Gizarte-larrialdietako udal-gizarte-zerbitzuetara egindako bisitak

Gora egin du bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonen kopuruak, baita kalean bizi diren emakumeen kopuruak ere. Horregatik kezkatuta dagoelako egiten ditu bisita horiek Arartekoak

Arartekoko gizarteratze arloko langileak zenbait bisita egiten ari dira gizarte-larrialdietako udal gizarte-zerbitzuetara, jakin nahi baitute zer arreta ematen den gaueko aterpetxeetan, eguneko zentroetan eta gizarte-jantokietan gure autonomia erkidegoan bizi diren etxegabeen premiei erantzuteko. 

Talde horrek azaldutako kexak ugaritu egin direnez gero, Arartekoaren esku-hartzeak areagotu egin dira azken urteotan. EAEn bizitegi-bazterketako egoeran bizi direnei buruz SIISek bere azterlanetan (azkenekoa 2022. urtekoa) egiten dituen zenbaketetan ere nabarmendu da ugaritze hori. Gainera, azterlan horietan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak (Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak), Eudelek eta zenbaketa egiten duten Euskadiko udalek. Azken azterlanean nabarmendu da gora egin duela bizitegi-bazterketako egoeran dauden pertsonen kopuruak, baita kalean bizi diren emakumeenak ere. 

Hori dela eta, Ararteko hurbiletik ezagutu nahi du gizarte-larrialdietako udal gizarte-zerbitzuen egoera eta, horrez gain, azken urteotan egin diren esku-hartzeen bilakaera aztertu nahi du. Azken batean, jarraipena eman nahi zaie COVID-19ak sortutako osasun-larrialdiko egoeragatik konfinamendua agindu zenetik arlo horretan egiten ari diren jarduerei. Egoera haren bidez, administrazio publikoek bizitegi-bazterketako egoeran zeuden pertsonen errealitatea ezagutu ahal izan zuten, eta, hala, oso ondo baloratu ahal izan zuten edozein gizarte esku-hartze eta laguntza, gizarteratze-prozesuak hasteko.

Bisita horiei esker, Arartekoak Etxegabeentzako Euskal Estrategiaren bilakaera aztertu behar du, eta Arartekoaren gomendio orokor honen bilakaera ere bai: “Euskal administrazio publikoek jarraipena eman behar diete kalean bizi diren pertsonak artatzen orain arte egindako ahaleginei, betiere Etxegabeentzako Euskal Estrategiako (2018-2021) jarraibideak betez” , eta horren ondorengo jarraipen-ebazpena, non ondorioak jasotzen baitira eta zenbait arlotan ekarpenak proposatzen baitira, etxegabeen egoerari eta beharrei erantzuteko. 


Vitoria-Gasteiz, 2024ko ekainaren 4a