Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoaren erakunde-adierazpena

Urriak 17

Urtero, urriaren 17an, Pobrezia Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna oroitzen da. Egun honetan, Arartekoak ohartarazi du gizarte-desberdintasuna areagotu egin dela Euskadin, eta nabarmendu du egiturazko aldaketa sakonak egin behar direla gizarte-desberdintasunak handiagoak izan ez daitezen. Nazio Batuek ezarritako eguna da, pobreziaren ondorioez kontzientziatzeko eta pertsonen duintasunaren, askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borrokan laguntzeko. 

Pertsonen duintasunaren, askatasunaren eta berdintasunaren aldeko konpromiso irmoak, ezinbestez, ekonomia arloko senidetasunari lotuta joan behar du. Baliabide ekonomikoen kontzentrazioa geldiarazteko, politika publikoak behar dira, eta kontzentrazio horri aurka egingo dion esparru juridikoa. Giza eskubideak, ingurumenaren kutsadura edo biztanle, herrialde eta kontinente osoak miserian murgiltzea kontuan hartu gabe, onura ekonomikoa bilatzea dagoeneko ez da jasangarria, ez gizarte mailan ez politika mailan.

Gizartea babesteko euskal sistemari esker, pobrezia larriko egoerak saihestu ahal izan dira Euskadin, eta aurre egin zaio gizarte-bazterketa pairatzeko arriskuari.

Diru-sarrerak Bermatzeko Lege berriak eta Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera transferitzeak Euskadiko kalteberatasun ekonomikoko edo lan-prekarietateko egoera guztiei erantzun beharko liekete, Nazio Batzuetako pobrezia larriaren eta giza eskubideen arloko errelatore bereziak, Olivier De Schutterrek, 2022ko apirilaren 19ko txostenean adierazitakoaren arabera. Berak proposatzen du gizarte-babesa giza eskubide moduan berrazter dadila, eta ez karitate-egintza gisa.

Txirotasuna desagerrarazteko, gizarte-transferentziez gain, beharrezkoak dira bereizkeriaren eta gizarte-desberdintasunaren kontra borrokatzeko neurriak, pertsona guztiek prestakuntza kualifikatua, kalitateko lana edo bizileku seguru eta egokia izateko aukera izan dezaten, alde batera utzita generoa, etnia, nazionalitatea, adina, dibertsitate funtzionala edo osasuna, kalteberatasuneko eta gizarte-bazterketako egoerak sortzen dituzten alderdi erabakigarrien artean.

Europako Batzordeak 2022ko irailaren 28ko Kontseiluaren gomendioan adierazi duenez, egiaztatu du Europan ugaritu egin direla pobrezia-arriskuan dauden pertsonak, aitortu du gizarte-transferentzien eragina murriztu egin dela, eta azaldu du itxialdiaren ondoriozko neurriek gehiegi eragin dutela emakumeengan eta kalteberatasun-egoeretan. Horregatik, zenbait neurri proposatu ditu gizarte-bazterketa nozitzen duten edo nozitzeko arriskuan dauden edo soldata eskasak dituzten pertsona guztiei gutxienezko diru-sarrerak bermatzeko, baita enplegurako eta gizarteratzeko politika aktiboak ere.

Ildo horretan, Arartekoak administrazio publikoei eta gizarteari eskatzen die, batez ere gehien daukatenei, senidetasunez eta elkartasunez baldintza batzuk eraiki ditzatela, pobreziaren zirkulua hautsi dadin eta gizarte-berdintasunaren eta duintasunaren bidean aurrera egin dadin.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urriaren 16a