EHUren uda ikastaroen XLIV. edizioan, Arartekoak Datuak Babesteko Euskal Agintaritzarekin batera honako izenburuko ikastaroa antolatu du Donostiako Miramar jauregian: “Adimen artifizial etikoa lortzeko bidean: giza-eskubideetarako eta datuak babesteko erronkak”.
Ikastaroaren hasiera-ekitaldian, hauxe adierazi du Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak: “herriaren defentsa-erakundeok, ombudsmanok, eginkizun berri bat hartu behar dugu geure gain trantsizio digital honetan: aktiboki bermatu behar dugu interes orokorraren zerbitzura dagoen teknologia. Kontua ez da ikuspegi juridiko klasikoa erabiltzea soilik, baizik eta ikuspegi etikoa, diziplinartekoa eta prebentiboa ematea, beste erakunde batzuen araugintza eta lan teknikoa osatzeko”.
Ikastaro honekin topagune bat sortu nahi da adimen artifizialak gizarteko eta erakundeetako arlo garrantzitsuetan duen eraginaz eta erabilerez eztabaidatzeko, hala nola hezkuntzan, herritarren segurtasunean, osasunean eta administrazio publikoan.
Horrela, Ibáñez de Maeztuk adierazi duenez, ikastaro hau aukera paregabea da esperientziak partekatzeko, ikuspuntuak kontrastatzeko eta proposamenak sortzeko. “Baliagarria izatea nahi dugu -azpimarratu du- ez bakarrik arriskuak aztertzeko, baizik eta baita ere berrikuntza publiko arduratsuko, herritarren prestakuntzako eta parte-hartze informatuko aukerak irudikatzeko. Azken batean, eskubideak bermatuko dituen adimen artifiziala bultzatu nahi dugu, zerbitzu publikoak hobetuko dituena eta inor atzean utziko ez duena”.
Helburu nagusietako bat da ikastarora etorri direnak sentsibilizatzea, bai adimen artifizialak berekin dakartzan erronka etiko eta sozialen inguruan, bai algoritmoek berdintasunean, ekitatean eta pribatutasunean sor ditzaketen joeren inguruan. Gainera, ekitaldi honek esperientziak eta jarduera egokiak trukatzeko plataforma bat izan nahi du, honelako gaiak jorratuz: adingabeak hezkuntza-inguru digitaletan babestea; adimen artifizialak segurtasun publikoan izan ditzakeen ondorioak, batez ere oinarrizko eskubideak errespetatzean.
Funtsezko beste helburu bat hainbat sektoreren arteko lankidetza sustatzea da, elkarrizketa erraztuz teknologiako adituen, kudeaketa eta politika publikoen arduradunen, eskubideak kontrolatzeko erakundeen eta abarren artean, adimen artifiziala garatzean eta aplikatzean ikuspegi arduratsuak eta etikoak ezartzeko. Gure asmoa da topaketa honi esker berrikuntza-aukerak zehaztea eta, aldi berean, zenbait estrategia eraikitzea, arriskuak gutxitzeko eta, horrela, herritarren ongizatea, segurtasuna eta pribatutasuna babesteko.
INFORMAZIO GEHIAGO
Donostia/San Sebastián, 2025eko uztailaren 3a