Skip to main content
  • Donostiako Udalari bidalitako ebazpen batean, Arartekoak udal horri eskatu dio berrikus ditzala bere laguntza-bulegoen jardunbideko alderdi batzuk erregistro arloan, agiriak aurrez aurre erregistratzen direnean berme juridikoak eta prozeduren segurtasuna hobetzeko.

    Ebazpenean honako gai hauekin lotutako udal jardunbideak aztertu dira: sinadura tabletan, agirien digitalizazioa eta herritarren arretarako bulegoetara joaten direnen nortasuna egiaztatzea.

    Lehenik, Ararteko erakundeak bereizi egiten ditu, batetik, sinadura interesdunaren borondatea edo adostasuna adierazteko bide gisa erabiltzea, eta bestetik, sinaduraren erabilera legez nahitaezkoa den kasuak. Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera, nahikoa da identifikatzea administrazioaren aurrean jardun gehienak egiteko, eta sinadura eska daiteke soilik eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko, errekurtsoak jartzeko edo atzera egiteko eta eskubideei uko egiteko. Horregatik, ez da bidezkoa sinadura oro har ezartzea, eta hori eskatzen denean (eskuz idatzitakoa edo elektronikoa), interesdunak sinatu duen edukiaren egiaztagiri osoa eta egiaztagarria jaso duela bermatu behar da.

    Bigarrenik, defentsa-erakunde honek azpimarratu du digitalizazio-prozesua ezin dela agiriak eskaneatzera mugatu, baizik eta balio juridiko osoa duten benetako kopia elektronikoak sortu behar dituela, edukiaren osotasuna, benetakotasuna eta trazabilitatea bermatuz. Ildo horretan, egiaztatzeko sistemak jar daitezen gomendatu du, adibidez, egiaztapen-kode segurua (EKS), erregistro-egiaztagiriak eta emandako agiriak benetakoak direla egiaztatu ahal izateko.

    Orobat, Donostiako Udalari iradoki dio hausnar ditzala tabletan jasotako sinaduraren izaera eta ondorio juridikoak, sistema horrek sinadura elektronikoen legezko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko, eta pertsonaren borondatearen eta agiri oso eta aldaezinaren arteko lotura berma dezala.

    Azkenik, Arartekoak gogorarazi dio nortasun agiri nazionala edo pareko agiria erakutsiz identifikatu behar direla aurrez aurre agiriak aurkezten dituzten pertsonak, eta ez dela beharrezkoa eskaneatzea edo kopiak gordetzea, izan ere, egiaztapenerako bitarteko elektroniko elkarreragingarriak erabili behar dira, seguruagoak eta datuen babesa hobeto errespetatzen dutenak.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 5a
     

  • Urriaren 23an, Estrasburgoko Auzitegiak A.J. eta L.E. Espainiaren aurka auziei buruzko erabakia eman zuen. Erabakian Espainia zigortzen du, mendekotasun kimikoagatik bortxatuak izan zirela salatu zuten bi emakumeren kasuan ikerketa eraginkorrik ez egiteagatik. Auzitegiak ondorioztatu du ikerketan emandako akatsek urratu egin zituztela —prozeduraren alderdian— demandatzaileen aurkako tratu ankerrak eta iraingarriak debekatzea eta haiek bizitza pribaturako duten eskubidea, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. eta 8.en artikuluek babestuta. 

    Kasuaren aurrekariak 2016koak dira, orduan bi emakumek salatu baitzuten bortxaketa jasan zutela Iruñean, mendekotasun kimikoagatik. Joan ziren osasun-zentroak sexu-erasorako protokoloa aktibatu zuen, eta gertatutakoaren berri eman zion Polizia Nazionalari. Poliziak ikerketa abiatu zuen, eta susmagarriak atxilotu egin zituzten, zeinek sexu-harremanak izan zituztela aitortuta, baimena eman zietela argudiatu zuten. Ikerketan zehar, akusatuetako bat ikerketa-unitateko agente baten koinatua zela jakin zen, eta prozesuan zehar funtsezko frogak galdu edo manipulatu ziren.

    Zigor-arloko prozesuan, instrukzio-epaitegiak, demandatzaileen testigantzak sinesgarritzat jo arren, susmagarriak ez auzipetzea erabaki zuen, froga eztabaidaezinik ez zegoelako. Frogen erabileran izandako irregulartasunengatik kausa bereiziak ireki baziren ere, batek ere ez zuen aurrera egin. Urte batzuk geroago, prozesuaren kausa nagusia behin betiko artxibatu zen, ez baitzen egiaztatu substantziak ematea edo baimenik ez ematea arrazoizko zalantza orotatik haratago. Epaitegiek onartu zuten irregulartasunek eta froga digitalen desagerpenak "eragin handia" izan zutela ikerketan, baina diligentziak zehatzak izan zirela ondorioztatu zuten.

    Bere erabakian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ondorioztatzen du Espainiako agintariek ez zutela ikerketa eraginkorrik egin, bereziki funtsezkoak izan zitezkeen frogak sistematikoki galdu eta manipulatu zirelako, ikerketan independentzia nahikoa bermatu ez zelako eta akats horien aurrean erantzun nabarmen desegokia eman zelako, "akats isolatuak" edo ikerketan egindako omisio txikiak gainditzen zituztelako. Agintariek egindako jarduerek ez zuten lortu mendekotasun kimikoaren salaketetarako funtsezkoak ziren frogen galera konpentsatzea. Gainera, poliziaren jokabide txarrari buruzko ikerketak denbora luze baten ondoren hasi ziren, eta jatorrizko ikerketa gainbegiratu zuten organo judizial eta polizialen esku utzi ziren.

  • 2025eko urriaren 7an, Europako Kontseiluak Pertsona intserxualen eskubide berdintasunari buruzko Ministroen Batzordearen CM/Rec (2025)7 Gomendioa onartu zuen. Gomendioak pertsona intersexualen eskubideak berdintasunez babesteko, errespetatzeko eta gozatzeko ikuspegi integral bat proposatzen du, eta Sexu-orientaziogatiko edo genero-identitateagatiko diskriminazioari aurre egiteko neurriei buruzko CM/Rec (2010)5 Gomendioa osatu eta zabaldu nahi du. 

    Gomendioak argi eta garbi eskatzen die agintariei baimendu gabeko esku-hartze medikoak debekatzen dituzten lege eta politika publikoak har ditzatela, eta bermatu dezatela haur intersexualen edozein esku-hartze atzeratu egingo dela beren kabuz erabaki ahal izan arte. Era berean, arreta medikoa jasotzeko aukera zuzena ematea gomendatzen du, bai eta bizitzako esparru guztietan pertsona intersexualen indarkeria, diskriminazioa eta bazterketa prebenitzea ere.

    Europako Kontseiluak gomendioaren alderdi hauek nabarmendu ditu:

    • Pertsona intersexualen esperientzia, erronka eta ahultasun bakarrak ezagutzen ditu, diskriminazioa, estigmatizazio, marjinazioa, gizarte-bazterketa eta indarkeria barne, sarritan patologizazioan eta sexualitatearekin eta generoarekin lotutako estereotipoetan errotuak, ongizate fisikoari eta mentalari larriki eragiten diotenak.

    • Baieztatzen du pertsona intersexualen giza eskubideak berdintasunez babestu, errespetatu eta gozatzeko, ikuspegi integralak eta koherenteak behar direla, sektore guztietan egokiak diren legeria, politikak eta bestelako babes-neurriak barne hartzen dituztenak, modu eraginkorrean aplikatzen direnak eta aldian-aldian berrikusten direnak, datuen bilketaren eta azterketaren laguntzarekin.

    • Pertsona intersexualen eta haien erakundeen parte-hartzen esanguratsuaren garrantzia nabarmentzen du, Estatuen ahalegin iraunkorrekin eta maila guztietako erakunde eta gizarte zibileko lankidetzarekin batera. 

    • Nazioko, Europako eta nazioarteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzen ditu, pertsona intersexualen berdintasunean eta duintasunean aurrera egiteko.

    Gomendioekin batera aurkeztu ohi den azalpen-memorandumak nabarmentzen du Espainia dela tratamendu edo/eta ebakuntza mediko edo kirurgikoak murrizteko legeria espezifikoa onartu duen estatu kide bakarretakoa, ukitutako pertsona intersexualaren baimen espezifiko, oso, aske eta informaturik ez dagoenean (Transen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrari eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeari Buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 19. artikuluari erreferentzia eginez). Azpimarratu du, halaber, Espainia dagoela pertsona intersexualak esplizituki babesten dituen herrialdeen artean, sexuaren ezaugarria babestutako arrazoi gisa hartuta, diskriminazioaren aurka enpleguan, bai eta ondasunak eta zerbitzuak ematean ere.

     

  • Egoitza elektronikoko mantentze-lanetarako oharra Hobekuntza- eta mantentze-lan teknikoak direla eta, jakinarazten da azaroan, egun hauetan eta 14:00etatik aurrera, Arartekoren egoitza elektronikorako sarbidea ez egongo dela erabilgarri:

    Egunak:

    • Azaroak 4, asteartea
    • Azaroak 6, osteguna
    • Azaroak 11, asteartea
    • Azaroak 13, osteguna
    • Azaroak 18, asteartea
    • Azaroak 20, osteguna

    Egun horietan, ezingo dira izapide elektronikoak egin gure egoitza elektronikoaren bidez.

    Barkamena eskatzen dizuegu eragozpenengatik eta eskertzen dugu zuen ulermena. Zerbitzu seguruago eta eraginkorrago bat eskaintzeko lanean ari gara.

    Edozein zalantza edo arreta-behar izanez gero, gure arreta presentzialeko bulegoetara jo dezakezu, edo gure webgunean eskuragarri dauden telefono eta posta elektronikoko kanalak erabili.

  • Arartekoak izapidetzeko onartu zuen Uribitarte Anaitasuna auzo-elkarteak egindako kexa bat. Elkarteak Zabalguneko udal-aparkalekuari buruzko informazioa eskatu zion Bilboko Udalari, eta hark datu-taula baten bidez erantzun zion, ebazpen formalik eman gabe. Gero, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari (IPSEB) ere idatzi zion; hark onartu egin zuen elkartearen kexa, eta udalari eskatu zion eman zezala aparkalekuen itxaron-zerrendan zeuden Abando auzoko biztanleen zerrenda anonimizatua. 

    Arartekoaren iritziz, udalak ez zuen eskaera epe barruan eta behar bezala ebatzi, eta ez onartzeko arrazoi bat aipatu zuen epez kanpo, ustezko “informazioa berriz lantzean” oinarrituta, nahiz eta IPSEBek ordurako interpretatuta zuen elkarteak baliatutako eskubidearen mamia eta irismena. Era berean, azpimarratu du udalak prozeduran zehar ez ziola IPSEBi alegaziorik aurkeztu, eta horrek mugatu egin zuela bere defentsarako eskubidea, baita ere informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzen duen organoarekin behar bezala lankidetzan aritzea. 

    Arartekoaren ebazpenak gogorarazten du informazio publikoa lortzeko eskubidea gardentasunaren, motibazioaren eta legeriak ezarritako epeak errespetatzearen printzipioen arabera gauzatu eta ebatzi behar dela, eta IPSEBek bere iritzia azaldu ondoren, haren edukiarekiko desadostasuna bide jurisdikzionaletatik bideratu behar dela, eta ez gai berari buruzko administrazio-ebazpen berrien bidez. 

    Beraz, erakunde honek Bilboko Udalari gomendatzen dio epe barruan eta arrazoitutako ebazpen baten bidez izapidetu ditzala informazioa lortzeko eskaerak, behar bezala justifika dezala eskaerak ez onartzeko edozein muga edo arrazoi, eta IPSEBen eginkizunak errespeta ditzala eta harekin aktiboki elkarlanean aritu dadila, haren ebazpenak betez edo legez aurreikusitako bideetatik aurkaratuz.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 30a
     

  • Arartekoak azpimarratu du segurtasun juridiko handiagoa eta ziurtasuna eman behar zaizkiola errentamendu-erregimeneko babes publikoko etxebizitzak zuzenean esleitzeko administrazio-prozedurari
banner-oficinadelainfancia

HAUR ETA NERABEENTZAKO BULEGOA

Arartekoko Haur eta Nerabeentzako Bulegoa 2010ean sortu zen. Erakundearen jarduera osoan haurren ikuspegia gogoan izan dadin bermatzen du. Erakundeko gainontzeko arloen antzera, adin txikikoek zuzenean edo legezko ordezkarien bidez egindako kontsultak eta kexak hartzen eta ikertzen ditu, edo haurrekin zerikusia dutenak.

Lan hori nolabait erreaktiboa da norbaitek (pertsona nahiz taldea izan) edo zerbaitek (hedabideen edo beste bide batzuen bitartez ezagutzen dugun balizko eskubide-urratze bat) azaltzen digun gaiaren aurrean, eta beste lan-lerro proaktiboago batzuek osatzen dute, adibidez, honako helburuok lortzera bideratutako jarduerek: sareko lan kolektiboa eta lankidetzakoa sustatzea, haurren eskubideen gaineko kultura zabaltzea, eta, oso bereziki, adin txikikoek berek parte hartzeko eta beren hitza entzunarazteko aukerak bultzatzea.

Ararteko erakundea konprometituta dago, bere antolaketa esparruan, neska-mutilen interes gorena babestearekin bat datozen portaerak sustatzen, eta erakunde segurua da haurrentzat eta nerabeentzat. Horretarako, neskato, mutiko eta nerabeak babesteko politika bat dauka. Politika horren bitartez gauzatzen da babesteko helburu orokorrarekin gure erakundeak duen konpromisoa, eta portaera profesional eta pertsonalaren estandar gorenak bermatu nahi ditu, haurrek eta nerabeek kalterik jasan ez dezaten Arartekoko jarduera edo proiektuetan parte hartzen dutenean.

Irudia
Página Oficina. Consejo

Haur eta Nerabeen Kontseilua

Albisteak

Gazako haurrek bizi duten egoera latzak hunkituta, izan ere, beraien oinarri-oinarrizko eskubideak larriki eta etengabe hausten dira, Ararteko erakundeak bat egiten du Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarearen (ENOC) erakunde-adierazpenarekin, sare horretako kide baita...
Ararteko erakundeak gaitzespenik irmoena adierazten du joan den ostiralean, Bilbon, Jasmina Eva 13 urteko neskatoa erail zutelako, eta bere dolumina helarazten die haren familiari eta lagunei

Maiatzaren 26an eta 27an, Arartekoaren haurren eta nerabeen bulegoko eta nazioarteko gaien bulegoko bi teknikarik, parte hartu zuzten Luxemburgon, Haurren Defendatzaileen Europako Sarearen (ENOC) udaberriko mintegian, Luxenburgoko Haurren Defentsa Erakundeak antolatuta.


Mintegiaren lehen egunean, haurrek osasun fisikorako duten eskubidearen babesari eta sustatzeari eskaini zitzaion, hori baita ENOCek 2025erako duen lanaren gai nagusia. Hala, Europako haurren eta nerabeen defentsa-erakundeetako ordezkariek gogoeta egin zuten haurrek osasun fisikoko zerbitzuetarako sarbidea izateari buruz eta bizimodu osasungarria sustatzeko dauden tresnei buruz.


Mintegiaren bigarren egunean, defentsa erakundeek asiloa eskatzen duten haurren zaintza eta haiei kalitateko arreta ematearen gaia jorratu zuten, migrazioari eta asiloari buruzko EBko Itunaren testuinguruan, EMN Migraziorako Europako Sarearekin lankidetzan. Arartekoaren teknikariek, Kataluniako Síndic de Greuges eta Andaluziako Defentsa Erakundeko ordezkariekin batera (biak ENOCeko kideak), eta Kanarietako Komuneko diputatuaren laguntzarekin, hizlari gisa aritu ziren Espainiako lurraldean haur migratzaileen eta asilo-eskatzaileen kalitatezko arretak dituen erronkei buruzko mahai batean, bereziki, Andaluziako, Kataluniako, Euskadiko eta Kanarietako administrazio publikoei dagozkien betebeharrei erantzunez.

Asteburu honetan Arartekoko Nerabeen Kontseiluak beste bilera bat egingo du Donostiako Uba aterpetxean, urteko hirugarrena.

Topaketa horretan, Kontseiluko neska-mutilek beren lana amaituko dute aurtengo aukeratu zen gaiari buruz: osasun fisikorako eskubidea.

Aurreko urteetan bezalaxe, Kontseiluak ikasturte honetan burutu duen hausnarketa ENOC sareko haurren defentsa-erakunde batzuetako beste partaidetza-talde eta -kontseilu batzuen lanarekin batera egin da, ENYA –European Network of Young Advisors– proiektuaren barruan. ENYA programak 13 eta 17 urte bitarteko nerabeen partaidetza esanguratsua bultzatzen du, eta Arartekoko Kontseiluak bertan aktiboki parte hartzen du 2017. urteaz geroztik.

Arartekoko Kontseiluak maiatzeko azken asteburu honetan Donostian adosten dituen proposamen eta gomendioak FORUM ENYA 2025era eramango dituzte bi ordezkarik. Forum hori Kroazian egingo da, uztailean, eta han gure ordezkariak Europako hainbat eskualdetako defentsa-erakundeetako kontseiluetako beste nerabe batzuekin elkartuko dira, lurralde bakoitzean egin dituzten gogoetak elkarri adierazteko.

Vitoria-Gasteiz, 2025eko maiatzaren 30a
 

Maiatzaren 7an, Arartekoaren haurren eta nerabeen bulegoko eta berdintasuneko bi teknikari Irungo La Salle ikastetxean izan ziren batxilergoko ikasle talde bati Arartekoaren "Jarrera matxistak Euskadiko nerabeen eta gazteen artean" azterlana aurkezteko. Arartekoa ikastetxean egoteak ikasle talde batengandik zuzenean jasotako eskaerari erantzuten zion. Ikasle horiek, gure gizartean eragina duten arazoei eman beharreko erantzunei buruz hausnartzeko proiektu baten esparruan, Arartekoari helarazi zioten erakundeak, giza eskubideen ikuspegitik, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan egiten duen lana aurkezteko nahia.


Arartekoaren hitzaldian, azterlanaren aurkikuntza eta gomendio nagusiak partekatu ziren, emakumeen eta gizonen berdintasunaren defentsari eta diskriminazioaren aurkako borrokari dagokienez. Nolanahi ere, hitzaldiak Arartekoak gazteen artean egindako lana ezagutarazteko eta ikasleak nerabe gisa aitortuta dituzten eskubideei eta eskubide horiek baliatzearen garrantziari buruz sentsibilizatzeko balio izan zuen.

Arartekoak bat egiten du ENOCen adierazpen horrekin, zeinak beharrezkotzat jotzen baitu berme eraginkorrak ezartzea adingabe horien eskubideak benetan babesteko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareak (ENOC) bere baitan hartzen ditu Europako 34 herrialdetako haur eta nerabeen eskubideak babesteko 44 erakunde. Sare horrek behin eta berriz eta etengabe adierazi du kezkatuta dagoela haur eta nerabe migratzaileen egoeragatik, eta hainbat gomendio egin ditu haien gainean eta haien eskubideak hobeto babesteko premiaz, nazioarteko eta eskualdeetako araudiaren arabera.

2015. urteaz geroztik, milioika haur eta nerabe iritsi dira Europara segurtasun eta babes bila. 2020tik, Europar Batasuneko (EB) herrialdeetan, adingabeen 800.000 asilo-eskaera berri baino gehiago erregistratu dira, eta horietatik 113.000 baino gehiago bakarrik edo beren familiengandik bananduta dauden adingabeenak dira. 

Orain, EBko estatu kideak 2024ko apirilaren 10ean onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna aplikatzeko prestatzen ari direneanENOCek uste du berme eraginkorrak ezarri behar direla haur eta nerabe horien eskubideak benetan babestuko direla ziurtatzeko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

Baldin eta Itunean erantzukizunak banatzeko eta elkartasunerako aurreikusi diren tresnak egiaz eraginkorrak ez badira, itun horrek ez du konponduko lehen sarrerako estatuen gaineko "presioa". Mugetan giza eskubideak urratzeko eta asiloa eskatzeko eskubidea are gehiago higatzeko arriskua arindu nahi bada, giza eskubideak bermatzeko tresna nahikoak ezarri behar dira, besteak beste, ikuskatzeko mekanismo eraginkor eta independenteak, zaurgarritasunaren kontuzko ebaluazioak eta bideratze bizkorrak egokituta dauden zerbitzuetara (adibidez, haurrak babesteko zerbitzuak eta osasun-laguntza), informazio kritikoa eta laguntza juridikoa ematea, nazioetan ustezko tratu txarrak azkar eta eraginkortasunez ikertzeko sistemak. 

EBk eta bere estatu kideek inbertsio ekonomiko eta operatiboak lehenetsi behar dituzte, asilo eta harrerarako sistema nazionalak baliabideez behar bezala hornitzeko. Jendeari, kosta ahala kosta, Europara heltzeko asmoa kentzen ahalegindu beharrean, estatuek oinarrizko eskubideak eta pertsonen duintasuna defendatzen jarri beharko lukete arreta.

Arartekoak, ENOC sareko kide denez, bat egiten du horien eskubideak babesteko propio egin den erakunde-adierazpen horrekin. 

ENOCen ERAKUNDE-ADIERAZPENA

Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 12a

Erakundeak