Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi du etxeko langileak langabeziagatiko prestazioetatik kanpo uztea erabaki diskriminatzailea dela

Duela gutxi emandako epai batean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi du etxeko langileak langabeziagatiko prestaziotik kanpo uztea erabaki diskriminatzailea dela generoaren ikuspegiari dagokionez.

Etxeko langile batek Gizarte Segurantzari langabeziagatik kotizatzen uzteko eskatu zionean sortu zen auzia. Haren eskabidea atzera bota zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 251.d) artikuluak beren-beregi ukatzen dielako langabezia-babesa etxeko langileentzako sistema bereziaren mendeko pertsonei. Gizarte Segurantzaren ebazpenaren aurka demanda aurkeztu zuen epaitegiak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiari galdetzea erabaki zuen ea Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 251.d) artikulua 79/7/EEE Zuzentarauarekin bat datorren, gizarte-segurantzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren abiaburua arian-arian aplikatzeari buruzkoa.

Justizia Auzitegiak ikusi du etxeko langileak gizarte-segurantzaren araubide orokorrean sartuta daudela, eta erregimen horren barruan sistema berezi bat dutela. Araubide orokorrean, emakumeak afiliatutako besteren konturako langileen % 49 dira, eta gizonak, berriz, % 51. Etxeko langileen sistema berezian, emakumeak % 95'5 dira eta gizonak, berriz, % 4' 5. Horrek esan nahi du, berriz ere erregimen orokorrean, etxeko langileak diren emakumeak afiliatu guztien % 4,72 direla, eta etxeko langileak diren gizonak afiliatu guztien % 0,21 baino ez direla. Auzitegiak ondorioztatu duenez, langabezia-prestaziotik kanpo uzteak etxeko langileak erregimen orokorretik kanpo uzten ditu, gizonen aldean: langabezia-prestaziotik kanpo uzteak guztiontzat balio badu ere, askoz ere eragin handiagoa du emakumeengan. Hainbestez, zeharkako diskriminazioa da.

Horrezaz gainera, Auzitegiak uste du emakumeen aurkako bereizketa hori ez dagoela justifikatuta, etxeko langileen antzeko sektoreak daudelako (enpresek kontratatzen dituzten garbitzaileak, berbarako) langabezia-babesa dutenak. Horregatik, zalantzan jartzen da bazterkeriarekin lortu nahi ziren helburuek (etxeko langileen legezko kontratazioa sustatzea, sektorean enplegu-maila handia mantentzea) benetan langabeziagatiko babesa baztertzea eskatzen dutenik. Gainera, bazterketak neurriz kanpokoa dirudi, beste prestazio batzuk ere kanpoan uztea baitakar, eta horiek aldez aurretik langabezia-prestazioa agortu bada bakarrik lor daitezke.