FRAk 2025eko Oinarrizko Eskubideei buruzko txostena argitaratu du
Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) “2025eko Oinarrizko Eskubideei Buruzko Txostena” argitaratu du. Bertan, 2024an Europar Batasunean oinarrizko eskubideak zertan diren eta 2025erako aurreikuspenak zehatz-mehatz aztertzen dira.
Hain zuzen ere, hainbat frontetan eskubideen erosioa dagoela ohartarazten du txostenak, eta egoera politiko aldakorrak eskubide horiei eragiten diela. 2024an, identitate-politikek gorrotoa eta intolerantzia elikatu dituzte; digitalizazioak eta adimen artifizialak, aukerak eskaintzen badituzte ere, oinarrizko eskubideen aurkako mehatxu berriak eragin dituzte batez ere; eta EBko kanpo-mugetako eskubideen etengabeko urraketek, gizarte zibileko erakundeen aurkako erasoekin batera, printzipio demokratiko eta giza eskubide oinarrizkoenak hondatu dituzte. 2025era begira, defentsarako eta segurtasunerako ikuspegi politikoak eta prozedurak sinplifikatzeko eta desarautzeko ahaleginek eskubideak babesteko kostua izan lezaketela aurreikusten da.
Gainera, FRAk garrantzi berezikotzat jotzen diren gaiei buruz bere analisia ematen du. Lehenik eta behin, 2024. urteko hauteskunde-zikloari dagokionez, txostenak integritate demokratikorako arrisku esanguratsuak nabarmentzen ditu, sare sozialetan eta hauteskunde-prozesuetan adimen artifizialaren erabileraren bidez egindako manipulazioa eta desinformazioa barne, bai eta giro politiko polarizatu batean izandako indarkeria- eta larderia-ekintzak ere. Era berean, Europako Parlamentuaren osaerak ez duela gizarte-aniztasuna behar bezala islatzen azaltzen du, emakumeen, gazteen, desgaitasunen bat duten pertsonen eta gutxiengoen ordezkaritza txikia baitu.
FRA indarkeria matxistaren auzian ere gelditu da. Txostenak azpimarratzen du indarkeria matxistak orokortua izaten jarraitzen duela EBn, eta ohartarazten du kasu asko ez direla iristen agintariek jakitera. Estatu batzuek adostasunean oinarritutako sexu-delituen definizioak hartu dituzten arren, FRAk adierazi du ekintza gehiago behar direla, batez ere ziber indarkeriaren eta sare sozialetako misoginiaren aurrean.
Azkenik, txostenak EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren aplikazio-egoerari heltzen dio. FRAren aburuz, Gutunak, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena bezalako beste tresna batzuen aurrean, ikuspen txikia du, eta horren aplikazioaz arduratzen diren pertsona guztien gaitasunak indartzeko deia egin du, giza eskubideen erakunde nazionalak eta berdintasun-erakundeak barne.