Eusko Jaurlaritzak COVID-19arekin zerikusia duten estatistika-datuak eta txostenak emango ditu, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen (IPSEB) ebazpenen arabera

Arartekoak gomendatutakoari jarraiki, Osasun Sailak IPSEBren eskaerak eta ebazpenak kontuan hartzea onartu du, eta lantalde bat osatzea, informazio publikoa eskuratzeko eskubideari erantzuteko eta, horrela, gardentasun printzipioa betetzeko

Arartekoak izapidetzeko onartu zuen herritar baten kexa. Nahigabetuta zegoen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez zuelako ezer egiten IPSEBren ebazpenak betetzeko.

Zehazki, 2021eko azaroan, kexagileak SARS-COV-2aren kontrako txertaketa-kanpainari buruzko hainbat estatistika eta datu eskatu zituen, eta geroago, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren txostenak, izan ere, haietan oinarritu zen covid ziurtagiria ezartzea, aisialdiko lokalak irekitzeko neurri eraginkor gisa. 

Herritarrari ez zitzaion gogobetetzeko modukoa iruditu administrazioaren erantzuna, eta IPSEBri bere egoeraren gaineko erreklamazioa egitea erabaki zuen. Batzorde horrek zenbait ebazpen eman zituen bere alde.

Ebazpen horiek betetzen ez zirela ikusita, kexagileak Arartekora jotzea erabaki zuen. Erakunde honek, egintzak eta administrazioak emandako informazioak aztertu ondoren, gomendio bat egin zuen, non eragindako administrazioari eskatu zion aintzat hartu eta bete zitzala IPSEBren errekerimenduak eta ebazpenak, herritarrek erakunde publikoen funtzionamenduarekiko konfiantza sustatzeko. Gainera, Arartekoak gomendatu zuen gardentasun-printzipioa betetzen espezializatutako administrazio-unitateak sortu eta eratu ditzala, administrazioa jakiteko eskubidearekin inplikatzeko eta etengabe hobetzeko tresna gisa.

Bidalitako gomendioa onartu duela jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Arartekoari.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 13a