Manuel Lezertuak, Arartekoak, Ingurumen eta Hirigintzako Fiskalen Sarearen XV. Jardunaldietan parte hartu du, Ávilan, “Administrazio publikoek emisio kutsatzaile gutxiko eremuak arautzeko duten betebeharra” gaiari buruzko hitzaldi batekin.
Arartekoak egindako esku-hartzean, Arartekoaren Euskadiko emisio gutxiko eremuak arautzeko gomendio orokorra aipatu zuen. Gomendio hori 2024ko otsailean aurkeztu zen, erakunde honek gai horri buruz egindako lehen ekarpen nagusi gisa. Gomendio horretan, hiri-mugikortasun jasangarriko planak onartzeko eta emisio gutxiko eremuak arautzeko zenbait oinarri jaso zituen Arartekoak. Printzipio horien artean honako hauek nabarmentzen dira: proportzionaltasuna, hartu beharreko neurrien motibazioa, diskriminaziorik eza, bidezko trantsizioa, ingurumenaren atzerakadarik eza eta larrialdi klimatikoa.
Neurri horien ezarpena, hala nola emisio gutxiko eremuak, atzerapen orokorra jasaten ari da zailtasun tekniko, juridiko eta sozialen ondorioz.
Oztopo horiei gehitu behar zaie zenbait kolektibok jarri dituzten eragozpenak, beren ustez, hirietan ibilgailu motordunen trafiko-murrizketek zailtasunak sor ditzaketelako beren eskubideak eta askatasunak baliatzeko orduan.
Era berean, beste kolektibo herritar eta ekologista batzuek egiten duten aldarrikapen gero eta handiagoa ere aipatu behar da, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko betebeharrak bete daitezen eta hiri garbiagoak, seguruagoak eta iraunkorragoak sustatzeko legean aurreikusitako neurriak berehala ezar daitezen eskatzen baitute.
Zenbait faktorek arriskuan jar ditzakete legezko epeak betetzeko, ibilgailu kutsatzaileen erabilera murrizteko eta garraiobide iraunkorragoetara aldatzeko helburuak lortzea, hala nola zenbait udalerritan administrazioek jarduerarik ez egitea (oraindik ez dira hasi EGEa diseinatzen), emisio gutxiko eremuak mugatzeko anbizio faltaren arriskua egotea (hiriguneetan dauden berdeguneetara edo oinezkoentzako guneetara mugatuta gera baitaitezke), bai eta lehendik dauden eremuetan atzera egiteko arriskua egotea ere.
"Arartekoak, —esan du Lezertuak— ausardiaz jokatzeko eskatu die administrazio publikoei, eta gogorarazi die jarduerarik ez egiteak herritarren osasuna eta ingurumena arriskuan jartzeaz gain, legezko erantzukizunak ere ekar ditzakeela".
Arartekoak azpimarratu duenez, "ekintza klimatikoa edo kutsadurarik gabeko bizileku bat izateko eskubidea ez da soilik helburu bat, baizik eta oinarrizko eskubide bat, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aitortu duen moduan. Horrenbestez, EBEak eskubide hori bermatzeko funtsezko tresnetako bat dira, eta eskubide hori lortzea administrazio publikoen borondatearen eta konpromisoaren eta herritarren onarpenaren araberakoa izango da".
ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA
Vitoria-Gasteizen, 2025eko urtarrilaren 28a