"GIZA ESKUBIDEAK ARO DIGITALEAN"

Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuak antolatutako lantegia

Manuel Lezertua arartekoa Tallinen (Estonia) da egunotan, "Giza eskubideak aro digitalean" izenburuko lantegian parte hartzen. Lantegi hori Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuak (IOI) antolatu du.
Topaketa horren bidez, IOIko kideei ikuspegi orokor bat eman nahi zaie gizarte digitalak berekin dakartzan erronkez; era berean, ombudsmanek arlo horretan duten eginkizuna eztabaidatzeko plataforma izan nahi du.

Horrez gain, egungo gizarte digitalari buruzko ezaguera zabaldu nahi du, eta segurtasunaren eta pribatutasunaren arteko oreka aztertu.

Horregatik, bi egunetan barrena, lantegira joan diren herriaren defendatzaileek honelako gaiak jorratuko dituzte: informazio-askatasunaren aurrean, datu pertsonalak babestea; herriaren defendatzaileak zer eginkizun duen gizarte digitalean herritarren eskubideak bermatzeko orduan; adierazpen-askatasuna aro digitalean; edo zer-nolako arazo etiko eta arauzkoak sortzen dituen nagusiki teknologian oinarritzen den medikuntza-arretak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urtarrilaren 23a