Haur eta Nerabeen Kontseiluaren bilera, 2023ko ekainean

Ekainaren 2an, 3an eta 4an egingo da Arartekoko Haur eta Nerabeen Kontseiluaren aurtengo hirugarren bilera, Zarauzko Igerain aterpetxean.

Hirugarren topaketa honetan, Kontseiluko neska-mutilek aurtengo ikasturterako aukeratu zuten gaiari buruzko lana bukatuko dute, eta proposamenak egingo dituzte Ararteko erakundea hobetzeko moduaz, haurrak eta nerabeak hobeto defendatu ahal izan ditzan.

Aurreko urteetan bezala, aldi berean egin dira Kontseiluaren aurtengo hausnarketa eta ENOC Haurren Defentsa-erakundeen Sareko erakunde batzuetako beste lantalde eta partaidetza-kontseilu batzuena, ENYA ‑European Network of Young Advisors‑ proiektuaren barruan. ENYA programak 13 eta 17 urte bitarteko nerabeen parte-hartze esanguratsua bultzatzen du. Arartekoko Nerabeen Kontseilua aktiboki parte hartzen ari da programa horretan 2017. urteaz geroztik.

Ekainaren lehen astean Zarautzen adosten diren Arartekoko Kontseiluaren proposamenak eta gomendioak ENYA FORUMA 2023ra eramango dituzte bi ordezkarik; forum hori aurten Maltan egingo da, uztailean. Han, gure ordezkariak Europako eskualde batzuetako defentsa-erakundeetako partaidetza-kontseiluetako beste nerabe batzuekin elkartuko dira, lurralde bakoitzean egindako hausnarketak elkarri adierazteko.

    Location : ZARAUTZ


Ekitaldiak gorde: