Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVIII. Jardunaldiak
Kalteberatasuna ikasgeletan
Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak, erakundeko ordezkari batzuekin batera, Herriaren Defendatzaileen Koordinaziorako XXXVIII. Jardunaldietan parte hartuko du, gaur eta bihar. Jardunaldiok Zaragozan egingo dira, “Kalteberatasuna ikasgeletan” izenburuarekin.
Urtero egiten den topaketa horretan, defentsa-erakundeetako arduradunek eta beren lantaldeetako kideek hezkuntza inguruneko ikaslerik kalteberenen egoera aztertuko dute.
Hezkuntza oinarrizko eskubidea da, gizon-emakumeen duintasunarekin berez lotutakoa, edonork duen berezko balio gisa eta zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoaren oinarri gisa ulertuta. Pertsonak banan-banan hartuta garatzen laguntzen du eta faktore erabakigarria da pertsonen arteko desberdintasunak gutxitzeko eta aurrerabide sozial, ekonomiko eta kulturala bultzatzeko.
Izan ere, egungo testuinguruan, teknologia-berrikuntzak gizartea sakon eraldatzen ari dira; horregatik, gogoan izan behar da errealitate berri hori, hezkuntza-zerbitzu publikoa berdintasun-baldintzetan eman dadin.
Hori dela eta, hezkuntzaren garrantzi indibidual eta sozialaz jabetuta, jardunaldi horietan herriaren defendatzaileek hezkuntza inguruneko ikaslerik kalteberenen egoera aztertuko dute.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 28a