
NOR DA ARARTEKOA?
Eginkizun nagusiak:
Herritarren eskubideak bete daitezen zaintzea, haiek euskal herri-administrazioekin dituzten harremanetan.
Euskal Herriko autonomia-, foru- eta toki-administrazioen jarduera ikuskatzea.
Giza eskubideekin eta oinarrizko askatasunekin bat datozen politika publikoak sustatzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta herritarrak gai hauekiko sentikor bihurtzea: eskubide-askatasunak errespetatzearen inguruan sortzen diren arazo eta erronkak, bereizkeriaren kontrako ekintza, arbitrariotasuna debekatzea.
Euskal gizarte zibilaren solaskide jardutea, eskubideak bermatzearen gaineko arazoetan.
Ikasketak:
Zuzenbidean lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean.
Legeetan masterra (LLM). King's College, Londreseko Unibertsitatea, Europako Zuzenbide, Zuzenbide konparatzaile eta administratiboan espezializatua.
Doktoretza ikastaroak, neurri batean euskaraz. Zuzenbide Fakultatea, Euskal Herriko Unibertsitatea.
Lanbide eskarmentua, ararteko izendatua izan baino lehen:
Europako Kontseiluko nazioarteko funtzionarioa. Hainbat lanpostu bete zituen:
"GRECO Ustelkeriaren kontrako Estatuen Taldearen" Akordioaren idazkari betearazlea
Zigor Gaietako Zerbitzuburua. Gai Juridikoetako Zuzendaritza Nagusia
Giza Eskubideetako Europako Komisarioaren Bulegoko zuzendaria
Aholkularitza Juridikoko zuzendaria (legelaria) eta Nazioarteko Zuzenbide Publikokoa
Lehenago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko letradu izan zen, baita Konstituzio Auzitegi letradu ere, eta Eusko Jaurlaritzaren funtzionario, Lehendakaritza eta Justizia Saileko Herri Administrazioaren Euskal Erakundera adskribatuta.
Beste jarduera batzuk:
Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuko irakasle gonbidatua, Robert Schumann Unibertsitatea, Estrasburgo (1988-2014); Giza Eskubideen Europako Diplomaren Epaimahaikidea
Deustuko Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuko irakaslea
Giza Eskubideen Jurisprudentziako irakasle elkartua, Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean
Irakasle gonbidatua Administrazioari eta Giza Eskubideei buruzko EHUren (Zuzenbide Publikoko Saila) Masterrean
Eleaniztuna da, eta hainbat argitalpen atera ditu Europar Batasuneko zuzenbidearen eta giza eskubideen arloan.
Bere lehen agintaldian, arartekoak apustu irmoa egin du, estrategikoa, erakundeari Europako eta nazioarteko alderdia ematearen alde, baita ere beste eskubide-defendatzaile eta giza eskubideak babesteko Europako eta nazioarteko erakunde aldeaniztunekin Arartekoak duen harremana indartzearen alde. Apustu horren ondorioz, harremanak areagotu ditu IOIrekin (International Ombudsman Institute), ENOrekin (EBko Ombudsmanaren Sarea), FIOrekin (Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioa), IALCekin (Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartea), ENOCekin (Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarea), baita bi aldeko harremanak ere nazioarteko beste erakunde batzuekin eta Europako hainbat herrialdetako Ombudsmanekin.
Erakundearen buruzagitzan, hauxe du helburu nagusi: erakundea giza eskubideen eta herritarren askatasunen defentsan erreferente gisa sendotzea, eta euskal administrazio publikoen eremuan, araudia gizatasunez ezartzea, pertsonen (batez ere kalteberenen) egoeraren arabera interpretatuz.
Lotutako dokumentazioa
Irudiak








Bideoak


