpromisoa, herritarren eskubideak hobeto bermatzeko eta gizarte demokratikoago baterantz aurrera egiteko. Erakunde honen iritziz, ekitaldi honetan parte hartzeak indartu egiten du herriaren defentsa-erakundeek funtsezko eragile gisa duten eginkizuna, bai gizartean gatazkak kudeatzeko prozesu alternatiboak sartzeko, bai administrazio publiko hurbilagoa bultzatzeko, herritarrek administrazio ona izateko eskubidea beteko duena.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 5a

  • Arartekoak bisitak egiten jarraitzen du udaletako gizarte-zerbitzuetara eta etxerik gabeko pertsonak artatzen dituzten gizarte-baliabide, jantoki, aterpetxe eta eguneko zentroetara, kezkatuta baitago bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonen kopurua gehitu delako, baita kalean bizi diren emakumeen kopurua ere

    Etxerik gabeko pertsonen gaueko zenbaketetan egiaztatzen ari denez, ugaritu egin dira kalean bizi diren pertsonak, gizon nahiz emakumeak. Udalek eta foru aldundiek kudeatzen dituzten gizarte-baliabideetan plazen kopurua handitu duten arren, gizarte-arazo horrek anitz alderdi ditu eta beharrezko egiten du eragile askoren lankidetza eta ikuspegi osoa. 

    Urtero, Arartekoko zenbait langilek bisitak egiten dituzte gizarte-larrialdietako udal gizarte-zerbitzuetara, jakin nahi baita zer-nolako arreta eskaintzen ari diren gure autonomia erkidegoan bizi diren etxegabeen beharrei erantzuteko aurreikusitako gaueko ostatuetan, eguneko zentroetan eta gizarte-jantokietan.

    Bisita horiei esker, errazago jakiten da udal gizarte-zerbitzuetan nolako arreta ematen den, izan ere, handitu egin da etxerik edo ostatu seguru eta egokirik ez duten pertsonen kopurua, eta egoera horiek larriagotu egiten dira neguko baldintza klimatologikoekin. 

    Gainera, bisita horiek aukera ematen digute honako hauek betetzen ote diren ikusteko: Bizitegi-bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategia 2024-2028; Arartekoaren Gomendio orokorra:Euskal administrazio publikoek jarraipena eman behar diete kalean bizi diren pertsonak artatzen orain arte egindako ahaleginei, betiere Etxegabeentzako Euskal Estrategiako (2018-2021) jarraibideak betez” eta horren bilakaera aztertzeko ondorengo ebazpena.

    Arartekoak gertutik ezagutu nahi du dauden zerbitzuen egoera, gizarte-baliabide horietara joanez eta gizarte-erakundeekin bilerak eginez, egindako kexen kopurua handitzeari erantzuteko. Kexa horietan salatzen dute ez daukatela beren oinarrizko beharrak asetzeko ostaturik eta estaldurarik.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 4a

22876
Ararteko, Europako eta Nazioarteko Gaien Bulegoa

Europako Parlamenturako hauteskundeei buruzko adierazpena, 2024ko ekainaren 6-9. Europako Herriaren Defendatzailea.

Arartekoak prestatutako Europako Herriaren Defendatzailearen adierazpenaren euskarako itzulpen informala
Deskargatu dokumentu hau:
PDF