Gipuzkoako Foru Aldundiak Arartekoaren gomendioa onartu du. Beraz, seme-alaba adingabeei onartu egingo dizkie hezkuntza arloan matrikulatzeko eta azterketak egiteko onurak, familia ugariei buruzko legeriaren ondoriozkoak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren (GFA) Gizarte Politika departamentuko foru diputatuak idazki batean adierazi digunez, gomendio hori onartzeak irizpide aldaketa dakar berekin. Horren ondorioz, zenbait neurri hartu dira irizpide berria (matrikulatzeko eta azterketak egiteko onurak onartzea) espediente hori sortarazi zuen familiari ez ezik, gomendioan aztertu den legezko xedapenak eragindako gainontzeko familiei ere ezar diezaieten.

Honatx neurri horietako batzuk: Arartekoaren gomendio hori eragin zuen kexagilearen eskaera izapidetzea, eman beharreko ziurtagirien formatuak eta edukiak eguneratzea eta aurreko irizpideetan oinarrituta ukatu ziren eskaerak berraztertzea. Orobat, adierazi digu GFAk Eusko Jaurlaritzari jakinarazpen bat bidali eta gomendioaren berri eman diola, gai horrekin zerikusia duten autonomia erkidegoko erakundeen (hau da, hiru foru aldundien) jarduerak bateratzeko asmoz.

Gomendio hori herritar baten erreklamazioa zela eta egin genuen. Kexagilea hiru seme-alabaren ama zen, familia ugarientzako onura jasotzen zuen eta Arartekora jo zuen, ez baitzegoen konforme GFAk familia ugariaren titulua iraungitzeaz eta bere familiarentzako onurak irauteaz eman zion erantzunarekin.

Zehazki, hauxe azaldu zigun: hiru seme-alabako familia ugari baten titularra zela eta bere seme zaharrenak, 2015eko apirilean, titulu horren onuradun izaten jarraitzeko adina gainditu zuela. 2015eko irailean, GFAren ziurtagiri bat jaso omen zuen, non adierazi baitzioten seme zaharrenak 26 urte bete ondoren (familia ugariko partaide izateko gehienezko adina, ikasle izanda) familia ugariaren titulua iraungi bazen ere, beste bi seme-alabei (26 urtetik beherakoak biak) onartu behar zitzaizkiela hezkuntza arloan matrikulatzeko eta azterketak egiteko onurak. Baina, era berean, onura horiek 2015-2016 ikasturterako bakarrik zirela jakinarazi omen zioten. Kexagilea ez zegoen horrekin ados.

Arartekoaren iritziz, ez da zuzena onura horiek ikasturte baterako bakarrik direla uste izatea, eta GFAk arauaren interpretazio murrizgarria egin du, legeak ez baitu ezartzen inolako mugarik zentzu horretan, ez esplizituki, ez inplizituki.

Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari gomendatu zion ikasturte jakin batzuei buruzko mugarik ezarri gabe onar diezazkiela kexagilearen bi seme-alaba adingabeei hezkuntza arloan matrikulatzeko eta azterketak egiteko onurak, familia ugariei buruko legeriaren ondoriozkoak, harik eta adingabe horiek legeriaren ezarpen-eremutik kanpo geratzeko legezko adina betetzen duten arte.

Arartekoak benetan eskertu dio GFAri bere lankidetza, konpromisoa eta ahalegina beharrezko neurriak hartzeko orduan, familia ugarien legeriatik eratortzen diren matrikulatzeko eta azterketak egiteko onurak erabat onar diezazkieten familia ugarien maila galdu zuten familietako seme-alaba adingabe guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 23a