Lanbidek herritar baten etxebizitzarako prestazio osagarria bukatzeko erabakia baliogabetu ondoren, Arartekoak bere jarduera amaitu du

Herritarrak 80 urte ditu, eta %59 desgaitasuna. Arartekoari azaldu zionez, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak etxebizitza bat esleitzeko proposamena egin zion, baina berak ez zuen onartu, etxebizitza industrialde batetik gertu zegoelako eta oinarrizko zerbitzuetatik (anbulatorioa, supermerkatua edo farmazia) urrun; orduan, Lanbidek etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO) bukatzea erabaki zuen, eta kexagilea ez zegoen ados erabaki horrekin.

Hala ere, Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak hala eskatuta, Bizkaiko Etxebizitzako lurralde ordezkariak erabaki zuen kexagileari etxebizitza babestuaren eskatzaile gisa baja ematea.

Erabakiarekin konforme ez zegoenez gero, kexagileak gora jotzeko errekurtsoa jarri zion Etxebizitzako sailburuari, eta berriro adierazi zuen mugitzeko arazo larriak zituela eta proposatutako etxebizitzaren inguruan ez zegoela oinarrizko zerbitzurik.

Gainera, Lanbideko zuzendari nagusiak EPOa azkentzea erabaki zuen Etxebide-Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan interesdunari baja eman ziotela ikusi zuen unetik.

Etxebizitzaren Legea onartu ostean berariazko erregulaziorik ez dagoenez gero, 2012ko urriaren 15eko Aginduak bermatu behar du etxebizitza babestuaren eskatzaileak egoki kudeatuko dituztela.

Agindu horretan adierazita dago zer arrazoik eragingo duten Etxebiden izena emandako eskatzaileen baja. Hala ere, ukapena justifikatzeko bidezko arrazoi bat balego, kasu honetan bezalaxe, esleipendunak etxebizitza publiko babestuaren eskatzaile gisa inskribatuta jarraitu ahal izango luke.

Orobat, Arartekoak instrukzio baten edukia gogorarazi zien gaiarekin zerikusia zuten sailei, izan ere, instrukzio horretan berariaz adierazten da Etxebiden ez zaiela bajarik emango etxebizitza-esleipenei uko egiten dieten pertsonei, baldin eta “alokairuan esleitutako babes publikoko etxebizitza, berdinetsitako etxebizitza edo zuzkidura-bizitokiari uko egiten dionak esleipena egin zaion unean etxebizitzako gastuetarako prestazio osagarria ala etxebizitzako prestazio ekonomikoa jasotzen badu eta horren ondorioz etxebizitza beharra asetuta duela adierazten badu.”

Dagozkion sailei laguntza eskatu eta gero, Lanbidek EPOa bukatzeko erabakia baliogabetzea ebatzi du, eta atzeraeraginezko ondorioekin ordaindu ditu bukaera-datari dagozkion atzerapenak.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko ekainaren 6a


Lotutako dokumentazioa

Ebazpena