Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela eta Arartekoaren erakunde-adierazpena

Arartekoak nabarmendu nahi du erakunde honek beti arreta berezia eskaini diela buruko gaixotasuna edo nahasmendua (bere aldaera anitzetan) duten pertsonei, oso talde zaurgarria delako

Osasun mentala artatzeko, osasun-administrazioak ahalegin handia egin behar du, baina hori ez da nahikoa. Sistemen arteko koordinazioa ere ezinbestekoa da, batez ere gizarte arloan eta, zehazkiago, eremu soziosanitarioan, funtsezkoa baita arazo horri heltzeko orduan. Sektoreen arteko lankidetza sustatu behar da, batik bat osasun mentalaren gizarteko eta egiturazko alderdi erabakigarriak ulertzeko, eta arriskuak gutxitzeko behar den moduan esku hartzeko.

Alabaina, guztiok konprometitzea ere beharrezkoa da, elkarri konektatutako zerbitzuen sare komunitarioak ezarriz.

Baliabideak dira, botere publikoen konpromisoa da, baina baita ere arazoak, horien zergatiak eta beste zerbaitekin batera sorturiko zergatiak, buruko nahasmenduagatik sufrimendua eragiten duten elementuak, protokolo argiak izatea, ez bakarrik gaitz horiek behar bezala prebenitzeko, baizik eta baita ere gaixoei eta beren senideei laguntza enpatikoa emateko.

Osasunaren Mundu Erakundeak berak, munduko osasun mentalaz berriki egin duen txosten batean, bide-orri bat marrazten laguntzen digu, munduari osasun mentala eraldatzen laguntzeko.

Bere 3 gomendio azpimarratuko ditut:

1.    Osasun mentalari ematen diogun balioan eta konpromisoan sakontzea.

2.    Osasun mentalean eragiten duten inguruak berriz antolatzea: bizilekuak, komunitateak, eskolak, lantokiak, osasun-arretarako zerbitzuak edo inguru naturala.

3.    Osasun mentalari ematen zaion arreta indartzea, osasun mentalerako arreta eskaintzeko eta jasotzeko tokiak, moduak eta pertsonak aldatuz, ohiko buru-nahasmenduak (adibidez, depresioa eta antsietatea) artatzeko dauden aukerak areagotuz, horiek onura-kostu ratio oso altua baitaukate.

Ararteko erakundeak horrelako egoerei eskaintzen dien arreta dela eta, uda-ikastaro hau antolatu zuen: “Euskadin osasun mentalari ematen zaion arreta. Gaiari heltzeko eredua, dauden baliabideak, antzemandako beharrak eta sistemen arteko koordinazioa”, osasun mentala artatzeko orduan funtsezkoak diren faktoreak antzemateko, batez ere aurrea hartzea, arriskuak antzematea eta kontrolatzea, zerbitzuetarako irispidea, profesionalen arteko harremanak eta koordinazioa eta baliabide espezializatuetara bideratzea, eta beste eragile batzuekin eta komunitatearekin berarekin hitz egitea.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 10a