Giza Eskubideen Europako Auzitegiak atzera bota ditu COVID-19aren kutsatzea prebenitzeko hartutako neurriei buruzko bi demanda

Auzitegiak onartezintzat jo ditu Errumanian urruntze fisikoko neurrien eta Ukrainan maskara eramateko betebeharraren aurka aurkeztutako bi demanda.

Lehenengo kasuan demandatzaileak alegatu zuen urruntze soziala, maskaren erabilera, etxetik irteteko arrazoia, helmuga eta iraupena agintariei adierazteko betebeharra edo test batean positibo ziren pertsonen nahitaezko isolamendua bezalako neurriek bizitza pribatuaren eta familia-bizitzarako eta zirkulazio-askatasunaren eskubideak urratzen zituztela. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak demanda ez onartzea erabaki zuen, demandatzaileak ez zuelako adierazi bereziki nola eragin zioten kexaren xede diren neurriek. Herritar guztiei oro har ezarritako neurriak izanik, alarma-egoera baten esparruan eta ustekabeko eta salbuespenezko egoeretan, demandatzaileak zehaztu beharko zukeen neurrien ondorioz nola kaltetu ziren bereziki bere bizitza pribatua eta zirkulatzeko askatasuna. Aldiz, bere eskaeran ez zuen bere esperientziari edo eragin pertsonalari buruzko inolako alderdirik zehaztu. Auzitegiak, herri-akziorik ez dagoela gogorarazita, horren ondorioz ez du demanda onartzen. Ordea, etorkizunean demandatzaileen kasu partikularretan urraketak justifikatzen dituzten beste demanda batzuk onartu ahal izango dira eta, beraz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak oraindik ez du adierazi diren gai horiei buruzko azken hitza eman.

Bigarren kasuan poliziak 4,90 euroko isuna ezarri zion auzi-jartzaileari, supermerkatu batean maskara eramateari uko egiteagatik. Ukrainako auzitegiek berretsi egin zuten isuna, Ministro Kontseiluaren ebazpen batean oinarritzen zena. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren aurrean demandatzaileak bidezko epaiketa baterako eskubidea urratu zitzaiola alegatu zuen, bai eta egin zen unean legeak delitutzat jotzen ez zuen arau-hauste batengatik kondenatua ez izatearen eskubidea ere. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen auzitegien erabakiak ez zirela arbitrarioak izan, kontuan hartu baitzituzten demandatzaileak isunen legezkotasunari buruz emandako argudioak eta atzera bota baitzituzten. Poliziak isuna jarri izanak ere ez zuen epaiketa justua izateko eskubidea urratzen, isuna kontrol judizialaren mende zegoelako. Azkenik, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabaki zuen isuna ezin zela zigor-arloko arau-hauste batengatik ezarritako zigor moduan hartu.