GREVIO-k nabarmendu du Espainiako indarkeria matxistaren aurkako prebentzioan eta haren aurkako borrokan oraindik gabeziak daudela eta hobekuntzak egin behar direla
2024ko azaroaren 21ean, Europako Kontseiluko Emakumeen aurkako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren aurkako Aditu Taldeak (GREVIO) Espainiari buruzko ebaluazio tematikoaren lehen txostena argitaratu zuen, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntza, babesa eta justizia emateari begira.
Europako Kontseiluko Emakumeen eta etxeko indarkeriaren aurkako prebentzioari eta borrokari buruzko Hitzarmena (2011) berrestean estatuek hartutako konpromisoak errespetatzen dituztela gainbegiratzeaz arduratzen den erakunde independentea da GREVIO. Hitzarmen horri Istanbulgo Hitzarmena ere esaten zaio (Espainiak 2011n berretsi zuen hitzarmena, eta 2014an jarri zen indarrean).
Txosten horretan, GREVIOk erreferentzia gisa hartzen ditu Espainiari buruzko 2020ko erreferentziazko lehen ebaluazio-txostenean jasotako aurkikuntzak, eta ebaluazioak indarkeriaren biktima diren emakumeen prebentzioaren, babesaren eta justiziaren esparruan egin diren urrats garrantzitsuak nabarmentzen ditu, eta, aldi berean, hutsuneen iraunkortasuna eta hobetzeko beharra argitzen ditu. Hala eta guztiz ere, txostenak azpimarratzen du beharrezkoa dela egungo esparru juridiko eta politiko zabala erabat aplikatzeko ahaleginak egitea, eta azken bi hamarkadetan garatutako babes-sistemari esanahi praktikoa ematea.
Aurrerapenen atalean, GREVIOk nabarmendu du handitu egin dela emakumeen aurkako indarkeria prebenitzera eta borrokatzera bideratutako legegintza- eta estrategia-esparrua, bereziki sexu askatasunaren berme integralari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoan adostasun librea berariaz aipatu ondoren. Halaber, aurrerapenak ikusten dira erakunde arteko koordinazioa hobetzeko neurriak hartzean eta biktimentzako laguntza integraleko zentroak sortzean lurralde osoan. Era berean, txostenak azpimarratzen du polizia-kidegoek jarrera hobea dutela indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei ematen zaien arretan. Txostenak, halaber, adingabeen eta haien amen segurtasunean izandako hobekuntzak nabarmentzen ditu, indarkeria-aurrekariak dituzten kasuetako bisita-eskubideei dagokienez.
Hala ere, GREVIOk hainbat hobekuntza-arlo nabarmentzen ditu, jarraian azalduko dugunez, eta, horretarako, GREVIOk premiaz jardutea eskatzen duten eremuetan jartzen du arreta. Txostenak dei egiten die Espainiako agintariei emakumeen aurkako indarkeriaren biktimekin eta egileekin lan egiten duten profesional guztien prestakuntza hobetzeko, baita epaileena ere, Istanbulgo Hitzarmenean jasotako indarkeria mota guztiei buruz eta talde zaurgarrietako emakumeen berariazko beharrei buruz. Gainera, emakumeen aurkako indarkeria-mota guztien biktimak ofizialki aitortzeko prozesua sinplifikatzeko eta bateratzeko neurri berriak hartu behar direla azpimarratu da, lurralde osoan babes- eta laguntza-zerbitzuetarako sarbide azkarra eta eraginkorra bermatzeko. Era berean, lurraldeko zenbait lekutan babes-aginduak ukatzeko tasa handien arrazoiak aztertzeko eta indarkeria-ekintzen egileek babes-aginduak ez betetzeari aurre egiteko neurriak handitzeko eskatzen da. GREVIOk, halaber, ikerketan zehar indarkeriaren biktima diren emakumeen bigarren mailako biktimizazioan laguntzen duten faktoreak identifikatu eta jorratzearen garrantzia azpimarratzen du.
Azkenik, GREVIOk, azaleratzen ari den joera gisa, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen duten eta genero-berdintasuna sustatzeko eta emakumeenganako indarkeriari aurre egiteko politiken beharra zalantzan jartzen duten diskurtsoen gorakada aipatzen du, Espainian genero-berdintasunaren arloan egindako aurrerapenetan eragin kaltegarria izaten ari baitira.
Izan ere, Arartekoak berriki argitaratutako “Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean” azterlanean, indarkeria matxista ukatzeko diskurtsoak prebenitzeko gazteekin lan egitearen garrantzia ere ikusi ahal izan du.
GREVIOtik haratago, nabarmentzekoa da baita 2024ko azaroaren 25ean Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA), Eurostatekin eta Genero Berdintasunerako Europako Institutuarekin (EIGE, ingelesez) lankidetzan, Europar Batasuneko emakumeen aurkako indarkeriari buruzko inkestaren emaitzak argitaratu zituela. Azterlan horrek nabarmentzen du EBko emakumeen herenek indarkeria jasan dutela etxean, lanean edo jendaurrean. Bereziki, emakume gazteek adierazten dute adineko emakumeek baino laneko sexu-jazarpen eta bestelako indarkeria-mota gehiago jasan dituztela. Hala ere, emakumeen aurkako indarkeria ikusezina izaten da, lau emakumetik batek baino ez baititu salatzen gorabeherak agintarien aurrean (polizia edo gizarte-zerbitzuak, osasun-zerbitzuak edo laguntza-zerbitzuak).