Eusko Jaurlaritzak, etxebizitzak esleitzeko prozeduretan, erroldatzeko baldintza kenduko du mugikortasuna modu iraunkorrean murriztuta duten pertsonentzat

Horixe jakinarazi dio Arartekoari, honek Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari adierazi ondoren Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza egokituak esleitzeko prozeduretan kolektibo horren parte-hartzea bermatu behar dela, horiek sustapena egiten den udalerrian erroldatuta egon ala ez egon.

Herritar baten kexa izapidetzeko onartu eta gero hasi zen jarduten Arartekoa. Herritarrak eskaera bat egin zuen Getxon gizarte-babeseko etxebizitzak errentamendu-araubidean esleitzeko prozedura batean parte hartzeko, baina Bizkaiko Etxebizitzako lurralde-ordezkariak eskaera ez onartzea erabaki zuen eta kexagilea ez zegoen ados erabaki harekin.

Kexagilearen bizikidetza-unitatea hiru kidek osatzen dute. Haietako batek, bere semeak hain zuzen, gurpil-aulkia erabili behar du, gaixotasun degeneratiboa dauka eta mendekotasun larria eta %86ko desgaitasuna dauzka onartuta. Egoera horretan, beraiek bizi diren merkatu libreko etxebizitza ez da egokia.

Bere semearen beharretara egokitutako etxebizitza bat behar zuenez gero, Getxon 91 etxebizitza esleitzeko hasi zen prozeduran parte hartzeko eskaera egin zuen, izan ere, han 4 etxebizitza egokitu gorde zituzten mugikortasuna modu iraunkorrean murrizten duen desgaitasuna dutenei esleitzeko.

Egoera hori kontuan hartuta, Arartekoak sail horri gomendatu zion berriz hausnar zezala Bizkaiko Etxebizitzako lurralde ordezkariaren erabakia. Sail horrek osorik onartu ditu gomendioan egindako gogoetak, baina, bere esanean, erabaki hori berraztertzeak ere egoera bidegabeak sortuko lituzke, sustapen horretako etxebizitza egokituen esleipendun batzuek eta itxarote-zerrendan dauden beste zenbaitek erroldatzeko baldintza betetzen dutelako.

Kexagilearen kasu zehatza berraztertu ez bada ere, Arartekoak ontzat jo du sail horrek hartu duen erabakia, alegia, aurrerantzean, erroldatzeko baldintza kentzea mugikortasuna modu iraunkorrean murriztuta duten pertsonentzat eta genero-indarkeriaren biktimentzat, babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozeduretan.

Gainera, gure ustez, norbait erroldatuta dagoela egiaztatzeko baldintza hori kendu egin beharko litzateke arestian aipatutako kolektiboetakoak ez diren gainerako parte-hartzaileentzat ere.


Gasteiz, 2022ko maiatzaren 5a


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2022R-453-21 Ebazpena, 2022ko apirilaren 6koa