Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Euskadin angularen arrantza arautzeari buruz Arartekoak egindako gomendioa
Kexa bat jaso eta aztertu ostean, Arartekoak ebazpen bat bidali zion Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, non gomendatu baitzion susta zezala Euskadin angularen arrantzari buruzko araudia berrikustea, aingira europarraren populazioa berreskuratzeko Europar Batasuneko zuzenbidetik eratortzen diren neurrietara egokitzeko.
Erantzun gisa, Arartekoak Arrantza eta Itsasertzaren Garapeneko sailburuordearen lehen txostena jaso zuen, non sail horrek gomendio horretaz zuen iritzia helarazi zuen. Bertan, onartu zen garrantzitsua dela etorkizuneko garapen-arauak txosten tekniko eta zientifiko eguneratuetan oinarritzea eta partaidetza publikorako tresnak jartzea, herritarrek eta interesa duten elkarteek horietan ordezkariak izan ditzaten.
Oraintsu, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak erabaki du 2025-2026 aldirako angula arrantzatzeko kanpaina etetea. Neurri hori Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluaren (ICES gaztelaniaz) eta AZTIrem txosten zientifikoetan oinarritzen da (txosten horiek aingira europarra oso egoera larrian dagoela egiaztatzen dute),baita erakunde honen gomendioan ere. Gainera, erabakiak lan-foro bat sortzea aurreikusten du, erakundeen, zientziaren eta arrantza-sektorearen partaidetzarekin, angularen arrantza kudeatzeko plan berri bat egiteko, 2010ean onartutakoa ordeztuko duena.
Arartekoak on deritzo erabaki horri, izan ere, bat dator Europako irizpide tekniko eta zientifikoekin. Erakunde honek nabarmendu duenez, angula kudeatzeko neurriek irizpen zientifiko independenteetan oinarritu behar dute eta Aingira Europarra Kudeatzeko indarreko Planaren helburuekin bat etorri behar dute. Horrez gain, arrantza-politika definitzeko interesa duten erakunde eta elkarteen partaidetza ziurtatu behar dute.
Nolanahi ere, defentsa-erakunde honek gogorarazi du azken urteotan jolas-jarduera soilik izan den lurralde batean arrantza profesionala sortu nahi bada, justifikazio tekniko eta ekonomiko nahikoa behar dela, iritzi zientifikoek bermatutakoa, espezie hori berreskuratzeko aukera egokiena dela babesten duena.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 11a