Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabaki berria, Ceutan gertaturiko berehalako kanporatzeei buruzkoa

Pasa den uztailean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak beste erabaki baten berri eman zuen, eta ez zuen izapidetzeko onartu bi pertsonaren (Kamerungoa eta Gineakoa) demanda bat. Horren bidez salatu zuten berehalako kanporatze baten biktima izan zirela 2016an. Ceutako hesia gurutzatu ostean, berehala bidali zituzten bueltan Marokora, tratamendu medikorik jaso gabe, beren banakako egoeraren azterketarik egin gabe eta balizko nazioarteko babesaren beharra aztertu gabe.

Giza Eskubideen Europako Auzitegian adierazi zutenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean ezarritakoari jarraikiz, urratu egin zen tratu anker edo apalesgarririk ez jasateko beren eskubidea eta debekatuta zeuden berehalako kanporatzeak.

Auzitegiak uste du ez dagoela probarik ziurtatzen duenik demandatzaileek tratu txarrak jasan zituztela Espainiako segurtasun-indarren eskutik; eta Gurutze Gorriaren arabera, bertan zegoela, demandatzaileen zauriak aintzat hartuta, polizia marokoarraren tratuagatik edo hesiaren hortzek eragindakoak, ez zen beharrezkoa demandatzaileak Ceutan ospitaleratzea. Kanporatzearen ostean Marokon torturak edo tratu txarrak jasateko arriskuei dagokienez, Auzitegiak ez du ikusten oinarridun arrazoirik aipaturiko arrisku hori dagoela baieztatzeko. Auzitegiaren arabera, demandatzaileek Espainian sartzeko legezko prozedurak baliatu izan balituzte, ez lukete izango Marokon tratu txarrak jasateko arriskurik beren babes-eskaerak izapidetzen zituzten bitartean.

Kanporatze kolektiboen debekuari dagokionez, Auzitegiak uste du demandatzaileak beren egintza propioengatik jarri zirela arriskuan, Ceutako hesiaren salto jendetsu batean parte hartu zutelako, legezko prozeduretara jo beharrean. Banakako azterketarik egin gabe Marokora berehala kanporatzea Espainiako lurraldera sartzeko erabilitako bideari egotz dakioke.

Hortaz, Auzitegiak uste du demanda ez dagoela behar bezala arrazoituta eta ez du izapidetzeko onartu.