hero

Nor da arartekoa?

Ararteko Manuel Lezretua

Manuel Lezertua Rodriguez, Bilbon jaio zen 1957ko otsailaren 6an.

2015eko maiatzaren 28an aukeratu zuten ararteko (Euskadiko herriaren defendatzaile) Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuran, eta 2015eko ekainaren 18an jabetu zen karguaz, Eusko Legebiltzarraren osoko bilkuraren aurrean, kargu hori 5 urtez betetzeko. 2021eko otsailaren 3an bukatu du bere lehen agintaldia.

2021eko otsailaren 18an, Eusko Legebiltzarrak berriro hautatu du 5 urteko bigarren agintaldirako, eta hil beraren 25ean hartu du kargua.

Eginkizun nagusiak:

  • Herritarren eskubideak bete daitezen zaintzea, haiek euskal herri-administrazioekin dituzten harremanetan.
  • Euskal Herriko autonomia-, foru- eta toki-administrazioen jarduera ikuskatzea.
  • Giza eskubideekin eta oinarrizko askatasunekin bat datozen politika publikoak sustatzea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta herritarrak gai hauekiko sentikor bihurtzea: eskubide-askatasunak errespetatzearen inguruan sortzen diren arazo eta erronkak, bereizkeriaren kontrako ekintza, arbitrariotasuna debekatzea.
  • Euskal gizarte zibilaren solaskide jardutea, eskubideak bermatzearen gaineko arazoetan.

Ikasketak:

  • Zuzenbidean lizentziaduna, Deustuko Unibertsitatean. 
  • Legeetan masterra (LLM). King's College, Londreseko Unibertsitatea, Europako Zuzenbide, Zuzenbide konparatzaile eta administratiboan espezializatua.
  • Doktoretza ikastaroak, neurri batean euskaraz. Zuzenbide Fakultatea, Euskal Herriko Unibertsitatea.

Lanbide eskarmentua, ararteko izendatua izan baino lehen:

  • Europako Kontseiluko nazioarteko funtzionarioa. Hainbat lanpostu bete zituen:
    • "GRECO Ustelkeriaren kontrako Estatuen Taldearen" Akordioaren idazkari betearazlea
    • Zigor Gaietako Zerbitzuburua. Gai Juridikoetako Zuzendaritza Nagusia
    • Giza Eskubideetako Europako Komisarioaren Bulegoko zuzendaria 
    • Aholkularitza Juridikoko zuzendaria (legelaria) eta Nazioarteko Zuzenbide Publikokoa
  • Lehenago, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko letradu izan zen, baita Konstituzio Auzitegi letradu ere, eta Eusko Jaurlaritzaren funtzionario, Lehendakaritza eta Justizia Saileko Herri Administrazioaren Euskal Erakundera adskribatuta.

Beste jarduera batzuk:

  • Giza Eskubideen Nazioarteko Institutuko irakasle gonbidatua, Robert Schumann Unibertsitatea, Estrasburgo (1988-2014); Giza Eskubideen Europako Diplomaren Epaimahaikidea
  • Deustuko Unibertsitateko Europar Ikasketen Institutuko irakaslea
  • Giza Eskubideen Jurisprudentziako irakasle elkartua, Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatean
  • Irakasle gonbidatua Administrazioari eta Giza Eskubideei buruzko EHUren (Zuzenbide Publikoko Saila) Masterrean

Eleaniztuna da, eta hainbat argitalpen atera ditu Europar Batasuneko zuzenbidearen eta giza eskubideen arloan.

Bere lehen agintaldian, arartekoak apustu irmoa egin du, estrategikoa, erakundeari Europako eta nazioarteko alderdia ematearen alde, baita ere beste eskubide-defendatzaile eta giza eskubideak babesteko Europako eta nazioarteko erakunde aldeaniztunekin Arartekoak duen harremana indartzearen alde. Apustu horren ondorioz, harremanak areagotu ditu IOIrekin (International Ombudsman Institute), ENOrekin (EBko Ombudsmanaren Sarea), FIOrekin (Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioa), IALCekin (Hizkuntza Komisarioen Nazioarteko Elkartea), ENOCekin (Haurren Defentsa-erakundeen Europako Sarea), baita bi aldeko harremanak ere nazioarteko beste erakunde batzuekin eta Europako hainbat herrialdetako Ombudsmanekin.

Erakundearen buruzagitzan, hauxe du helburu nagusi: erakundea giza eskubideen eta herritarren askatasunen defentsan erreferente gisa sendotzea, eta euskal administrazio publikoen eremuan, araudia gizatasunez ezartzea, pertsonen (batez ere kalteberenen) egoeraren arabera interpretatuz.


Lotutako dokumentazioa

Manuel Lezertua, arartekoaren curriculum-a

Irudiak

Bideoak

Nor da arartekoa? (Manuel Lezertua)
من هو ararteko؟ (Manuel Lezertua)
Nor da arartekoa?