Skip to main content
  • Manuel Lezertua arartekoak parte hartu du, Estrasburgon, Herriaren defentsa-erakundeen eta giza eskubideen erakunde nazionalen (GEEN) goi mailako konferentzian. Topaketa hori Europako Kontseiluaren Ministroen Batzordeko Luxenburgoko Lehendakaritzak antolatu du.

    Bi egunetan barrena, Europako defentsa-erakundeen eta GEENen zenbait titularrek beren ikuspegia partekatu dute Zuzenbide Estatuak gaur egun aurre egin beharreko erronkez eta erakunde horiek berori defendatzeko orduan duten eginkizunaz, baita aro digitalean erabaki publikoak hartzearekin lotutako arriskuez eta aukerez ere. Ekitaldi horretan lantegi batzuk ere egin dira, hainbat ideia trukatzeko defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren arteko lankidetza-aukerei buruz eta Europako Kontseiluaren tresna erabakigarri batzuk aplikatzeari buruz, esaterako, Giza Eskubideen Europako Hitzarmena, Veneziako Printzipioak eta Adimen Artifizialari buruzko Esparru-hitzarmen berria.

    Arartekoak hizlari gisa esku hartu du honako mahai-inguru honetan: “GEENen eta herriaren defentsa-erakundeen eginkizuna Zuzenbide Estatua defendatzen”. Berarekin batera aritu dira Poloniako Justizia ministroa, Herbehereetako herriaren defendatzaile eta Europako Ombudsmanaren Nazioarteko Institutuko lehendakaria, Giza Eskubideen Erakunde Nazionalen Europako Sareko zuzendaria eta Finlandiako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria. 

    Lezertuak bere mintzaldian nabarmendu du defentsa-erakundeak, erakunde independente gisa, funtsezko elementuak direla Zuzenbide Estatuaren, giza eskubideen eta demokraziaren Europako arkitekturan. Herritarren kexak kudeatuz eta administrazioekin etengabe hitz eginez, defentsa-erakundeek administrazioaren legezkotasuna hobeto errespetatzen laguntzeaz gain, indartu ere egiten dute herritarrek erakunde demokratikoetan duten konfiantza. 

    Gainera, arartekoak gogorarazi du defentsa-erakundeak Europako Kontseiluaren funtsezko aliatuak direla giza eskubideetan oinarritutako kultura sustatzeko: alde batetik, Europako Kontseilutik eratorritako estandarrak sartzeagatik beren agintea betetzean, eta bestetik, herritarren arazoetatik hain gertu egoteak informazio baliotsua lortzeko aukera ematen dietelako, giza eskubideen arloan arauak eta estrategiak garatzeko. Horrela, agerian jarri du nazioartean gero eta tentsio handiagoko egoeran gaudela, eta azpimarratu du aukera paregabea eskaintzen zaigula Europako defentsa-erakundeen eta Europako Kontseiluaren artean lankidetza-gune bat ezartzeko.

    ARARTEKOAREN INTERBENTZIOA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 28a

  • Ebazpen hori herritar batek egindako kexaren ondorioz sortu zen. Herritarra ez zegoen konforme Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen jarduerarekin, izan ere, etxebizitza-aldaketa bat onartu ondoren, aldaketa atzeratu egin zen. Zehazki, kexagileak azaldu zuen 5 kideko bizikidetza-unitatea osatzen duela. Kideetako bat adingabea da eta beste bik, senarrak eta seme gazteenak, aitortua dute %67ko eta %39ko desgaitasuna, hurrenez hurren. 

    2022ko azaroan, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari jakinarazi zion etxebizitzak ez zeukala beharrezko azalera erabilgarririk familia modu egokian bizitzeko, eta etxebizitza aldatzeko eskatu zuen. Argudiatu zuen etxebizitzak 51 m2-ko azalera erabilgarria besterik ez duela eta, horren ondorioz, etxebizitza horretan familiaren eguneroko bizimodua guztiz baldintzatuta zegoela. 

    Eskaera hari erantzuteko, 2023ko otsailean, erakunde horrek eskaera onartu zuen eta bizi ziren etxebizitza ez zela egokia aitortu zuen. Etxebizitza-aldaketa gauzatzea atzeratzen ari zenez gero, 2024ko apirilean, kexagileak berriro egin zion eskaera. Hala ere, eskaera egin zuenetik bi urte baino gehiago igaro arren, kexagileak etxebizitza berean bizitzen jarraitzen zuen. 

    Informazioa galdegin ostean, Arartekoak Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeari gomendatu zion beharezko neurriak har zitzala kexagileak eta bere bizikidetza-unitateak etxebizitza duin eta egokia izateko duten eskubidea behar bezala bermatzeko, ahalik eta lasterren. Era berean, eskatu zion argudiatzeko ahalegin handiagoa egin zezala bere erantzunetan erabiltzen dituen arrazoiak azaltzean, baldin eta etxebizitza-aldaketa onartua duten maizterrek argibideak eskatzen badituzte tokiko erakunde autonomo hori eskubide hori gauzatzeko egiten ari den jarduerez edo eskubidea gauzatzea atzeratzearen zergatiez. 

    Arartekoaren gomendioari eman dion erantzunean, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak berariaz adierazi du ebazpenaren edukia onartzen duela eta bertan egindako gogoetak betetzeko konpromisoa hartzen duela. Arartekoak eskertzen du Bilboko Udalaren eta Bilboko Udal Etxebizitzak erakundearen lankidetza, baita kexa honetan azaldutako arazoa konpontzeko erakutsi duten erabakitasuna ere. Orobat, aitortzen du etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea bermatzeko egiten ari diren ahalegin jarraitua.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 26a

  • Arartekoak, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera, Fabián Salvioli abokatu eta irakasle argentinarraren hitzaldi hau antolatu du, Bilboko Bizkaia Aretoan: “Giza eskubideak nazioarteko tentsio bereziko testuinguru batean”.
  • Arartekoak gomendio bat igorri dio Arabako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Sailari, eta eskatu dio ken dezala berariazko programa informatiko bat erabiltzeko baldintza ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren autolikidazioak egiteko, baldin eta autolikidazio horiek aurrez aurre ematen badira.
    Gomendioak herritar baten kexan du jatorria. Izan ere, hura Arabako Foru Ogasunaren bulegoetara joan zen aurrez aurreko izapide bat egitera, baina aurretiaz programa informatiko baten bidez berariazko eredu bat deskargatu eta osatzeko eskatu zioten. Herritarrak, ezagupen informatiko nahikorik ez zeukanez gero, ez zuen izapidea egiterik izan, ezta besteren laguntzarekin ere. Horregatik, adierazi zuen ez zegoela konforme inposatze harekin. Administrazioak bere instalazioetan ordenagailu bat eskaini zion arren, herritarrak behin eta berriz adierazi zuen ez zeukala beharrezko gaitasunik hura laguntzarik gabe erabiltzeko.

    Egoera aztertu ondoren, Arartekoari iruditu zitzaion eskakizun horrek herritarren eskubideak urratzen dituela, bereziki administrazio publikoarekin harremanetan jartzeko modua aukeratzeko eskubidea, batez ere gaitasun digital nahikorik ez duten pertsonak badira. Gainera, adierazi du ezarritako baldintza hori ez dagoela behar bezala justifikatuta lege mailako arau baten bidez, Auzitegi Gorenaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren oraintsuko jurisprudentziak eskatzen duen bezala, izan ere, auzitegi horiek azpimarratu dute administrazioek ordezko hautabide eskuragarriak eskaini behar dituztela, eta ez bitarteko elektronikoen nahitaezko erabilera inposatu sarbide-bermerik eta gaitasun digitalik izan gabe.

    Hortaz, Arartekoak Arabako Foru Aldundiari gomendatu dio nahitaezkotasun hori ken dezala eta ordezko hautabide batzuk eskain ditzala, aurrez aurreko zerga-izapideak denentzat eskuragarria den moduan egin daitezen, eta, horrela, administrazio onerako eskubidea betez.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 17a

     

  • Arartekoak Gasteizko Udalari bidali dion ebazpen batean, eskatu dio ken dezala Udaltzaingoan salaketak jartzeko nahitaez aurretik hitzordua eskatzeko baldintza, eta herritarrei aurrez aurre salaketak jartzen utz diezaiela, beharrezkoak ez diren trabak jarri gabe. Izan ere, herritar batek zailtasunak eta atzerapenak aurkitu zituen delitu bat salatzen ahalegindu zenean, baldintza hori zegoelako.

    Kasua aztertu ondoren, Arartekoak egiaztatu du aurretiko hitzordua ezartzeak babesgabetasuna sor dezakeela eta oinarrizko eskubideak urra ditzakeela, hala nola babes judizial eragingarria izatekoa eta biktimak babestekoa. Gainera, kezka adierazi du egoera bereziki larrietan neurri horrek berehala kasu egitea galaraz dezakeelako, adibidez, genero-indarkeriazko kasuetan edo premiaz jardutea beharrezko egiten duten delituetan.

    Bere ebazpenean, Arartekoak gomendatu du aurretiko hitzordua borondatezko aukera gisa soilik mantendu dadila eta udalak argi adieraz dezala, bai aurrez aurre, bai bide elektronikoz, nola funtzionatzen duen eta zer kasutan izan daitekeen baliagarria. Neurri horren bitartez, Arartekoak bere konpromisoa indartzen du administrazio eskuragarriarekin eta herritarrek beren eskubideak justifikatu gabeko administrazio-trabarik gabe baliatu ahal izango dituztela bermatzearekin.

    EBAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko martxoaren 11

     

  • 2025eko martxoaren 8a Arartekoari beharrezkoa iruditzen zaio erakunde publikoek neurriak har ditzaten gazteen artean ideia hau zabaltzeko: berdintasuna funtsezko tresna dela ongizatea sortzeko eta ekonomian eta gizartean aurrera egiteko
  • Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak bere erabakia ezagutarazi du Madrilgo Cañada Real Galianan bizi direnen egoerari buruz. Bere erabakian, Batzordeak adierazi du Espainiako agintariek egoera hori onartzearen ondorioz, denbora luzez, pertsonek energia aldizka eskuratu ahal izan dutela, edo inolaz ere ez dutela eskuratu; eta, horrela, pertsona horiei pobrezia energetikoa eragin dietela eta Europako Gutun Sozialaren hainbat xedapen urratu dituztela.

    Gertaera berritzailea da Batzordeak giza eskubideen eta energia eskuratzearen arteko lotuta arretaz aztertu izana. Erabakian ezartzen denez, «energia egokia modu egonkorrean, etengabe eta seguru eskuratzea» aurretiko baldintza eta funtsezko elementua da zenbait eskubide baliatzeko, besteak beste, etxebizitzarako eskubidea (31.1 eta 16. artikuluak), osasunerakoa (11.1 eta 11.3 artikuluak), hezkuntzarakoa (17.2 artikulua) eta pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontra babesteko eskubidea (30., 23. eta 15.3 artikuluak), Europako Gutun Sozialaren arabera. Gutunaren ondorioetarako «egokia» izan dadin, energiak eskuragarria, garbia eta jasangarria izan behar du. Prozesuaren ikuspegitik, aipatzekoa da, halaber, Espainiako Defensor del Pueblo erakundeak parte hartu duela Batzordean izapidetu den prozeduran, gatazkako hirugarren alderdi gisa bere oharrak eginez. 

    2022an Espainiako nahiz Europako bost gizarte-erakundek egindako eskaera kolektiboan du jatorria erabaki horrek. Eskaeran alegatu zen Europako Gutun Sozialaren hainbat xedapen urratzen zituela argindar horniduraren mozketek Cañada Realeko gutxienez 4.500 biztanleren bizitzan (horien artean, 1.800 inguru haur) sortutako egoerak. 

    Nolanahi ere, honako hau ez da Gizarte Eskubideen Europako Batzordeak gai horretaz iritzia ematen duen lehen aldia, izan ere, eskaera harexek lortu zuen, 2022ko urrian, Batzordeak ”berehalako neurriak” adieraztea eta  Espainiari argindar hornidura berehala berrezar zezan eskatzea, Madrilgo auzo horretan bizi direnen osotasunari kalte larri eta konponezina ez eragiteko (ikusi gai horretaz Arartekoak argitaratutako oharra). 

  • Arartekoak bat egiten du ENOCen adierazpen horrekin, zeinak beharrezkotzat jotzen baitu berme eraginkorrak ezartzea adingabe horien eskubideak benetan babesteko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

    Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sareak (ENOC) bere baitan hartzen ditu Europako 34 herrialdetako haur eta nerabeen eskubideak babesteko 44 erakunde. Sare horrek behin eta berriz eta etengabe adierazi du kezkatuta dagoela haur eta nerabe migratzaileen egoeragatik, eta hainbat gomendio egin ditu haien gainean eta haien eskubideak hobeto babesteko premiaz, nazioarteko eta eskualdeetako araudiaren arabera.

    2015. urteaz geroztik, milioika haur eta nerabe iritsi dira Europara segurtasun eta babes bila. 2020tik, Europar Batasuneko (EB) herrialdeetan, adingabeen 800.000 asilo-eskaera berri baino gehiago erregistratu dira, eta horietatik 113.000 baino gehiago bakarrik edo beren familiengandik bananduta dauden adingabeenak dira. 

    Orain, EBko estatu kideak 2024ko apirilaren 10ean onartutako Migrazioari eta Asiloari buruzko Ituna aplikatzeko prestatzen ari direneanENOCek uste du berme eraginkorrak ezarri behar direla haur eta nerabe horien eskubideak benetan babestuko direla ziurtatzeko, izan ere, Itunak kezka sortzen du, Europako mugetan jaso lezaketen tratuarengatik.

    Baldin eta Itunean erantzukizunak banatzeko eta elkartasunerako aurreikusi diren tresnak egiaz eraginkorrak ez badira, itun horrek ez du konponduko lehen sarrerako estatuen gaineko "presioa". Mugetan giza eskubideak urratzeko eta asiloa eskatzeko eskubidea are gehiago higatzeko arriskua arindu nahi bada, giza eskubideak bermatzeko tresna nahikoak ezarri behar dira, besteak beste, ikuskatzeko mekanismo eraginkor eta independenteak, zaurgarritasunaren kontuzko ebaluazioak eta bideratze bizkorrak egokituta dauden zerbitzuetara (adibidez, haurrak babesteko zerbitzuak eta osasun-laguntza), informazio kritikoa eta laguntza juridikoa ematea, nazioetan ustezko tratu txarrak azkar eta eraginkortasunez ikertzeko sistemak. 

    EBk eta bere estatu kideek inbertsio ekonomiko eta operatiboak lehenetsi behar dituzte, asilo eta harrerarako sistema nazionalak baliabideez behar bezala hornitzeko. Jendeari, kosta ahala kosta, Europara heltzeko asmoa kentzen ahalegindu beharrean, estatuek oinarrizko eskubideak eta pertsonen duintasuna defendatzen jarri beharko lukete arreta.

    Arartekoak, ENOC sareko kide denez, bat egiten du horien eskubideak babesteko propio egin den erakunde-adierazpen horrekin. 

    ENOCen ERAKUNDE-ADIERAZPENA

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko otsailaren 12a

publicaciones

IRISGARRITASUN ADIERAZPENA

Ararteko erakundeak bere web orria irisgarri egiteko konpromisoa hartu du, irailaren 7ko 1112/2018 Errege Dekretuaren arabera (Sektore publikoko gailu mugikorretarako webguneen eta aplikazioen irisgarritasunari buruzkoa).

Irisgarritasun adierazpen hau www.ararteko.eus orrian aplikatzen da, ez ordea erakunde honek beste domeinu-izen batzuen pean eskaini edo lotu litzakeen web orrietan.


Arau-betetzearen egoera

Web gune hau zati batean dator bat 1112/2018 Errege Dekretuarekin, izan ere, badira salbuespen eta/edo bat ez datozen alderdi batzuk.


Eskuragarri ez dagoen edukia

Honako eduki hau ez dago eskuragarri, arrazoi hauengatik:

  • Ez dator bat 1112/2018 Errege Dekretuarekin:

    • Audioko eta/edo bideoko multimedia-elementu batzuek ez dute alternatibarik.

    • Bideo batzuek ez dute azpititulurik.

    • Testu-osagai batzuek, adibidez, botoiek, oharrek edo loturek ez dute kontrasterik eta/edo behar bezalako tamainarik.
       

  • Neurriz kanpoko karga:

    Ez da aplikatzen.
     

  • Edukia ez da sartzen ezarri beharreko legeriaren eremuan:

    Egon litezke irisgarritasun-baldintza guztiak betetzen ez dituzten agiri ofimatiko batzuk, batez ere 2018ko irailaren 20ko 1112/2018 Errege Dekretua indarrean jarri baino lehenago argitaratu ziren agiriak baldin badira.


Irisgarritasun adierazpen hau prestatzea

Adierazpen hau 2022ko otsailean prestatu zen.

Adierazpen hau egiteko metodo gisa, erakundeak berak egindako autoebaluazioa erabili da.

Adierazpenaren azken berrikuspena: 2022ko martxoan.


Oharrak eta harremanetarako datuak

Irisgarritasun-baldintzei buruzko jakinarazpenak

Edozein pertsona fisikok nahiz juridikok egin ditzake jakinarazpenak irisgarritasunari buruz, esate baterako:

  • Web guneak agian ez dituela ezarritako irisgarritasun-baldintzak betetzen jakinaraztea.

  • Edukia eskuratzeko beste arazo batzuen berri ematea.

  • Web gunearen irisgarritasunaren gaineko kontsultak edo iradokizunak egitea.

Horretarako, Arartekoaren egoitza elektronikoan jarri den formulario hau erabil daiteke: Eman zure iritzia funtzionamenduaz eta/edo zerbitzuez.


Informazio eskuragarria jasotzeko eskaerak eta kexak

Edozein pertsona fisikok edo juridikok egin ditzake kexak 1112/2018 Errege Dekretuko baldintzak betetzeari buruz edo eska dezake informazioa dekretu horren ezarpen-eremutik kanpo dauden edukien gainean edo, neurriz gaineko zama ezartzeagatik, irisgarritasun-baldintzak betetzetik salbuetsita dauden edukien gainean.

Horretarako, Eman zure iritzia funtzionamenduaz eta/edo zerbitzuez izeneko formularioa erabil dezake, Arartekoaren egoitza elektronikoan horretarako jarritakoa.

Informazio eskuragarria jasotzeko eskaerei dagokienez, interesdunak argi eta garbi zehaztu beharko ditu egintzak, arrazoiak eta eskaera, eskaera hori arrazoizkoa eta legitimoa den egiaztatu ahal izateko.


Kexatzeko prozedura

Informazio eskuragarria jasotzeko eskaera edo kexa egin ondoren hori ezesten bada, interesduna hartutako erabakiarekin ados ez badago edo erantzunak 1112/2018 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunak erreklamazioa hasi ahal izango du, ezesteko izan diren arrazoiak ezagutzeko, hartutako erabakiarekin ados ez badago neurri egokiak har daitezen eskatzeko, edo eskatutako baldintzak bere ustez zergatik ez diren bete azaltzeko. Era berean, erreklamazio bat hasi ahal izango du hogei egun baliodun igaro badira erantzunik jaso gabe.

Horretarako, Eman zure iritzia funtzionamenduaz eta/edo zerbitzuez izeneko formularioa erabil dezake, Arartekoaren egoitza elektronikoan horretarako jarritakoa.