Herritarrek ingurumenean edo gizartean eragina duten azpiegiturei buruzko erabakietan parte hartzea

XXVI. Uda Ikastaroak,  XIX. Europar Ikastaroak - UPV/EHU 2007 eta Hausnartzeko eta herritarrek parte hartzeko IV. Foroa: herritarren partaidetza: fikzioa ala errealitatea?

Herritarrek ingurumenean edo gizartean eragina duten azpiegiturei buruzko erabakietan parte hartzea

Datorren ostiralean, uztailak 6, EHUren udako ikastaroetan parte hartuz, Ararteko erakundeak jardunaldi bat antolatu du Donostiako Miramar jauregian, izenburu honekin: “Herritarrek ingurumenean edo gizartean eragina duten azpiegiturei buruzko erabakietan parte hartzea”.

Jardunaldi horrek zenbait printzipio aztertzea du helburu, esaterako, herritarrei informatzea eta herritarrek parte hartzea: gai publikoen berri izateko eta horietan parte hartzeko eskubidea, gaiok garrantzi berezia baitute kalitateko demokrazia batean.

Iñigo Lamarca arartekoak adierazi duenez, “ingurumenean edo pertsonen osasunean eragina duten azpiegiturei buruzko erabakiak hartzean, askotan agerian jartzen da demokrazia ordezkatzaileak eskaintzen dituen mekanismo erabakitzaileak ez direla nahikoak, eta parte hartzeko bideak eratu behar direla, hartzen diren erabaki publikoei legitimotasun handiagoa emateko”.

Arartekoaz gain, jardunaldian esku hartuko dute Enrique Alonso Unescoko Katedrako irakasle eta Estatuko Kontseiluko kideak, Juli Ponce Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Administratiboko irakasleak eta Mª Jesús Larios Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleak.

Aldez aurretik, bihar, hilak 5, lan-mintegi bat egingo da ikastaroan proposaturiko gaia hausnartzeko asmoz, beren lanbideagatik edo eskarmentuagatik esperientzia zehatz batzuen gainean ikuspegi enpirikoagoa eman dezaketen pertsonekin.

    Location : Donostia-San Sebastián


Ekitaldiak gorde: