Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskatu dio berrazter dezala aingiraren (angula fase gaztean) arrantza profesionalari buruzko araudia, aingira europarraren populazioa berreskuratzeko Europar Batasunaren Zuzenbideko eskakizunetara egokitzeko.
Gomendioa kexa batek eragin zuen. Izan ere, Mutriku Natur Taldea ingurumena babesteko plataforma elkarteak kexa egin zuen eta zalantzan jarri zuen 77/2024 Dekretuaren legezkotasuna eta egokitasuna. Dekretu horren bidez baimendu zen lehenengoz Euskadin angula-arrantza profesionala, ordura arte aisialdirako bakarrik baimendutakoa.
Elkarte horrek azaldu zuenez, angula arrantzatzeko araudiak kontuan hartu behar ditu aingiraren kontserbazio-egoera kritikotik eratorritako betebeharrak. Egoera hori nazioarteko zenbait erakundek aitortu dute, esate baterako, Itsasoa Ikertzeko Nazioarteko Kontseiluak. Kontseilu horrek behin eta berriz gomendatu zuen hilkortasun antropogenikoa zerotik ahalik eta gertuen mantendu zedila, eta horren murrizketak Europar Batasuneko Zuzenbidean jasota daude, zeinak aisialdiko arrantza debekatzen zuen eta orduan zegoen arrantza profesionala soilik mantentzea baimentzen zuen, murrizketa batzuekin.
Arartekoak arretaz aztertu ditu europar aingiraren populazioa berreskuratzeko betebeharrari buruzko EBko araudia, EAEko aingira kudeatzeko plana eta arrantza profesionala ahalbidetzeko adostutako neurrien justifikazioa. Erakunde honen ustez, arrantza profesionalaren gaineko araudiak justifikazio egokia behar du, irizpide zientifikoetan oinarritutakoa, Europako araudian jasotako kontserbazio-betebeharrak betetzen dituena. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari gomendatu dio berriz azter dezala angula-arrantzari buruzko araudia, Europako kontserbazio-neurrietara doitzeko, horren arrantza profesionala ahalik eta gehien mugatuz eta birpopulatzeko neurriak ziurtatuz.
Aingira europarra kontserbazio kritikoko egoeran katalogatutako espezie bat da, eta hori berreskuratzea lehentasuna da nazioartean. Arartekoak gogorarazten du arrantza-kudeaketaren arloan hartzen diren erabakiek jasangarritasun ekologikoa, gardentasuna eta Europako indarreko ingurumen-araudia betetzea izan behar dituztela ardatz nagusi.
Bestalde, Arartekoak bukatu du bere esku-hartzea Euskadiko Angulero Elkarteak egindako kexa batean. Elkarte horrek salatu zuen ez zegoela parte-hartzerik Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdearen Departamentuak onartutako Aingira Europarra Berreskuratzeko 2024-2034 Plan Integrala izapidetzean.
Kasu horretan, Arartekoak onartzen du plan hori programatikoa eta ez arau-emailea dela eta, beraz, ez dituela bete behar xedapen orokorretarako eskatzen diren izapideak. Hala ere, bere iritziz, aldundiak informatu eta parte hartzera gonbidatu behar zituen interes-taldeen erregistroan inskribatuta dauden elkarteak, bereziki kontu handiko ingurumen-gai batean, hala nola egoera kritikoan dagoen espezie bat (aingira europarra) berreskuratzea.
EBAZPENA
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 11