Ombudsmanen Iberoamerikako Federazioaren (OIF) Haur eta Nerabeen Sareak Estatuei dei egiten die Ukrainako haur eta nerabeen babes eraginkorra eta eskubideak bermatzeko

Arartekoak adierazpen instituzional horrekin bat egin du, gatazkaren bi alderdiei eskatzeko ekintza militarra bertan behera utz dezatela eta irtenbidea bide baketsutik bila dezatela.

Adierazpen instituzional baten bidez, Ombudsmanen Iberoamerikako Federazioaren (OIF) Haur eta Nerabeen Sareak Ukrainako milioika haurren babesa eskatzen du, baita gerra-egoerak edo gatazka armatuak bizi dituzten beste herrialde batzuetako haurrena ere.

Sareak gatazkan dauden aldeei eskatzen die ekintza militarra bertan behera utz dezatela eta konponbidea bide baketsuen bidez bila dezatela, modu horretan, haurren eta nerabeen bizitza, segurtasuna eta ongizatea arriskuan jar dezakeen ekintza oro saihesteko.

Herritarren eskubideak defendatzeko eta babesteko Iberoamerikako elkartea da (OIF). Bere jardueren burutzapena eta helburuen lorpena sustatzeko eta optimizatzeko, OIFk gaikako lan-sare batzuk ditu, hala nola Haur Nerabeen Sarea.

Sare horrek haurren eta nerabeen giza eskubideen babesa eta sustapena indartzen eta koordinatzen du, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat datorren ikuspegitik.


Gasteiz, 2022ko martxoaren 14ean


Lotutako dokumentazioa

FIO-UCRANIA adierazpena