Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen biltzarra

Ararteko erakundeak antolatuta, egunotan Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartearen (IALC) zazpigarren urteko biltzarra egiten ari da, Bilbon

Inés Ibáñez de Maeztu arartekoaren ondokoak eta Raymond Théberge Kanadako Hizkuntza Ofizialen komisarioak eman diote hasiera topaketa horri, non honelako gaiez eztabaidatuko baita: COVIDaren eragina eremu urriko hizkuntzetan, gizarte-sareek hizkuntza-komisarioei dakarzkieten erronkak, edo hizkuntza ofizialek zer eginkizun duten herriaren defendatzaileen betekizunen testuinguruan.

Bere mintzaldian, arartekoaren ondokoak adierazi du euskararen erabilerari dagokionez aurrerapen garrantzitsuak gertatu direla zerbitzu publikoen arloan, baina  justizia edo segurtasuna bezalako arloetan oraindik ez dela bermatzen hizkuntza horretan artatua izateko eskubidea.

Ibáñez de Maeztuk gaineratu duenez, aurrerapen horiek gorabehera, “COVIDaren pandemiak berriro erakutsi du hizkuntza-eskubideak sarritan bigarren mailakotzat hartzen direla, osasun arloan gertatu den bezala, non sarritan osasun-larrialdiaren egoera erabili baita euskaraz artatua izateko eskubidea urratzeko”

Eta hauxe azpimarratu du: “euskaraz artatua izateko eskubidea berezkoa du edozein zerbitzu publikotan eska daitekeen gutxienezko kalitateak, batez ere intimitateari, osasunari eta zainketei lotutako eskubideekin zerikusia duten zerbitzuetan”.

Herrialde eta eskualde askotako zenbait ordezkarik hartuko dute parte biltzar horretan, eta Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere bertan da.

Legeak zenbait eginkizun eman dizkio Ararteko erakundeari, besteak beste, euskararen eta gaztelaniaren ofizialkidetasunak berekin dakartzan herritarren hizkuntza-eskubideak babestea. Lan hori beste herrialde batzuetako antzeko erakundeekin batera egiten du, eta erakunde horiek IALC elkartean bilduta daude. 

IALC elkartearen zeregina hauxe da: berdintasuna, aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatu eta bultzatzea mundu osoan, eta hizkuntza-komisarioei babesa ematea, lanbide-maila gorena lortu ahal izan dezaten baliabide hauek erabiliz:

•    Hizkuntza-komisariotzak sortzeko orduan, aholkuak ematea.
•    Prestakuntza, lanbide garapen, ikerketa eta informazio arloetan, elkarri baliabideak ematea erraztea. 
•    Lankidetzan aritzea aniztasuna eta hizkuntza-eskubideak sustatu eta babestea helburu duten tankera bereko erakundeekin.
•    Hizkuntza-komisarioen eginkizuna eta garrantzia hobeto ezagutaraztea, eta gobernuei, Estatuko agentziei, akademikoei, hedabideei eta biztanleei, oro har, horretaz ohartaraztea.
•    Hizkuntza-komisariotza bat sortu nahi duten edo hizkuntza-eskubideak sustatu nahi dituzten eskualdeei laguntzea.
•    Azterlan enpirikoak elkarrekin partekatzea, hizkuntza-eskubideak bultzatzeko asmoz.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko irailaren 22a