Ombudspersonaren Iberoamerikako Federazioaren XXVII. Batzar Orokorra eta XXVI. Biltzarra

Giza Eskubideen aldeko erakundeak eta desberdintasun egoeran dauden pertsonen eskubideak bermatzea: zaurgarritasunaren ikuspegitik lehentasunezko arretaren ikuspegira

Inés Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoa Mexiko Hirian dago egun hauetan, Ombudspersonaren Iberoamerikako Federazioaren XXVII. Batzar Orokorrean eta XXVI. Biltzarrean parte hartzen.

Topaketa horretara joan diren herriaren defendatzaileak gai honetaz eztabaidatzen eta elkarri esperientziak adierazten ari dira: giza eskubideen aldeko erakundeak eta desberdintasun egoeran dauden pertsonen eskubideak bermatzea (desgaituak, indigenak, sexu- eta genero- aniztasunaren multzoko kideak, emakumeak, neskatoak, mutikoak, nerabeak, edadetuak, kalean bizi direnak edo migratzaileak).

Ines Ibáñez de Maeztu jarduneko arartekoak honako mahai-inguru honetan esku hartu du: “Babes sendotua lehentasunezko arreta behar duten taldeentzat”. Bertan aipatu du defentsa-erakundeek zer eginkizun duten LGTBI pertsonen giza eskubideak defendatzen eta babesten. 

Ibáñez de Maezturen esanean, “herrialde gehienek LGTBI pertsonen giza eskubideak aske eta berdintasunean baliatzeko oztopoak jartzen jarraitzen dutenean, pertsona horien eskubideak babesteak ez dakar berekin beraientzat eskubide bereziak ezartzea, baizik eta –oroz gain  beren eskubide guztiak gainontzekoek bezala baliatu ahal izango dituztela bermatzearen alde egitea”.

Azaldu duenez, nahiz eta Euskal Herrian LGTBI pertsonek legez erabat aitortuta daukaten beren eskubide-berdintasuna, sexu-joeran eta genero-identitatean aniztasuna bizitzeak larriki baldintzatzen du enplegu duin baterako, etxebizitzarako eta osasunerako sarbidea, beste eskubide batzuen artean.

Horregatik, Ararteko erakundeak lan egiten du Euskal Herriko administrazio publikoek LGTBI pertsonenganako edozein bereizkeria-arrazoi desagerrarazteko neurriak eta jarduerak indartu ditzaten sustatzeko. Eta talde hori bultzatzera, sustatzera eta horren gainean sentsibilizatzera bideratzen du bere jarduera.

Bere hitzaldia bukatzeko, jarduneko arartekoak adierazi du oso garrantzitsua dela giza eskubideen aldeko defentsa-erakundeen eta erakundeen mandatuan eta eginkizunean sartzea LGTBI pertsonen eskubideak argiro bultzatzea eta defendatzea. “Horretarako,  -esan du-  defentsa-erakundeok jarrera proaktiboa izan behar dugu, eta botere publikoei eskatu behar diegu ekintza positiboak eta neurri irmoak har ditzatela, LGTBI pertsonek benetako berdintasun eraginkorra lor dezaten gizarteko, ekonomiako eta kulturako eremu guztietan”.

JARDUNEKO ARARTEKOAREN HITZALDIA

Vitoria-Gasteiz, 2022ko abenduaren 1a