Trafikoko zigor bat bertan behera utzi dute gidariaren errugabetasun presuntzioa eta defentsa eskubidea ez errespetatzeagatik

Gidari batek Ararteko erakundearen esku-hartzea eskatu zuen Santurtziko Udalak zigorra ezarri ziolako Udaltzaingoko agente batek haren ibilgailuaren kontra jarri zuen salaketaren ondorioz. Salaketaren arrazoia "elbarriek bakarrik erabiltzeko eremuan aparkatzea" izan zen.

Kexagileak azaldu zigunaren arabera, haren ibilgailua behar bezala aparkatuta zegoen erreserbatutako plazaren aurrean eta plaza horretan beste ibilgailu bat zegoen aparkatuta. Horrez gain, azaldu zuen zigortzeko prozeduran aipatutako inguruabarra argudiatu zuela eta esan zuen guztia egiaztatzen zuten zenbait argazki aurkeztu zituela. Halaber, erreserbatutako plazaren eta haren ibilgailua aparkatuta zegoen tokiaren aurrean kokatuta dagoen negozio baten jabearen lekukotza biltzeko proposamena egin zuen.

Gidaria kexatu zen udalak haren alegazioak salaketaren egiazkotasun-presuntzioan oinarrituta ezetsi zituela eta ez zuela aintzat hartu aurkeztu zuen argazki-froga, ezta proposatu zuen lekuko-froga egin ere. Kexagilearen iritziz, argazki-frogak salaketaren egiazkotasun-presuntzioa indargabetzen zuen eta lekuko-frogak ere baliogabetuko zukeen presuntzio hori, egin izan balitz.

Santurtziko Udalak helarazi zigun informazioa behin aztertuta, uste dugu interesdunak bere defentsa oinarritzeko aurkeztu zituen frogen gaitzespenak ez dituela konstituzioan ezarritako errugabetasun-presuntzioa eta defentsa eskubidea errespetatu eta, horrenbestez, zigorra bertan behera utzi beharko litzatekeela.

Udalak jakinarazi digu gure balorazioa onartzen duela eta, ondorioz, zigorra bertan behera utziko duela eta interesdunari zigorra betearazteko bahitu zion zenbatekoa itzuliko diola.


Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 8a