Nazioarteko mintegia: estremismoaren eta gorroto-delituen biktimei arreta ematea, ikuspegi errestauratiboaren bidez
Ekitaldia VicTory nazioz gaindiko ekimenak antolatu du (bertako partaidea da Arartekoa) eta Bilbon bilduko ditu Europako zenbait aditu, gorrotoarekin eta estremismoarekin lotutako gertakarien biktimak hobeto babesteko asmoz.
Segurtasun indarren ordezkari, justiziako profesional eta gizarte zibileko elkarte batzuek parte hartuko dute bihar, asteartea, Nazioz gaindiko VicTory Kooperazio Mintegian (ikuspegi errestauratiboa eta biktimak ardatz dituena, gorrotoa eta indarkeriazko estremismoa arintzeko). Bilboko Bizkaia aretoan izango da, 9:00etatik aurrera, eta bertan aurkeztuko dituzte Europako bost herrialdetan garatzen ari diren eredu eta tresna berriak, gorroto- eta estremismo-istiluak jasan dituzten pertsonentzat laguntza, informazioa eta salaketa-bide seguruak jasotzeko aukerak hobetzeko.
Parte-hartzaileek arretaz aztertuko dituzte justizia errestauratiboko jardunbideak eta nazioz gaindiko lankidetzarako aukerak, erakunde anitzen arteko elkarlan-esparrua aurkeztuko dute eta lankidetza nazionaleko tailerretako ondorioak partekatuko dituzte.
VicTory proiektuak bost herrialdetako kideak biltzen ditu. Biktimak ardatz nagusi dituen ikuspegiaren bidez (haien beharrak, eskubideak eta esperientziak lehenesten dituena), EBko legeria eta biktimen eskubideei buruzko arauak eraginkortasunez aplikatzen laguntzen die erakunde ofizialetako eta gobernuz kanpoko erakundeetako profesionalei. Bere esparrua erreparazioan oinarritzen da eta batez ere kaltea konpontzen, biktimei hitza ematen eta inplikatuek ardura hartzea sustatzen jartzen du arreta. Bigarren mailako biktimizazioa, hau da, erakundeen sentiberatasunik gabeko erantzunengatik eta erantzun desegokiengatik biktimek nozitu dezaketen trauma gehigarria prebenitzeko diseinatuta dago.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko azaroaren 17a