Herritarrengandik hurbilago egongo den administraziorantz aurrera egiteko tresnak

XXXX. Uda Ikastaroak, XXIII. Europar Ikastaroak

Administrazio publikoak erabateko zentzua lortzen du herritarrei egiten dien zerbitzuan. Horregatik, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak, 3. artikuluan, honako hauek ezartzen ditu beren jardueran bete beharreko printzipioen artean: herritarrei zerbitzu eraginkorra egitea, sinpletasuna, argitasuna eta pertsonekiko hurbiltasuna, edo administrazio publikoen arteko lankidetza, laguntza eta koordinazioa.

Horregatik, ezinbestekoak dira zerbitzu publikora bideratutako kudeaketa, informazio argia eta gardena, bide desberdinen bitartez emana eta pertsonen bereizgarrietara egokitua.

Administrazioaren eta gizartearen beraren digitalizazioa esponentzialki ari da aurrera egiten, eta are gehiago egingo du datozen hilabeteetan, COVID-19ari aurre egiteko onartutako neurrien ondorioz eta Europar Batasunak Europarako Suspertze Planean berreraikitzeko onartu dituen funtsak aplikatzearen ondorioz, azken horrek trantsizio ekologikoan eta digitalean inbertitzen lagunduko baitu. Horretarako, berriztatu egin behar dira administrazioak berak eta beraien lan-prozesuak, inor baztertuko ez duen zerbitzu azkarra, eraginkorra eta enpatikoa egiteko eta pertsona batzuen arrakala digitala gainditzeko neurriak hartzeko, izan ere, pertsona horiek, arrazoi ekonomikoak edo gaitasunezkoak direla medio, ezin dituzte bitarteko horiek eskuratu. Horrela, bazterketa digitala eta horren ondorioak saihestuko dira.

Egiaz, COVID-19aren krisiak agerian jarri du, dudarik gabe, bitarteko telematikoen protagonismoa eta horien garrantzia itxialdi orokorrean, baina administrazio publikoek aldi honetan izan dituen disfuntzioak ere nabarmendu ditu.

Horren ondorioz, Arartekoak, 4/2020 Gomendio Orokorraren bitartez, euskal administrazio publiko guztiei berariaz eskatu die beharrezko neurriak indartu ditzatela, behar bezala funtziona dezaten ez bakarrik arreta telematikoak, baizik eta baita ere telefono bidezkoak eta aurrez aurrekoak, herritarrak egoki artatzeko (4/2020 Gomendio Orokorra, 2020ko azaroaren 5ekoa. Herritarrenganako arreta indartzeko beharra, administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak baliatzean kalteak saihesteko eta bazterkeria digitalaren kontra borrokatzeko neurriak hartzeko larrialdi egoeretan, COVID-19aren pandemiaren ondoriozko egoeretan, besteak beste).

Herritarren beharrei erantzun egokia emate aldera, administrazio publikoak hainbat tresna erabili behar ditu modu proaktiboan. Arartekoaren uda ikastaro honen helburua da horretarako tresna batzuk aztertzea, ahalik eta jarduerarik onenak gauza daitezen.

Norentzat da ikastaro hau: ikasleentzat, administrazio publikoko hainbat sistematako profesionalentzat, kudeatzaile eta zuzendari publikoentzat, elkarteentzat, defentsa-erakundeentzat eta kudeaketa publikoko adituentzat.

    Location : Donostia/San Sebastián


Ekitaldiak gorde: