Ostalaritza establezimenduetan musika kontzertu txikiak egin ahal izateko baldintzak arautuko ditu Bermeoko Udalak

Horrela, udalak Arartekoaren iradokizun bat onartu du, Euskal Herriko Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legean ezarritako baldintzen garapena arautu dezan.

Pertsona batek kexa egin zion Arartekoari Bermeoko ostalaritza establezimenduen sustatzaile batzuen izenean, izan ere, bere ustez, udalak behin eta berriz urratzen du zenbait jolas jarduera (antzerki lanak edo kontzertu txikiak) noizbehinka egiteko arauen ezarpena.

Haren esanean, Tokiko Gobernu Batzarrak 2017ko otsailean akordio bat onartu ondoren, Bermeoko Udalak hainbat jarduera egitea baimentzen du, sustatzaileei berariazko baimenik eskatu gabe edo horrelako jarduerak egiten dituzten lokalei aurrez eskatzen zaizkien lizentzietan horretarako babesik izan gabe.

Gainera, establezimendu horietako askok ez omen dituzte betetzen beharrezkoak diren gutxienezko baldintzak beren jarduera modu egokian gauzatzeko eta besteri eragozpenik ez sortzeko.

Beraz, haren iritzian, Bermeoko Udala legez kanpo baimentzen ari da noizbehinkako jarduera horiek egitea. Era berean, adierazi zuen ez zegoela konforme akordio hori onartzeko egin ziren udal izapideekin.

Azkenik, nabarmendu zuen udaletxean izandako azken bileran agerian jarri zela udalak oso gutxi ikuskatzen dituela herri horretako kirol portuan egiten diren jarduera eta ikuskizun publiko ugariak.

Kexa hori bideratzeko onartu ostean, Arartekoak zenbait gestio egin zituen Bermeoko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren Jolas eta Ikuskizunen Zuzendaritzarekin, jakin nahi baitzuen administrazio eskudunek zer izapide egin behar dituzten jendaurreko ikuskizunak eta jolas jarduerak aldizka egitea baimentzeko.

Informazio guztia aztertu eta gero, Arartekoak Bermeoko Udalari iradoki zion arautu dezala Euskal Herriko Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legean xedatutako baldintzen garapena, jarduera nagusiaren osagarri eta gehigarri gisa, kultura- eta gizarte-ekitaldiak, antzerki lanak edo musika kontzertu txikiak egin daitezen baimentzeko.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 26a

 


Lotutako dokumentazioa

Arartekoaren 2018S-2574-17 Ebazpena, 2018ko maiatzaren 7koa. Horren bidez, Bermeoko Udalari iradokitzen zaio ostalaritza establezimenduetan musika-kontzertu txikiak egitea ahalbidetzeko baldintzak arau ditzan, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jarduerei buruzko abenduaren 23ko 10/2015 Legearen xedapenekin bat.