Osasun Mentalaren Munduko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena
2025eko urriaren 10a
Arartekoak azpimarratu du detekzio eta arreta goiztiarrak funtsezko garrantzia duela, haur eta gazteen artean sor litezkeen osasun mentaleko arazo berriei aurrea hartzeko
Osasun Mentalaren Munduko Eguna ospatzen dela eta, Ararteko erakundeak gogorarazten du nahasmendu mentalak eragindako desgaitasuna dutenek bereziki paira ditzaketela marjinazio, gizarte-bazterkeria eta bereizkeria egoerak, batez ere beraien estigmatizazioak sortutako ondorioengatik. Horren haritik, lanean jarraitu beharra dago, herritar batzuek oraindik ere buru-gaixoekin lotzen dituzten arriskugarritasun- eta iragarrezintasun-estereotipoak hausteko, jarrera negatiboak eta aurreiritziak deuseztatuz.
Orobat, gizon-emakume batzuek nozitzen dituzten gizarte-oztopoak (hala nola etxebizitza duinik ez izatea, lan-prekarietatea edo zerbitzu publikoak eskuratzeko zailtasunak), faktore garrantzitsuak dira gizarte-bazterketa jasateko arriskuan jartzeko, sufrimendua sortzen dute eta ondorio txarrak izaten dituzte talde horren buru-osasunean.
Bereizkeriarik ez pairatzeko eskubideak botere publikoak interpelatzen ditu, eta politika publiko konprometituak eta osoak garatzera behartzen du, diskriminazioari eta egiturazko desberdintasunari aurre egiteko.
"Inor atzean ez uztea" da, hain zuzen, Nazio Batuen 2030 Agendako printzipio nagusia; agenda horretako 3. helburua hauxe da: “Bizimodu osasuntsua bermatzea eta adin guztietan denon ongizatea sustatzea”.
Egun honetan, Ararteko erakundeak hauxe nabarmentzen du: bermatu egin behar da inori ez dizkiotela bere eskubideak kenduko edo, nahasmendu mentalak eragindako desgaitasuna izateagatik, inor ez dutela utziko bere osasunari buruzko erabakietatik kanpo.
Era berean, gaixotasun mental larria, oro har, haurtzaroan eta nerabezaroan hasten dela kontuan hartuta, Arartekoak azpimarratu nahi du detekzio eta arreta goiztiarrak funtsezko garrantzia duela, haur eta gazteen artean sor litezkeen buru-osasuneko arazo berriei aurrea hartzeko, adibidez, ziberadikzioari edo kalamua kontsumitzearekin lotutako nahasmendu psikotikoei.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 9a