Gizarte-Eskubideen Europako Batzordearen erabaki historikoa, giza eskubideen eta energia eskuratzearen arteko loturaz
Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak bere erabakia ezagutarazi du Madrilgo Cañada Real Galianan bizi direnen egoerari buruz. Bere erabakian, Batzordeak adierazi du Espainiako agintariek egoera hori onartzearen ondorioz, denbora luzez, pertsonek energia aldizka eskuratu ahal izan dutela, edo inolaz ere ez dutela eskuratu; eta, horrela, pertsona horiei pobrezia energetikoa eragin dietela eta Europako Gutun Sozialaren hainbat xedapen urratu dituztela.
Gertaera berritzailea da Batzordeak giza eskubideen eta energia eskuratzearen arteko lotuta arretaz aztertu izana. Erabakian ezartzen denez, «energia egokia modu egonkorrean, etengabe eta seguru eskuratzea» aurretiko baldintza eta funtsezko elementua da zenbait eskubide baliatzeko, besteak beste, etxebizitzarako eskubidea (31.1 eta 16. artikuluak), osasunerakoa (11.1 eta 11.3 artikuluak), hezkuntzarakoa (17.2 artikulua) eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontra babesteko eskubidea (30., 23. eta 15.3 artikuluak), Europako Gutun Sozialaren arabera. Gutunaren ondorioetarako «egokia» izan dadin, energiak eskuragarria, garbia eta jasangarria izan behar du. Prozesuaren ikuspegitik, aipatzekoa da, halaber, Espainiako Defensor del Pueblo erakundeak parte hartu duela Batzordean izapidetu den prozeduran, gatazkako hirugarren alderdi gisa bere oharrak eginez.
2022an Espainiako nahiz Europako bost gizarte-erakundek egindako eskaera kolektiboan du jatorria erabaki horrek. Eskaeran alegatu zen Europako Gutun Sozialaren hainbat xedapen urratzen zituela argindar horniduraren mozketek Cañada Realeko gutxienez 4.500 biztanleren bizitzan (horien artean, 1.800 inguru haur) sortutako egoerak.
Nolanahi ere, honako hau ez da Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak gai horretaz iritzia ematen duen lehen aldia, izan ere, eskaera harexek lortu zuen, 2022ko urrian, Batzordeak ”berehalako neurriak” adieraztea eta Espainiari argindar hornidura berehala berrezar zezan eskatzea, Madrilgo auzo horretan bizi direnen osotasunari kalte larri eta konponezina ez eragiteko (ikusi gai horretaz Arartekoak argitaratutako oharra).