Interneten Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

2023ko maiatzaren 16a

Internet herritarren eta administrazioaren arteko funtsezko tresna izan dadin, neurriak hartu behar dira administrazio elektronikora igarotzeko

Internet aktibo sozial bat da, zalantzarik gabe. Informaziora, komunikaziora, aisiara, kudeaketetara eta izapideetara zabaltzen den leiho bat. Eztabaidaezina da gizartean barneratuta dagoela: Euskadiko etxeetatik %86,9k daukate Interneterako konexioa (Informazioaren Gizartearen Panorama 2022, Eustat). Gure egunerokotasunean ez dago ezer Interneten erreferenterik ez duenik, eta egun gutxitan ez ditugu erabiltzen bilatzaileak behar ditugun datuak edo informazioak osatzeko. Gaur egun nekez irudika dezakegu bizitza Internet gabe.

Herritarrek administrazioekin duten interakzio telematikoa dezente handitu da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legetik eratorritako azpiegitura teknologikoei esker eta herritarrentzat zerbitzu elektronikoak abiarazteari esker. 

Horiek guztiak alderdi positiboak dira, aukera amaigabeak ematen dituzte, baina egun honetan Arartekoak hausnarketa eragin nahi du testuinguru digitalean gogoan izan behar diren lerro batzuen gainean: 

-     Pertsona fisikoek kanal-aniztasunerako eskubidea dute, hau da, norberak administrazioarekin harremanak zein bideren bitartez izan nahi dituen aukeratzeko eskubidea. Erakunde publiko batzuek ez dakite eskubide horren berri, izapideak aurrez aurre bakarrik edo elektronikoki bakarrik egitera behartzen jarraitzen baitute. 

-    Aurretiko hitzordua, herritarrak errazago artatzeko autoantolaketa-neurri gisa, ezin da baztertzailea izan, batez ere epe preklusiboak jartzen direnean agiriak aurkezteko eta aholkuak emateko; hitzordua zenbait kanalen bidez eskatzeko aukera eman behar da, baita aurrez aurre ere.

-    Bizkortu egin behar dira administrazio publikoen arteko elkarreragingarritasuna eta datu-jakinarazpenak errazteko neurriak, hori mesedegarria izango baita herritarrek edozein administrazioren esku dauden datuak ez aurkezteko duten eskubidea baliatzeko.

Azken batean, Internet herritarren eta administrazioaren arteko komunikazio erraza, eraginkorra, bidezkoa eta gardena izateko funtsezko tresna izan dadin, administrazio elektronikora igarotzeko neurriak abiarazi behar dira, hainbat bideren bitartez herritarrei lagunduz izapideak elektronikoki egin ahal izan ditzaten, eta, horrela, gizartean sendotu daitezen administrazioak antolamendu-, teknologia- eta lege-ahalegin handia eginez abiarazten ari diren proiektuak.

Azken bolada honetan adimen artifiziala indarrez sartzen ari da eremu anitzetan, besteak beste, administrazioarekiko harremanetan. Herritarren eskubideak bermatzeko erakundea denez, Arartekoak erne egon beharko du, baliabide horren erabilerak ekitaterik eza edo bereizkeria sor ez dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko maiatzaren 16a