Pertsona intersexualen eskubide berdintasunari buruzko Europako estandar berria
2025eko urriaren 7an, Europako Kontseiluak Pertsona intserxualen eskubide berdintasunari buruzko Ministroen Batzordearen CM/Rec (2025)7 Gomendioa onartu zuen. Gomendioak pertsona intersexualen eskubideak berdintasunez babesteko, errespetatzeko eta gozatzeko ikuspegi integral bat proposatzen du, eta Sexu-orientaziogatiko edo genero-identitateagatiko diskriminazioari aurre egiteko neurriei buruzko CM/Rec (2010)5 Gomendioa osatu eta zabaldu nahi du.
Gomendioak argi eta garbi eskatzen die agintariei baimendu gabeko esku-hartze medikoak debekatzen dituzten lege eta politika publikoak har ditzatela, eta bermatu dezatela haur intersexualen edozein esku-hartze atzeratu egingo dela beren kabuz erabaki ahal izan arte. Era berean, arreta medikoa jasotzeko aukera zuzena ematea gomendatzen du, bai eta bizitzako esparru guztietan pertsona intersexualen indarkeria, diskriminazioa eta bazterketa prebenitzea ere.
Europako Kontseiluak gomendioaren alderdi hauek nabarmendu ditu:
Pertsona intersexualen esperientzia, erronka eta ahultasun bakarrak ezagutzen ditu, diskriminazioa, estigmatizazio, marjinazioa, gizarte-bazterketa eta indarkeria barne, sarritan patologizazioan eta sexualitatearekin eta generoarekin lotutako estereotipoetan errotuak, ongizate fisikoari eta mentalari larriki eragiten diotenak.
Baieztatzen du pertsona intersexualen giza eskubideak berdintasunez babestu, errespetatu eta gozatzeko, ikuspegi integralak eta koherenteak behar direla, sektore guztietan egokiak diren legeria, politikak eta bestelako babes-neurriak barne hartzen dituztenak, modu eraginkorrean aplikatzen direnak eta aldian-aldian berrikusten direnak, datuen bilketaren eta azterketaren laguntzarekin.
Pertsona intersexualen eta haien erakundeen parte-hartzen esanguratsuaren garrantzia nabarmentzen du, Estatuen ahalegin iraunkorrekin eta maila guztietako erakunde eta gizarte zibileko lankidetzarekin batera.
Nazioko, Europako eta nazioarteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzen ditu, pertsona intersexualen berdintasunean eta duintasunean aurrera egiteko.
Gomendioekin batera aurkeztu ohi den azalpen-memorandumak nabarmentzen du Espainia dela tratamendu edo/eta ebakuntza mediko edo kirurgikoak murrizteko legeria espezifikoa onartu duen estatu kide bakarretakoa, ukitutako pertsona intersexualaren baimen espezifiko, oso, aske eta informaturik ez dagoenean (Transen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrari eta LGTBI Pertsonen Eskubideak Bermatzeari Buruzko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen 19. artikuluari erreferentzia eginez). Azpimarratu du, halaber, Espainia dagoela pertsona intersexualak esplizituki babesten dituen herrialdeen artean, sexuaren ezaugarria babestutako arrazoi gisa hartuta, diskriminazioaren aurka enpleguan, bai eta ondasunak eta zerbitzuak ematean ere.