Lanbidek onartu egin du Arartekoaren gomendio hau: herritar bati DSBEa jasotzen dutenen datu estatistikoei buruzko informazioa eman diezaion, ikerlan bat egiteko

Herritar batek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatu zuen Lanbiden, eta hainbat estatistika-datu eskatu zituen diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) onuradunei buruz: nazionalitatea, diru-zenbatekoak, zenbaki absolutuak eta urte batzuei buruzko ehunekoak, baita ere gizarte-larrialdiaren, bazterketaren, ostatu ematearen eta haurrak zaintzearen gainekoak.

Administrazioren erantzuna kontuan hartuta, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordeari kexa bat egitea erabaki zuen, eta organo hark herritarraren eskaera betetzearen aldeko ebazpena bidali zien Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailari eta Lanbideri, erakunde horiei baitzegokien galdegindako informazio hura.

Geroago, interesdunak kexa egin zion Arartekoari. Azaldu zionez, administrazioak ez zion erantzun, nahiz eta Batzordeak aldeko iritzia eman informaziorako sarbidea izateko eta hura eskuratzeko.

Arartekoak eragindako erakundeari laguntza eskatu ondoren, gomendio bat egin zion. Zehazki, Lanbideri aholkatu zion bete zezala Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen ebazpena, kexagileari eman ziezazkiola eskaturiko datuak, eta hobetu zezala gai horrekin lotutako sailen eta erakundeen edo haien mendekoen arteko kudeaketa eta koordinazioa informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzeko, eskubide horrek hainbat organo edo erakunde publikori eragiten baitie.

Azkenik, erakunde honen erregistroan sartu zen Lanbideren erantzun-idazkia. Bertan, Arartekoaren gomendioa onartu du eta azaldu du Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen eta Arartekoaren arrazoibideak koherenteak direla eta bat datozela herritarrei informazioa emateko betebeharrarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko urtarrilaren 31