Euskadi Estrasburgoren aurrean: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako kontrol-jardueraren balantzea liburuaren aurkezpena
2024ko abenduan Euskadi Estrasburgoren aurrean: Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako kontrol-jardueraren balantzea liburua argitaratu zen, Arartekoaren eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedraren ekimen bateratu baten emaitza gisa.
2023an eman zitzaion ekimenari lehen bultzada, jardunaldi-akademiko baten bitartez. Mintegi hori Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak onartutako Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 75. urtemuga ospatzeko egin zen eta Arartekoak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak antolatu zuten. Jardunaldiaren helburu nagusia Euskadiko giza eskubideen kulturari buruzko hausnarketa bultzatzea zen eta, horretarako, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren irudian arreta jartzea erabaki zen, gure lurraldean erreferentzia berezia duten giza eskubideen mekanismo gisa.
Hala, jardunaldiak “Giza Eskubideak Euskadin. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako kontrol-jardueraren balantzea” izena du eta nazioartean eta esparru akademikoan ospe handiko pertsonek parte hartu zuten, hala nola María Elosegui Giza Eskubideen Europako Auzitegiko magistratuak; Fabián Salviolik —egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak sustatzeko Nazio Batuetako errelatore berezia—; Joana Abrisketa, Xabier Arzoz eta Alejandro Saiz katedradunek, bai eta Ana María Salinas katedradunak ere, zeinak bere ponentzia ahoz aurkeztu ezin izan zuen arren, idatziz egin baitzuen.
Euskadi Estrasburgoren aurrean liburuak aipatutako jardunaldi-akademikoaren edukia jasotzen du eta kapituluetan egituratzen da. Hala, kapitulu bakoitzak hizlari baten ekarpena jasotzen du. Liburua Arartekoaren aurkezpen batekin hasten da; beraz, Arartekoak, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren eta giza eskubideen defentsarako erakundeen arteko lankidetza-potentziala azpimarratzen du, Arartekoa horietako erakunde bat baita. Hurrengo kapituluetan jasotzen da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Euskadiri buruz egindako adierazpen esanguratsuenen balantzea eta azterketa. Jorratutako gaien artean, adierazpen-askatasuna, torturaren debekua, elkartzeko eskubidea, bidezko prozesua eta legezkotasun-printzipioa nabarmentzen dira.