LGTBI Harrotasunaren Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena
2025eko ekainaren 28a
Arartekoak emakume lesbianen errealitatean jarri nahi du arreta, izan ere, horien ikusgarritasuna tamalez gauzatzeke dago oraindik. Irmoago apustu egin behar da emakume lesbianak ikusgarri egitearen eta berorien ahotsak entzutearen alde, nozitzen dituzten diskriminazioei izena jarriz
LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Arartekoak bere konpromiso irmoa berresten du pertsona guztien eskubideak defendatzearekin, eta Stonewalleko istiluek 1969an mundu osoan izan zuten eragina gogoratzen du, istilu haiek aurrekoa eta ondorengoa bereizi baitzituzten LGBTIen eskubideak ikusgarri egiten eta babesten.
Harrezkero, talde horren eskaerei eta eskubideei buruzko sentsibilizazio publikorako aurrerapen ukaezinak egin diren arren, gaur Arartekoak emakume lesbianen errealitatean jarri nahi du arreta, izan ere, horien ikusgarritasuna tamalez gauzatzeke dago oraindik. Lesbianek intentsitate bereziarekin pairatzen dituzte emakumeen zailtasunak (pobreziaren feminizazioa, soldata-arrakalak eta ekonomikoak, lana eta familia bateragarri egitea, indarkeria matxistak eta beste desberdintasun-modu batzuk), beste emakume batzuk maitatzea aukeratu dutelako.
Horrela, emakume lesbianek bereizkeria bikoitzari egiten diote aurre, emakume izateagatik eta beren sexu-joeragatik. Desberdintasunen elkargune horrek berariazko oztopoak sortzen ditu, gero eta ikusezinago bihurtutakoak, politika publiko ausart eta eraldatzaileen bidez aitortu eta jorratu behar direnak, errealitate hori aitortzetik abiatuta.
Ikusezintasuna ez da neutrala, eta emakume lesbianen kasuan areagotu egiten da. Horren haritik, Reem Alsalem Nazio Batzuen kontalari bereziak Emakumeen eta neskatoen kontrako indarkeria: horren kausak eta ondorioak izenburuko txostenean nabarmendu duen bezala, gogoratu behar dugu emakumeen sexuaren ikusezintasunak sarritan nolabaiteko itsutasuna sor dezakeela emakumeen (kasu honetan, emakume lesbianen) behar, eskubide eta ahultasunen aurrean.
Lesbianak emakumeak direla, eta, beraz, historikoki baztertuta eta sexuan oinarritutako zapalkuntzaren eraginpean egon den biztanleriaren parte direla aitortzea zein garrantzitsua den ahazten badugu, ez dugu ulertuko nola esperientzia hori beste bereizkeria-modu batzuekin gurutzatzen den, lesbofobiarekin, kasu. Errealitate bat ezagutzen ez bada, are zailagoa da haren kontra borrokatzea.
Horregatik, ekainaren 28an, Arartekoak euskal erakunde publikoei gogorarazi nahi die irmoago apustu egin behar dela emakume lesbianak ikusgarri egitearen eta berorien ahotsak entzutearen alde, nozitzen dituzten diskriminazioei izena jarriz, beraiei eragiten dieten erabakietan egongo direla eta parte hartuko dutela ziurtatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasunerako politiketan, hedabideetan eta gune publiko guztietan beraien eskubideak berariaz ikusgarri egingo direla bermatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 27a